"Niretzako bizitza estilo bat da mendian korrika aritzea"

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 22a, 19:57

Tolosako kirolari onenaren saria jaso du Iturriak, «ilusio handiz». Saririk jaso izan ez balu ere, mendian korrika egiten jarraituko lukeela dio: «Gustura egiten dut».

Tolosako Kirol Galan jaso du Ane Iturriak (Tolosa, 2001) azken bi urteetako kirolari onenaren saria. Besteak beste, iazko mendi lasterketako junior mailako Munduko Txapelketan bigarren postua lortu zuen proba orokorrean, eta laugarrena kilometro bertikalean.

Espero zenuen saria jasotzea?

Ez, ez nuen espero. Aukera bazegoela bai, baina ez nuen pentsatzen azkenean niri emango zidatenik.

Ikusita zer lortu duzun azken bi urteetan, zein da zure asmoa aurtengorako?

Espainiako Txapelketak egitea da lehenengo asmoa, bai proba orokorra eta baita bertikala ere, aurreko urtean bezala. Eta ondoren, ahala bada, Munduko Txapelketara joan. Bestela, ez zait gustatzen planifikatzea, sortu ahala erabakitzen dut.

Atzera begiratuz, ze proba duzu gogoan?

Proba asko gustatzen zaizkit, baina bat aukeratzekotan Munduko Txapelketa bera esango nuke. Asko gustatu zitzaidan, oso mendikoa zelako, ez hainbeste korrika egitekoa, eta parte tekniko asko zituen, kateekin eta harriekin, eta gainbehera askokoa zen. Polita izan zen.

Norbaiti eskaini nahi diozu lortutako txapela?

Lehenbizi nire familiakoei; asko laguntzen didate eta beraiekin joaten naiz bidaietara. Gero, lagunei ere bai. Azken finean ingurukoei, baina batez ere familiakoei.

Berezia izango da horrelako sari bat jasotzea, kirolariz beteriko Leidor aretoan, ezta?

Niri ilusio handia egin dit.

Eta indar gehiago emango dizu aurrera begira?

Berdin-berdin jarraituko nuen. Nik entrenamenduak ez ditut karga bat bezala hartzen. Niretzako bizitza estilo bat da, eta nahiz eta ez lehiatu berdin-berdin joango nintzen mendira. Gustura egiten dudan gauza bat da eta gainera horrelako sariak jasotzen badituzu, poz handia ematen du.

Neguko denboraldian mendiko eskian ere lehiatzen zara.

Lasterketa bat edo beste egiteko asmoa dut. Mendiko eskian aritzea mendi lasterketetarako prestaketa moduan hartzen dut. Beti korrika aritu beharrean, mendiko eskian aritzea ere gustatzen zait; teknika asko falta zait, baina saiatzen naiz.

Eta mendi lasterketei dagokionez, zein duzu orain jomugan?

Espainiako Txapelketa bertikala; uste dut martxoan dela, baina ez nago guztiz ziur. Egutegiari ez diot hainbeste begiratzen.

Kirolari onenaren saria jasotzean, mendian Heidi bezala sentitzen zarela esan zenuen.

Bai, hala da. Txikitan ikusten nuen telesaila eta identifikatuta sentitzen naiz. Gustura sentitzen naiz mendian korrika.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!