Beharren neurriko familiak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2020ko urt. 17a, 19:59

Luisak 10 urte ditu. Atzerapen kognitiboa eta epilepsia ditu, eta ikusmen mugatua. Oso maiz izaten ditu buruko minak, eta portaera kontrolatzeko zailtasunak ditu, bai helduekin, baita umeekin ere.

Mariak 16 urte ditu. Ez du bere familiarekin harremanik izan nahi. Oso itxia da, eta asko kostatzen zaio harremanak egitea, baina harrera familia bat eskatzen du. Urtebete du Urkok, eta mikrozefalia larria. Oraintxe, garapena normala du, baina etorkizunean garapen arazoak izatea espero da. Oso ondo aprobetxatzen ditu laguntzak. Ander eta Julia 13 eta 10 urteko anai-arrebak dira. Elkarrekin egon nahi dute. Anderrek eskola arazo handiak ditu, atzerapen akademikoa. Asko kostatzen zaio sentimenduak adieraztea. Juliak arreta arazoak ditu, eta ikasteko zailtasun handiak. Eguneroko gauzak, gogorarazi ezean, ahaztu egiten zaizkio. Izenak ez dira benetakoak, baina egoerak bai. Harrera familia baten zain dauden haur eta nerabeak dira. Dituzten arazoak medio, familia espezializatuak behar dituzte; hau da, borondatezko familiek ez diete balio. Gaur egun, 50 adingabe daude Gipuzkoan egoera horretan.

Jose Mari Lezana Haurren eta Nerabeen Babes Zerbitzuko teknikariaren esanetan, iraganean hainbat babesgabetasun egoera jasan dituzte haur horiek familian, hala nola tratu txarrak, abandonua, arduragabekeria eta abusuak, eta horregatik daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean. Egoitzetan bizi dira gehienak, zortzi lagun inguruko taldeetan. Adinez, 0-6 urte artekoak dira sei, 7-12 urte artekoak 31, eta 13-18 urte artekoak hamahiru. Hain zuzen, honako hauek jotzen dira beharrizan edo egoera bereziak dituzten adingabetzat: neba-arreba taldeak, 7 urte edo gehiago dituzten adingabeak, desgaitasun aitortua dutenak, osasun arazo bereziak edo arrisku arazoak dituztenak, familian eta gizartean erabat integratzea eragozten dioten jokabide arazoak dituztenak, bakarrik dauden eta familia erreferenterik ez duten adingabe atzerritarrak eta bestelako behar bereziak dituztenak.

“Ume batek familia espezializatua behar duela esaten dugu ondorio larriak erakusten dituenean eta bere beharrei erantzuteko harrera familiak gaitasun espezifikoak behar dituela pentsatzen dugunean”, dio Lezanak. Gerta daiteke adingabea nerabezaroan dagoelako behar izatea familia espezializatua, edo baita anai-arrebak daudelako harrera premian ere. “Oso zaila izaten da halako kasuentzako borondatezko harrera familiak aurkitzea”. Teknikariaren esanetan, babesgabetasun egoerak jasan dituzten ia ume eta nerabe guztiei egiten die on harrera familia batean bizitzeak. “Baina denak ez daude prest edo ez dute nahi familia batean bizi. Kontuan hartu behar da beraien iritzia, eta, era berean, baloratu egin behar dugu ea familia bat gai izango den ume horren beharrak artatzeko”.

Behar bereziak dituzten adingabeak etxean hartu ahal izateko, prestakuntza eta esperientzia oso garrantzitsuak direla azaldu du. Horregatik, harrera familia espezializatua izateko, gizarte edo osasun arloko ikasketak eduki behar izaten ditu gutxienez familiako kide batek, eta bi urteko esperientzia arlo horretan. Programa kudeatzen duen Agintzari elkarteak emandako prestakuntza osagarri espezifikoa ere jaso behar izaten dute. “Horrez gain, garrantzitsua da jakitea familia guztiaren inplikazioa behar dela, ez harreragilearena bakarrik”.

Lezanak zehaztu du harreragilearen betebeharra ez dela umea zaintzea bakarrik, baizik eta esku hartze plan bat jarri behar duela martxan harekin, plan horren bidez umearen konpetentziak garatzeko, etorkizunerako prestatzeko eta jasan dituen kalteak erreparatzeko.

Erabateko prestasuna

Prestakuntzarekin batera, erabateko prestasuna eskatzen zaie hartzaileei. Izan dezakete beste lan bat, baina bateragarria izan behar du familia harrera espezializatuaren programak dituen baldintzekin; hau da, denbora utzi behar du harreran dagoen umea zaintzeko nahiz prestakuntza eta koordinazio saioetara joateko. Familiek laguntza ekonomikoa izaten dute umearen gastuak ordaintzeko, eta soldata moduko bat ere jasotzen dute erabateko prestasunaren truke. Horretarako, langile autonomo moduan kontratu bat sinatzen dute programa kudeatzen duen erakundearekin.

Gaur egun, hamabi familia espezializatu daude Gipuzkoan, eta 30era iristea da helburua. Programa indartzeko, zenbait kanpaina eta ekintza egingo dituzte hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Agintzarik. Hartzen den konpromisoa “handia eta oso estua” dela azaldu du Lezanak. “Azken finean, zure etxean eta zure familian ume bat sartzen duzu, eta programa honetan parte hartzen duten umeek zailtasun handiak dituzte. Beraz, oso argi eduki behar duzu zertara konprometitzen zaren, eta zer ondorio edukiko dituen zure erabakiak, ahal den heinean porrot ez egiteko”.

“Irten dadila gure etxetik etorri zenean baino hobeto”

Otsailaren 1ean beteko dira lau urte Rocio Fragak (Tolosa, 1985) eta haren senarrak behar bereziak zituen haur bat harreran hartu zutenetik. Melani Zendoiak (Zarautz, 1988) eta haren senarrak, berriz, orain sei hilabete egin zuten urratsa. Hurrenez hurren, 10 eta 11 urteko mutikoak dituzte etxean. Aberasgarria, egundoko ikaskuntza, baina, aldi berean, momentu gogorrak ere badituena. Hala definitu dute batak zein besteak beren esperientzia. Bat etorri dira zailtasun nagusietako bat aipatzean ere: “Zure eskakizunak egokitu behar dituzu, 10 urteko haurrak izan arren, ezin dituztelako egin beren adinekoek egin ditzaketen gauza batzuk”.

Bi familiek azaldu dutenez, egunerokotasun nahiko arrunta dute: goizean jaiki, eskolara joan, eskolaz kanpoko jarduerak arratsaldean… Harrera familia espezializatu bihurtu aurretik, Fragak zortzi urtean egin zuen lan harrera etxe batean. Psikologia ikasketak ditu Zendoiak, eta baita arreta goiztiarrean master bat ere; halaber, lau urtez aritu zen Kolonbian bazterkeria egoeran dauden haurrekin lanean. Garapen psikologikoaz eta antzeko gaiez asko jakin arren, etxeko egunerokoan ikusten dituztenekin ari dira jabetzen zenbateko arrastoa uzten duten haurtzaroko tratu txarrek eta abusuek. “Burmuineko egitura anatomikoak ere aldatzen dituzte, eta haur horiek jada gauza batzuk ezin dituzte egin”. Detaile txiki ugari egoten direla dio Zendoiak: “Dutxatzeko plana, adibidez, begira zein sinplea den: toalla, barruko arropak eta galtzerdiak hartzea bakarrik. Bada, pauso horiek egiteko zailtasunak dituzte, eta ez ez dutelako nahi. Gureak, adibidez, ez du inolako atzerapen intelektualik; bizi izan duenagatik da guztia”.

Horregatik, harrera familiak umearengandik gauza batzuk espero ditzakeen arren, benetan egin dezakeena bakarrik eskatu behar zaiola gaineratu du Fragak. “10 urteko haur bat ikusten duzu, eta heldutasun maila bat eskatzen diozu; adibidez, nahi duzu etxeko lanak agendan apuntatuta ekartzea, baina ezin du. 4 urteko baten jarrerak ditu askotan”. Familiei hori ulertzea kostatu egiten zaiela azaldu du. “Lehen urtean, guk gaizki ikusten genuen, deseginda zegoen. Esperientzia mingarri hura ere gertu zeukan. Denborarekin, ordea, gehiago ikusten dugu bere adineko beste ume bat bezala; baina kontuan izan behar dugu motxila handi bat edukitzen jarraitzen duela, hasieran baino arinagoa izan daitekeen arren”.

Haur biologikoak ere bai

Harrerako haurraz gain, biek dute haur biologiko bana. “Normalean, jendeak haur biologikoa izaten du aurrena, eta gero hartzen du harrerakoa. Guk alderantziz egin dugu, harrerakoak urte eta erdi zeraman etxean ordurako”, azaldu du Fragak. Etortzera zihoan haurtxoak kezka batzuk eragin zizkion harrerakoari, haurdunaldian batik bat, baina ez luke esango hori izan denik lau urteotako gauzarik zailena. “Jaio zenean, eta berak ere etxean jarraitzen zuela ikusitakoan, lasaitu egin zen. Aurrena bera iritsi zenez, jada bazuen bere tokia etxean, eta hori ez da txorakeria bat, zeren ume hauek ohituta daude ia denagatik borroka egin behar izatera”. Hasieran Fraga erabat harrerako haurrarentzat egoteak eta senarrak ere denbora eskaintzeko aukera izateak lagundu egin ziela uste du.

Zendoiaren haur biologikoak 2 urte zituen harrerakoa hartu zutenean. “Horrexek animatu gintuen harrera familia egitera. Ikusi genuen haur guztiek izan behar luketela maiteko dituen eta denbora eskainiko dien familia bat”. Aldi berean, ordea, beren erabakiak haur biologikorengan izango duen eragina dute kezka nagusi: “2 urte bete berriak zituen etorri zenean. Ziklo naturala ez den arren, bat-batean anaia zaharrago bat sartu genion etxean, denbora eta arreta handia eskatzen dituena. Oraingoz, bien arteko harreman hori kudeatzea ari zaigu gehien kostatzen, biak babestu nahi ditugulako, baina jakinda bietako batek emozionalki behar bereziak dituela”.

Zendoiaren esanetan, badago errepikatzen den patroi bat: “Hasiera eztei bidaia baten modukoa izaten da, beren aurpegirik onena erakusten dute haurrek. Gurea hirugarren hilabete inguruan hasi zen oskola hausten. Orain, hasieran baino zailagoa ari da izaten, baina zoriontsu ikusten dugu, familia batean egoteko gogo handia zeukan”. Nabarmendu du luzera begiratu behar zaiola harrerari. “Hau ez da esprint bat, maratoi bat da. Haziak landatzen ari zara, eta ez dakizu noiz loratuko diren. Batzuetan badirudi atzera zoazela, baina ez da horrela, ernatzen ari dira hazi horiek”.

Alde horretatik, errealistak izatea komeni dela dio Fragak: “Familia askok pentsatzen dute oso erraza izango dela. Programa espezializatura iristen direnak, ordea, asko sufrituta datoz, eta momentu batzuk gogorrak izaten dira”. Balantzaren gainean alde onak eta txarrak jarrita, biek argi dute “oso-oso positiboa” ari dela izaten esperientzia. “Laurok ari gara izugarri ikasten”, dio Zendoiak. Adibide bat eman du Fragak: “Gureak, adibidez, hasieran zailtasunak izan zituen eskolan, eta orain lagun pila bat du, izugarri maite dute. Badakigu bere lana izan dela, baina baita gu bere bizitzan azaldu garelako ere. Nik beti ideia bat izaten dut buruan: ume hau irten dadila gure etxetik etorri zenean baino askoz hobeto”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!