Argazki galeria

Lasterka berotu dira haurrak, Ero Etxe elkartearen 33. krosean

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko urtarrilaren 19a

Ero-Etxe elkarteak antolatzen duen krosaren 33. edizioa ospatu da, eguerdian, Tolosako kaleetan, haur askoren parte hartzearekin. Gaur, gainera, korri egitea izan da giro hotzetik babestu, eta berotzeko erremediorik onena.

Eguraldi ona egiten bazuen ere, tenperatura baxua eta haize hotza izan dira nagusi, goizean, San Frantzisko ibiltokian, eta inguruetan. Horri aurre egiteko, baina, erremedio bikaina aurkitu dute eskualdetik nahiz Gipuzkoako beste herri batzuetatik bertaratutako ehunka haurrek. Ero Etxe elkartearen 33. krosa ospatu baita gaur.

Urtarrileko hirugarren asteburuan ospatu ohi den lasterketa izaten da. Urte berria hasterako, beraz, egutegian gorriz markatuta izaten dute gaurko eguna ume askok, tradiziozko hitzordua bilakatu baita. Gehienak Tolosakoak eta eskualdekoak baziren ere, Gipuzkoako herri desberdinetako ikastetxeetatik ere hurbildu dira lasterkari batzuk.

Benjamin, alebin eta infantil mailako neskek eta mutilek hartu dute parte. Benjaminek itzuli motz bana egin dute (1.100 metro); alebinek, berriz, itzuli luzea (1.400 metro); infantilen kasuan, ibilbide desberdina osatu dute. Neskek, itzuli motzari eta luzeari buelta bana eman dizkiete (1.950 metro). Mutilek, berriz, bi aldiz egin behar izan dute itzuli luzea (2.800 metro).

Guztira, 500 haurretik gora aritu dira lasterka, San Frantzisko ibiltokian, Foruen Etorbidean, Zumalakarregi kalean, Trianguloan, eta Korreo eta Arostegieta kaleetan. Behin lasterketak amaituta, sariak banatzeko unea heldu da. Lasterketa bakoitzeko laugarren sailkatuak, Shanti Kirolak dendako produktuen poltsa eskuratu du. Lehen hiru sailkatuei, berriz, garaikur bana eman diete, eta kategoria bakoitzeko azkarrenari, baita txapela eta lore sorta ere. Joana Zubelzu elkarteko kidea eta Joxe Mari Villanueva kirol zinegotzia aritu dira sariak banatzen.

Egun osoan zehar, Ero Etxe elkarteko bazkideez osatutako 60 laguneko talde bat ari da lanean, guztia prestatzen eta aurrera eramaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!