Babestutako edukia

Aldaketetara egokitze bidean

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 23a, 11:58

Ikasle autonomoak, konprometituak eta sortzaileak izateko egiten dute lan Herrikideko langileek;  datorren ikasturterako San Frantzisko pasealekuko eraikina egokituko dute haur eskola handitzeko.

Hezkuntza aldatzen doan heinean, haren inguruan dagoena ere egokitzen ari da behar ezberdinetara. Horrela ari dira Herrikide ikastetxean. Filosofia bera jarraituz eta lan egiteko modua mantenduz, hurrengo ikasturtean, haur eskola fisikoki lekuz aldatuko da; San Frantzisko pasealekuko eraikina egokituko dute Gainberriko zerbitzua bertan eman ahal izateko. Uda honetan egingo dituzte espazioa egokitzeko lanak eta irailerako prest izango dute.     

Aldaketa «fisikoa» soilik dela dio Ane Lasa 0-3 urte artekoen arduradunak. Izan ere, irakasle eta hezitzaile berdinek jarraituko dute lanean eta lan egiteko modua ere bera izango dela baieztatu du. «Aldaketa pedagogikoek instalazioen egokitzapena eskatzen dute, eta horretarako momentua dela ikusi dugu, prozesu pedagogikoari hobeto erantzuteko», dio Lasak. 

Ikasturte berrirako prest jarri nahi dute guztia. Espazio berriak egokituko dituzte, bai eraikin barnean aldaketak eginez eta baita kanpoko eremua egokituz ere. Hori aurrera eramateko, irakasle eta gurasoen iradokizunak jasotzen ari dira ikasturte honetan. 

Jaioberritatik Lehen Hezkuntzara arte eraikuntza bakar batean egotea egoki ikusten du Pello Agirrezabal 3-12 urte artekoen zuzendariak: «Erraztu egingo du funtzionamendua». Klaustro «oso-oso egonkorra» dutela diote, eta horrek formazioa taldean egitea ahalbidetzen dietela azaldu dute.     

Azken urteetako tendentzia da ikastetxeak berritzailea behar duela izan, eta horretarako, obrak egin behar direla. Hala ere, Agirrezabalek argi du beraien abiapuntua zein den: «Gure filosofia izan da horma fisikoak bota aurretik, gure buruan ditugunak bota behar ditugula». 

Behin buruko hormak botata, beharren araberako espazioak sortzea da asmo nagusia Lasaren arabera: «Espazio batek erabilera ezberdina izatea nahi dugu, beraz, ez ditugu espazio guztiz irekiak planteatzen; aukera utzi nahi dugu horma mugikorrak ireki eta espazio handi bat izateko, edota beste ekintza batzuetarako espazioa itxi eta eremu txikiagoak bilakatzeko». 

Txikienen kasuan, mugimenduari ere garrantzia ematen diote, izan ere, Lasaren ustez, «txikienek mugimenduaren bidez ezagutzen dute ingurua». Adin tarte guztientzat moldatuko dituzte gaur egun dituzten espazioak zein udan egingo dituztenak.    

Sareak osatuz

Azken urteetan aldaketa asko izan dituztela diote arduradunak eta zuzendariak. «Neurozientziak ekarpen asko egin dizkigu», azaldu du Lasak. «Gaur egun, edukiek baino, beste gauza batzuk askoz pisu handiagoa daukate». Prozesua emaitza baino garrantzitsuagoa bilakatu dela dio, eta bide horretako helburua interesa eta gogoa sortzea dela azaldu du. Herrikiden ikasle «autonomoak, konprometituak eta sortzaileak» nahi dituzte.  

Ikaslea dute ardatz ikastetxean, eta bereziki 0-6 urte arteko etapa garrantzizkotzat dute. «Hain txikiak direnean, oso zaurgarriak dira, beraz, segurtasuna asko zaindu behar dugu, bai segurtasun fisikoa eta baita afektiboa ere», azaldu du Lasak. Haurraren bueltako ingurua aztertu eta familia eta hezitzailearekin batera sortzen den hirukia «oso-oso ondo» uztartu behar dela dio. Sare hori osatzeko, adibidez, haurra ikastetxera eramaten duenak, une horretan edo haurra hartzerakoan, aukera du tutorearekin hitz egiteko edota haurrarekin denbora tarte batean jolas egiteko. «Ateak beti ditugu zabalik». 

Sorkuntza, beharrezko

0 eta 6 urte arteko haurrek, mugikortasunaz gain «sorkuntza dute eguneroko tresna», Lasaren esanetan. «Edozein egoerari aurre egiteko pentsatu, sortu egin behar dute haurrek». Herrikideko irakasleen lana haurrei egoera ezberdinak planteatu eta beraien prozesua eraikitzean datza. 

Urte tarte hori, garunaren plastizikotasunaren «momentu garrantzitsuena» da Lasak azaldu duenez. Genetikaz gain, inguruak ere pisu handia duela dio. «Garrantzia du zer ingurutan garatzen den haurra, eta ez fisikoki soilik, baita emozionalki ere». Herrikideko ikasleak munduari ekarpenen bat egingo diotenak izatea nahi dute irakasleek; «konprometituak izatea, aktiboak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!