«Oso garrantzitsua da udaberriko belarra; garai horretako gazta da onenetarikoa»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 19a, 11:10

Tere Olano eta Pedro Zuzuarregi Tolosako Martin Txiki baserrian bizi dira, eta duela 20 urte egin zuten artzaintzatik bizitzeko apustua.

Duela hogei urte ekin zioten bizimodu berri bati Tere Olano eta Pedro Zuzuarregi artzain tolosarrek. Zuzuarregik, fabrikako lana utzi zuen Olano bikotearekin batera artzaintzatik bizitzeko. Zuzuarregik pasioz bizi ditu baserria eta ardiak, eta Tolosako Martin Txiki baserrian bizi dira. Izen bereko gazta ekoizten dute. 

Nolakoa zen zuen ume garaiko baserria?  

Pedro Zuzuarregi: Eskolara oinez joaten ginen, eta gogoan dut amak nola behor baten gainean esnea edota babarrunak eramaten zituen saltzeko; baserrian ekoizten genituen produktuak. Zazpi-zortzi bat behi eta idi parea egoten ziren baserrian, eta txerriren bat. Errepiderik ez zen, eta oinez joaten ginen. 

Tere Olano: Lau behi, bi idi eta asto bat zeuden gurean. Astoa ganaduaren jatenak ekartzeko etxera, eta gehienean, bi txerri. Soroan lan asko egiten zen; artoa, erremolatxa, patata eta babarruna asko egiten ziren.

Gazte garaian, ordea, ez zenuten egin baserritik bizitzeko hautua. 

P.Z.: Bai, ni 17 urterekin Perot izeneko fabrika batean hasi nintzen lanean, eta 40 urteak bete arte bertan aritu nintzen. 23 urte egin nituen. 

T.O.: Sei senide ginen nire kasuan, eta ni gazteena. Zaharrena etxean zegoen jada, eta ni kanpora atera nintzen.

Baina bizitzako momentu batean, guztia utzi, eta baserritik bizitzea erabakitzen duzue. Nolatan?

P.Z.: Ardi batzuk eta larre behi batzuk bagenituen. Tere gazta batzuk egiten ere hasi zen, eta kalkulu batzuk egiten hasi ginen posible ote zen. Berastegin gaztagintzako ikastaro bat jarri zuten, eta Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroatik etorri zen jendea, eta Tere ere hor izan zen. Bertan hobeto ikasi, eta orduan erabaki genuen. Hor ezagutu genituen Berastegiko Andres Etxeberria eta Rosa Katala; artzaintzan zebilen bikotea zen. Beraiek jarri gintuzten artzaintzarako bidean, beraien aholkuekin.  

T.O.: Hasieran 2-3 gazta egingo nituen, etxean ardi gutxi genuen-eta. Nire jaiotetxean behin ere ez nuen ikusi egiten. Batek gauza bat, eta besteak beste era bat esaten zidan gaztak egiteko. Beraz, Berastegin ikastaroa jarri zutenez, bertara joan nintzen. Hasiera hor izan zen. 

Beraz, Berastegin ikasi zenuen gaztak egiten?

T.O.: Bai, baina gero ere gauza gehiago ikasten jarraitu behar duzu. Baina hasierako ikastaroa, bai, hor egin nuen.  

Zuentzat giltzarri izan ziren Berastegin antolatutako jardunaldiak?

T.O.: Bai, baliteke. Eta Pedrok esan duen moduan Andres Etxeberriak asko animatu gintuen. Bera aspalditik zen artzaina, eta gure baserrira etorri zen ikustera, eta zer jarri eta nola azaldu zigun. Aurrera ateratzeko modua bagenuela esan zigun, eta Pedrori asko gustatzen zitzaion, eta orduan ni gaztak egiten hasi nintzen. Lan polita da gaztak egitea, eta horrela izan zen hasiera.

Zure nahia zen, beraz, Pedro, baserritik bizitzea?

Martin Txiki baserria. E.MAIZ

P. Z.: Bai, hasieran bai. Nik bokazioa nuen honetarako. Nire gogoa zen, eta probatu egin behar genuela pentsatu genuen. Esan bezala, Andresek eta Rosak asko lagundu ziguten, eta hasieran hartan eguneroko bat egin ziguten egun bakoitzean zer egin behar genuen zehaztuz. Eta zalantzarik bagenuen beraiei galdetzeko esaten ziguten. Asko lagundu ziguten.

Gazta guztiak eskuz egiten dituzu, Tere. Azaltzerik bai, gazta batek zein lan eskatzen duen?

T.O.: Hasteko esnea berotu egin behar duzu, eta esne-hartzigarri batzuk bota behar dizkiozu. 30-31 gradutara igo eta gatzagia botatzen diot. Normalean etxeko gatzagia erabiltzen dut, arkumei-eta kendutakoa. Gogortzen utzi behar duzu, hau da, gatzagia hartzen, ordu erdi batez edo gutxi gorabehera. Behin esnea gogortuta, moldeek duten tamainara mozten dut. Koadro bakoitza moldean sartzen dut, eta trapu batean bildu eta moldean eramaten dut prentsara. Prentsan sei, zazpi edo zortzi ordu eduki behar duzu; eskatzen dizuna. Azidotasun edo garraztasun konkretu batekin atera behar duzu. Baina denboraldiaren arabera ezberdina izan ohi da; udaberria, negua edo udara hasiera den. Egunero ateratzerako begiratu egin behar diozu zein garraztasun duen, edo zein PH duen.

Hor dago gazten sekretua?

T.O.: Bai, handia. Azidotasun handiegiarekin ateratzen baduzu, gazta garratzegia ateratzen da. Edota bestela, bere falta du. 

Hortik salmuerara –ura gatzarekin– pasatzen dut. Honek ere bere neurri konkretua behar du. Bertan hamabi bat orduz edukitzen dut gazta; gehiago edo gutxiago izan daiteke. Gaztak duen pisuaren arabera. Guztiak ez dira berdin-berdinak ateratzen. Eta behin hortik, ura kentzeko ateratzen dut, eta denboratxo batera hozkailura sartzen dut gazta. Hori da egun bakoitzeko lana, baina gero, gaztak behartzen du bakoitzari buelta ematera. Lehen egunetan egunero eman behar diozu, gero astean hiru-lau egunetan, eta gero begiratu behar diozu zein hezetasun duen hozkailuak. Hozkailuak hezetasun gehiegi badu gehiegi formatzen da, eta gutxiegi badu lehortu egiten da.   

Tere Olano, eskuinean, bezero batekin hizketan. E.MAIZ

Gaztaren gainean egon beharra dago. 

T.O.: Beti gainean egon behar da. Bi hilabetetan gainean egon behar duzu, eta behin bi hilabete pasata, saltzen hasi zaitezke; lehenago ez.

Bi hilabete behintzat pasa behar dira gazta bat jaten hasteko? 

T.O.: Bai, hori dudarik gabe. Batzuk gazta berri horren zain egoten dira. Beste batzuei, zaharra gustatzen zaie. Denak ez dira segituan saltzen, eta gazta batzuk zahartzen joaten dira. Batzuk, esaterako, lau hilabeteko edo sei hilabeteko  gaztaren bila etortzen dira. Baldin badago ondo. Bi hilabetekoak gaztaren zapore gutxi du, esnearena duela esango nuke. Gero, gorputza hartzen doa, eta gazta zaporea hartzen; zenbat eta zaharragoa izan zapore gehiago izango du.     

Egunean zenbat gazta egin ditzakezu?

T.O.: Lau bat hilabetean egunero egiten dut gazta. Bestela, bi egunean behin. Egunero eginez gero, gutxiago egiten dituzu; hogeita hamar exkax. Bi egunean behin eginda, 38-40 bat. Hortik aurrera ez, ez daukat prentsa gehiagorik.

Nahikoa badira, ez?

T.O.: Bai, bakarrik egiteko nahikoa badira. Gero gauza guztiak garbitu egin behar izaten dira.

Noiz da gaztak egiteko garaia?

T.O.: Negua eta udaberria gehienbat. Ni urtarrilaren 3-4 aldera hasten naiz gaztak egiten, eta abuztuaren erdi aldera bukatzen dugu, edo aurreraxeago. Hasieran gutxiago izaten da, ardiek ere umeak gutxiago egiten dituzte; eta umeak egin ahala udaberria izaten da gehienekoa: martxoa, apirila eta maiatza. Gero, berriz ere, gutxiagotzen joaten dira, eta gainera, larrera ateratzen dira ardiak, eta belarra jaten hastean esneak aldaketa bat izaten du. Udaberriko belarra oso garrantzitsua da, eta nik uste dut garai horretako gazta dela onenetarikoa.

Esan ezin den sekreturen bat izango duzu?

T.O.: Ez, ez. Sekreturik ez daukat. Nahiago nuke neronek sekretua edukiko banu!  

Ibilbide guzti honetan sari bat baino gehiago jaso duzue. Lanean jarraitzeko indarra ematen du?

T.O.: Beti ematen dizu. Uste gabean etortzen dira. Saririk lortzeko intentziorik gabe, gazta guztiak berdin egiten ditut. Eta saritua izateak, horrek ematen dit niri pozik handiena.

Zuen ukuilura sartuko bagina, zer ikusiko genuke?

P. Z.: Urte garai honetan, azarotik hasita, gutxi gorabehera, kanpoan biltzen dutenaz aparte, goizean jan pixka bat ematen diegu ardiei. Gauean etxean sartzen ditugu, eta goizean eta gauean zereal pixka bat eta belar ondua ematen diegu, kanpoan jaten dutenaren osagai moduan. Eta egunez, berriz ere kanpora ateratzen dira.  

Egun euritsuetan ere kanpora ateratzen dituzue?

P. Z.: Eguraldi txar-txarra denean ordu gutxiagoz ibiltzen ditugu, baina atera egunero egiten ditugu. Ateratzen ez badira marruka hasten dira. Beraiek kanpora atera nahi izaten dute, nahiz eta, eguraldi txarra denean sartzeko gogoa izaten duten berriro.  

Ardiek arkumeak ere izango dituzte.

P. Z.: Lehen azaroaren 10 aldera hasten ziren erditzen, eta orain hilabete atzeratua dugu. Esnea produzitzeko hobea da. Erditzen dutenetik kanpoan larrean hasten diren bitarteko epea motzagoa izaten da. Kanpoan, larrea etortzen denean hasten dira, hau da, otsailaren azken aldera. Esne gehiago ematen dute abenduaren erdi aldera erdituz gero. 

Artzainak ezin omen du esan zenbat ardi dituen baina, zenbateko artaldea duzue gutxi gorabehera?

P. Z.: Gaur egun guztiak kontrolatuta daude. Gu Gipuzkoako Artzain Elkartean gaude eta denak daude beraien kotral edo belarritakoarekin, eta txiparekin. Kontrol pila bat pasatzen dituzte, eta guk momentu honetan 180 bat ditugu. Lehen gehiago genituen. 255 bat ardi edukitzen genituen, baina orduan genetikoki ere baxuagoak ziren eta esne gutxiago ematen zuten. Eta aparte nire adina ere gora doa, jada 67 urte baditut eta lanerako ahalmen gutxiago daukat. 

Ardiak zaindu eta gaztak egiteaz gain baserrian lan gehiago bada. Zein lan egin behar izaten dituzue?

P. Z.: Urte guztia hartua izaten dut. Udazkenean lasaiago ibiltzen naiz, baina baserriak basoak ere baditu, eta ordutegi berdintsua izaten dut lanerako. Esne kalitateak asko behartzen du lanak ondo egitera, eta negu eta udaberriak lan gehiago eskatzen dute. Udan belar ontzen ere aritzen gara, eta udazkenean batez ere, baso lanetan aritzen naiz.

Negurako belarra jaso behar. 

P. Z.: Udaran bai. Hamar bat mila kilo izaten dira belar ondua.

Ardiek beste lan bat ere izaten dute, ilea moztu beharra. Zuek egiten duzue?

P. Z.: Orain artean behintzat, urtero, nik egin izan dut beti. Ez dut inoiz ile moztailerik ekarri. Asko nekatzen da, eta okertuta aritu behar duzu, eta behin adin bat duzunean... baina, orain dela hamar urte guraizeekin orain makinarekin baino errazago mozten nituen.

Eta noiz mozten diezu? 

Pedro Zuzuarregi aritzen da ardiekin lanean. E. MAIZ

P. Z.: Nik erditu eta hamar bat egunera mozten diet. Garrantzitsua da, eta atzeko aldea garbituta eta txukun dutela kalitate gehiagoko esnea biltzen da.   

Ardi guztiak ezagutzen dituzu? 

P. Z.: Ez, ez ditut ezagutzen. Horiek lehengo historiak dira. Lehen artzainak eguna ardien ondoan pasatzen zuen, eta orain beste lan batzuk egiten aritzen gara. Larrera botatzen ditugunean ere, lehen, artzaina txakurrarekin ondoan egoten zen. Orain, lur sailak itxita daude, hesituta, eta ez gara gainean egoten. Denboraldia aurrera joan ahala errapez gehiago ezagutzen ditut muturrez baino.  

Zu aritzen zarelako esnea jezten. 

P. Z.: Bai. Eta ardiren bat infekzioarekin edo dagoela konturatzen naiz errapearen forma betiko moduan ez duelako. 

Lanak banatuta dituzue? 

P. Z.: Bai, banatuta dauzkagu lanak, baina laguntza eman behar denean, elkarri laguntzen diogu dudarik gabe. 

T. O.: Esaterako gazta ketuak ere eskatzen dizkigute, eta gaztak ketzea bere lana da; ez dut nik ikasi. Eta ni ukuilura gutxi sartzen naiz; puntualki, eta laguntza eskatzen didanean. 

Ardien gainean egon beharreko lan bat arkumeak izaten ari direnekoa da, ezta? 

T. O.: Orduan adibidez pixka bat laguntzen diot.

P. Z.: Gauez laguntzen dit. Ni ordu batak aldera joaten naiz lotara, eta bera hiruretan jaikitzen da eta bostak arte egoten da. Horrela nik lau-bost ordu lo egiteko aukera izaten dut. Astebeteko kontua izaten da.

Zein urte sasoi duzue gustukoena? 

P. Z.: Udazkena. Nahiz eta basoan lanean aritu, libreagoa izaten da. Bestela, goiz eta iluntze, huts egin gabe gainean egon behar duzu esnea biltzeko. Eta gaur egun esne kalitatea oso garrantzitsua da, eta oso ondo egin behar duzu lana. 

T. O.: Niretzat dudarik gabe udazkena eta neguaren hasiera. Orduan ez dut gaztarik egiten, eta nire lana egindako gaztak saltzea bakarrik da. Denbora libre askoz ere gehiago daukat. 

Ez dago atsedenik baserrian? 

P. Z.: Ez, lana ez da bukatzen. Ardiak, basoak, belardiez aparte... baserria zaharra zen gaztea nintzela, eta igeltsero lanak egiten ere neronek ikasi nuen. Ez naiz aspertzen ni hemen.

Zeruari begiratzen diozue? 

P. Z.: Udan bakarrik, belarrak ondu behar direnean. Gainerakoan, denboraldia hasten denean garbi daukat egun batzuk onak izango direla, eta besteak ez. Egiten duen eguraldia egiten duela, beti dago zer egina, barruan edo kanpoan. 

Zer ematen dizue edo zer baloratzen duzue gehien baserritik?

P. Z.: Niri ilusioa egiten dit hemengo lanak egiteak, eta ni gustura aritzen naiz. Bokaziozkoa da, eta disfrutatu egiten dut.

T. O.: Bizitza honetan zerbait egin behar da, eta egia esan, gaztak egitea ez da lan txarra. [Barreak] Nirea ez da bokaziozkoa, baina gaztak egitea egokitu zait, eta ez da lan itsusia; gustatzen zait. 

Izango da egin behar baina, gutxi gustatzen zaizuen zerbait?

P. Z.: Bai, baina gustuko lana ez dudanean, nik egunean ordu batzuk egiten ditut, eta gero gustuko dudan lanera pasatzen naiz. Adibidez, ukuilutik ongarriak ateratzen aritzea. Gustukoa ez dudan lana zatitu egiten dut.

Atseden egunik bada baserrian?

T. O.: Udara erdi, udazkena bitartean, ez. 

P. Z.: Egun osokorik, ez. Baina udazkenean hamabostaldi bat jai eginez gero, ez da ezer gertatzen. Ardiak izaten du garai bat larrean janda bakarrik egoten direna, iraila eta urriaren aurrenean. Ez dira etxera sartzen.

Lehen sektoreak urte zailak bizi ditu urte luzeetan. Artzaintza egokien doana edo dela esan daiteke?

P. Z.: Agian bai. Nik ez ditut ezagutzen besteak, baina pentsatzen dut baratzezaintza artzaintza baino egokiago egongo dela. Beraiek gainera igandea-eta jai egiteko aukera dute. 

T. O.: Guk hau ezagutzen dugu, baina nik ere hori pentsatzen dut.

Hogei urte hauetan, zuen kasuan, hobera edo okerrera egin du?

P. Z.: Niretzat orain dela 20 urte errazagoa zen. Zailtasun gehiago daude orain, eta sanitate aldetik, adibidez, betebehar gehiago dago. Obligazio gehiago dituela iruditzen zait, gaur egun, artzaintzak. Orain dela 20 urte, orokorrean, bizitza errazagoa zela iruditzen zait. Urte onak ziren. Orain, beti, krisia krisiaren gainean, eta gaur egun zaila. 

T. O.: Niretzat behintzat bai gaztaren alorrean. Gaztak egitea esaten da, baina horixe daukat lanik txikienetarikoa. Zenbat gazta egin ditudan, nori saldu dizkiodan, zein tenperatura... dena apuntatu beharra daukat, eta guztiak agertu behar du eta denbora ikaragarri kentzen dit. Buruhauste asko ematen dizkit. Lege aldetik asko zaildu da niretzat. Beharrezkoa izango da, eta ez dut esaten ezetzik, baina hau familiako enpresa txiki bat da, eta ni nago gazta guztiak egin eta kontu guztiak egiteko. Ez da industria baten moduan, hemen ni bakarrik nago, eta kontu horiek denbora asko kentzen didate. 

Zenbat gazta egiten dituzue urtean?

T. O.: Sei bat mila kilo; gutxi gorabehera 5.600-5.700 bat gazta.

Behin gaztak eginda, saldu egin behar. 

T. O.: Bai. Hozkailua betea ikusten duzu, eta beti izaten duzu beldur bat. Baina orain artean, martxo aldera hasten gara gazta berriak saltzen, eta ordurako beti saldu izan ditugu aurrekoak. Hori da helburua. 

Erraz saltzen dira? 

T. O.: Bai. Eta beharbada, etxera ere gero eta jende gehiago etortzen da erostera. Bestela, harategi batzuk eta Tolosako Eroskin ere asko saltzen da. Donostiatik ere asko eskatzen didate, hilero. Londreserako ere hilero eskatzen dizkidate. Katalunia aldera ere zer edo zer joaten da... Azoketara ere joaten naiz, baina gero eta gutxiago joaten naiz, gutxiago saltzen da eta.  

Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta egiten duzue. Gazta asko dira. Elkarri mesede egiten diozue edo konpetentzia zarete? 

P. Z.: Artzain Gazta Elkartean gaude, eta lau probintzietatik 115 bat izango gara. Badu bere alde ona. Hemen konpetentzia handirik ez dago. 

T. O.: Artzain gazta da, artzain bakoitzak bere esnearekin egiten duen gazta, hau da, eskuz eginiko artisau gazta. Jende askok baloratzen du. Bere etiketa du, eta jende askok erreparatzen dio. Horrek bereizten du industriala izan edo ez. 

Uste duzue, orokorrean, gizartean baloratzen dela zuek, baserritarrek, egiten duzuen lana? 

P. Z.: Batzuk bai, esaterako, baserrira gazta erostera etortzen direnek, asko baloratzen dute eta dudarik ez dago. Orokorrean? Jende askori ezin diozu berak ulertuko duen eran azaldu ere egin gure eguneroko bizitza nolakoa den. Gu beste mundu batean bizi gara, eta konforme izaten gara dugunarekin, baina gure bizitza ia sistematik aparte dago.

T. O.: Orain uste dut pixka bat ari dela herri txiki eta baserrietako gauzak ezagutzera ematen kaletarrei, baina uste dut denaren beharra eta gehiago dagoela.  

Instituzioek zerbait egiten dute baserriarengatik? 

P. Z.: Zerbait egiten dute, baina hor daudenek, sakonki ez dute baserria ezagutzen. Eta ezagutzen ez duzun gauza baten gainean aritzea...

Bazterrean zaudetela sentitzen duzue? 

T. O.: Nik ezetz esango nuke. 

P. Z.: Guk gure bizitza egiten dugu, eta ez zaigu axola gizartearen parte batek zein kalifikazio ematen digun. Guk egunetik egunerako bizitza dugu eta zentzua bilatzen diogu gure bizitzari. 

Zuen lanean formazioa jasotzea garrantzitsua da? 

P. Z.: Etengabeko formazioa behar du beste edozein ofiziotan bezala, eta gero eta gehiago. Gaur egun baserriari etorkizuna ikusten diot produktu on batzuk ekoitzi eta ahal den neurrian kontsumitzaileari zuzenean salduta. Hori bai, produktua ona izan behar du, eta produktua ona egiteko lehendabizi ikasi egin behar da. Eta gero, egunetik egunera asko saiatu.

Urtero da erronka gazta onak ateratzea? 

T. O.: Bai, urterokoa. Oraindik ere beti dago zerbait galdetu beharra. Nahiz eta uste beti berdin egiten duzula, eta dena kontrolatuta duzula, ez dakit zergatik, baina gaztak ezberdinak ateratzen dira. Beti desberdintasun bat izaten dute, eta beti saiatu beharra daukazu. Artisaua da, eta urtero ikastaroetara joan eta urtero izaten da zerbait berria ikasteko. Besteena entzute hutsa aberasgarria da.

Arantzazuko Artzain Eskolan kolaboratzaile moduan aritzen zarete. Zer esan nahi du horrek? 

P. Z.: Beraiek eskatu ziguten hemen, baserrian, gazte batzuk praktiketan hartzea guk nola lan egiten dugun ikasteko. Nahiko polita izaten da erakustea. Guri ere erakutsi ziguten, eta guri ere erakustea gustatu egiten zaigu. Batzuk gainera asko saiatzeko gogoarekin etortzen dira. Teoria ikasten dute han, eta praktikak egitera etortzen dira. Asko izan dira, bertakoez gain, Txile edota Andaluziakoak ere bai.  

Aberasgarria izango da zuentzat ere? 

T. O.: Bai, bai. Beti ikasten da zerbait. Gurekin bizitzen dira, eta beraiek ikasitakoa erakusten digute, eta guk gurea erakusten diegu.

Nolako etorkizuna ikusten diozue artzaintzari? 

P. Z.: Zaila da, baina nola bokaziozkoa den beti izango dira honetan sartuko diren gazteak. Oso-oso zaila da. Gaur egun nik ulertzen dut, eta iruditzen zait gainera, lurralde honetan lanerako kultura gutxitu egin dela, eta artzaintza eta lehen sektoreko ofizioak obligazio pila bat dituzte; bokazioa handia behar du honetan hasteko. 

Zalantzan dagoen gazte bati zer esango zeniokete? 

P. Z.: Posible dela, baina baldintza txarretan ez sartzeko. Urte onak ez dira, eta asko hipotekatuta hastea ez nioke gomendatuko. Bestela honetatik bizitzea dudarik gabe posible da, baina dedikazio handiko lana da. Ez hasteko lan gutxi eta irabazi asko izango duela pentsatuta.

Soldata bat ateratzea erraza da?

P. Z.: Ez da zaila, baina ofizio honetan ondo ibiltzeko, gaur egun, apaltasunean eta konformidadean oinarritu behar duzu.

T. O.: Nik uste dut gazteentzako txarrena asteburuak ere astelehena bezalakoak direla dela. Lotura handia da hori gaurko gazteentzako. Ez da urte guztian baina... Gustatzen zaiona sakrifikatuko da, baina gainerakoan egunak ere ez ditu zortzi ordu bakarrik lanerako, ordu gehiago ditu. Gustatzen zaionak aurrera egiten du, baina dudan dagoena ez dut ikusten, aspertu egiten dira. Orduak ez dituzu kontatu behar hemen, eta orduak ez badituzu kontatzen soldata aterako duzu. Lanari begiratzen diogu, eta baserrian horrela izan behar duela iruditzen zait. 

P. Z.: Autonomoak gara, eta abeltzaintzan ari gara. Beraz, dudarik gabe, ordutegiak luzeak izaten dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!