Kellesensa GKE-ari lagunduko dio laugarren elkartasun txotxak

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 23a, 11:59

Datorren urtarrilaren 31n Zerkausia hartuko du, Tolosako Casino elkarteak antolatutako IV. elkartasun txotxak; Nerea Eizagirrek eta Irene Caminosek zabalduko dute ekitaldia.

Elkartearen jarduerei elkartasun ikuspegia emateko gogotik sortu zen, Tolosako Casino elkartean, elkartasun txotxa antolatzeko lehen txinparta. Proiektuaren arrakastak bultzatuta, heldu dira laugarrena antolatzera, eta datorren urtarrilaren 31 hartuko du egitasmoak. Aurten, Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundera bideratuko dituzte irabazi ekonomikoak. 

Casinon bertan egin zuten IV. elkartasun txotxaren aurkezpena eta, Koldo Butron elkarteko kideak azaldu zuenez, Tolosako nahiz kanpoko jendea erakartzen du hitzorduak. Bide horretan, ikuspegi sozialaren lanketari bultzada bat emateko, aurpegi ezagunak gonbidatzeari ekin zioten duela zenbait urte.

Juan Martinez de Irujo pilotariak, Julen Lopetegi entrenatzaileak eta 1980ko Realeko jokalariek parte hartu izan dute elkartasun txotxean, eta aurtengoak bi tolosar izango ditu protagonista: Nerea Eizagirre futbolaria eta Irene Caminos trial txirrindularia. Kike Mokoroa Casinoko lehendakariak azpimarratu zuen, eurentzat «ohore handia» izango dela bien parte hartzea: «Asko eskertzen diegu, segituan baiezkoa eman baitziguten; hurrengo urtekoa berriro antolatzeko indarra ematen digu horrek». 

Hilaren 31ko afaria azken hiru urteetakoen antzekoa izango da, eta 20:30ean ekingo diote otorduari. Horren aurretik, dena den, Pintxotx gunea zabalduko dute bertaratu nahi duten guztientzat: sagardoa eta kroketa iberikoa dastatu ahal izango dira euro batean, 18:30etik aurrera. 

Menuak, berriz, ez du inor epel utziko, Xabier Martinez sukaldari eta Casinoko kideak azaldu zuenez: «Urtero berritzen saiatzen gara, eta elikagai enpresekin elkarlanean aritu gara aurten ere; laguntza handia jaso dugu, egia esan». Txistorra berezi batek zabalduko du elkartasun txotxeko otordua, eta mokadutxo lanak egingo ditu Joxemari Barriolaren produktuak. Ondoren, Zergoxoren marisko krema izango dute sarrerako moduan, eta bakailao tako eta piperradak osatuko dute lehen platera. Bukatzeko, Goyako txuleta dastatuko dute, sagardotegiari dagokion moduan. 

Afari txartelak eskuragarri daude, jada, 30 euroan, Casinon bertan, 19:00etatik 20:00etara bitarte, edo Xare tabernan. 250 afaltiarrentzako lekua izango da Zerkausian. Afaria amaitutakoan, musika eta oparien zozketak izango dira. 

Senegalerainoko txotxa

Zaporeak, Ibarratik Misio Taldea eta Etiopia-Utopia izan dira, Casinoren txotx solidarioak lagundutako erakundeak. Hilaren 31koarekin, berriz, Senegalera begira jarriko dira, Kellesensa Gobernuz Kanpoko erakundea diruz lagunduz. 

Juan Kerejeta elkarteko kideak izenaren esanahia azaldu nahi izan zuen, zehaztuz, Kelle herri senegaldar bat dela. «Osasun arloko hainbat pertsona elkartu, eta erakundea sortu genuen, Kelle komunitatean bizi ohitura osasuntsuak sustatu eta ahalbidetzeko asmoz; denborarekin, hezkuntza eta komunitate kontuetan ere eragin nahi izan dugu». 

Kellesensak hiruzpalau urte daramatza lanean, baina, beren ideia eta proiektuak garatu ahal izateko, baliabide ekonomikoak ezinbesteko tresna dituzte, eta elkartasun txotxeko bultzada ezinbestekotzat jo zuen Kerejetak. 

Eskualdeko sagardogileen zukua dastatzeko eguna

Tolosa Gourmet zigiluaren aterkipean, eskualdeko sagardogileek urteak daramatzate sagardoaren eta sagardogintzaren kultura sustatzeko. Bada, Casino elkarteak antolatutako elkartasun txotxak bat egiten du asmo horiekin, eta eskualdeko sagardogileen sagardo zukua hitzorduaren erdigune izango da.

Aburuza, Zabala, Begiristain, Goikoetxea, Eguzkitza, Isastegi eta Sarasolako sagardoek hartuko dute Zerkausia, eta, horrekin batera, bi afari txartel zozkatuko dituzte afaltiarren artean. 

Joseba Lasa Isastegiko ordezkariak iragarri zuen, datorren otsailaren 1ean Tolosako garai bateko sagardotegiak ezagutzeko aukera izango dela, bisita antzeztuen bitartez. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!