Bildutako dirua Baltistanera

Ataria 2020ko urtarrilaren 22a

Tolosako hainbat elkartek bildutako dirua Baltistan Fundaziora bideratuko da; fundazioaren lana erakutsiko dute Leidorren gaur.

Aralarko Adiskideak, Laskorain Ikastola, Zumardia eta Bidaiarien Txokoa elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte azken hilabeteetan, eta horietan bildutako dirua Baltistan Fundaziora bideratuko dute. Hala, gaur bertan Leidor aretoan izango den saioan l Karakoram mendietan kokatutako zonalde honetan nola bizi diren, eta fundazioak nola egiten duen lan bertatik bertara ikusteko aukera izango da. 20:00etan hasiko da saioa, eta bertan izango dira Alberto Iñurrategi mendizalea eta Baltistan Fundazioko kidea eta Pedro Ibarra eta Txaro Otxandorena fundazioko ordezkariak eta Shazia Baltistango herritarra.

Josu Iztuetak azaldu moduan, Tolosan eginiko hainbat ekimenetan 10.000 euro inguru bildu dira. «Diru hori fundaziora zuzenean bidal zitekeen transferentzia bitartez, baina, emanaldi honen bitartez nahi izan dugu jendea konturatzea eta ikustea laguntza txiki hori noraino doan eta zer lortzen den horrekin. Besteak beste, Baltistan Fundazioak laguntzen duen hezkuntza proiektuan parte hartzen duten neska-mutilei arpegia jarri nahi diegu».

Ekitaldiak fundazioaren lana erakutsi nahi du, eta horrekin batera, «eskerrak eman, errekonozimendua adierazi eta hangoa eta hemengoa gerturatzea» ere badituela helburu bezela dio Iztuetak.

«JENDEA BERTAN BIZI DA»

Tolosarrak gogoratzen du Baltistan ingurunea zortzimila metroko gailurrengatik dela gure artean ezaguna. «Mendi horiek igotzeko erronka izaten dute mendizale askok, baina, ez da ahaztu behar baldintza gogor haietan jendea bizi dela». Hain justu, herritar horiek nola bizi diren, eta bertan fundazioak dituen proiektuak erakusten dituen dokumentala izango da gaurko saioan ikusgai, eta ondoren, bertako herritar batekin eta Baltistanen lan egiten duten fundazioko kideekin solasaldia izango da.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!