Egoera benetan latza eta kezkagarria da, pentsatu nahiko nuke dagoeneko gizartearen gehiengoa konturatu dela horrela ezin dugula jarraitu, urte batzuk beharko ditugula ezinbestekoak diren aldaketak egiteko, baina egingo direla.
Eta bat-batean, Greta Thunberg ingurumen ekintzailea iraintzen zuen meme horietako bat jaso nuen sakelakoan, sare sozial baten bitartez. Irudian, Greta azaltzen zen, Amazonian gertatutako suteen argazki baten ondoan oso haserre zegoela, eta ondoren, Australiako argazki baten alboan, despistatu aurpegiarekin. Ez dakit Greta Australiako edo Amazonaseko kontuekin haserre dagoen, baina nik behintzat, txiste moduko hura ikustean, amorru bizian itzali nuen gailua. Mundua txikitzen ari gara gure erosotasuna bermatzeko, dirua egiteko, tradizioz horrela egin delako beti, edo besterik gabe, gure ekintzek eta ohiturek planetan daukaten ondorioen kontzientziarik ez dugulako. Zientzialariek, lider indigena ugarik, ingurumenaren babeserako elkarteek, eta Eskandinaviako neska honek ere, behin eta berriz azaldu digute, ume txikiei baino argiago, etorkizuna oso latza dela, eta neurriak hartu behar direla goiz baino beranduago, gure seme-alabek plastikoa ez den zerbait jan dezaten.
Eta zein da gure erantzuna? Greta Thunberg-i aipua kentzea. Lotsagarria, benetan. Dirudienez, neska honek bere bizitzako eremu eta ekintza guztietan koherentziarik ez badu, jada ez du merezi mugimendu garrantzitsu baten buru izatea. Agian ez gara konturatu denok dauzkagula gure ideologiarekiko kontraesanekoak diren ekintzak. Denok. Kontua da zein punturaino diren onargarriak, logikoki, eguneroko bizitzako ekintza gehienetan ideologikoki aldarrikatzen duenaren kontrakoa egingo balu, sinesgarritasun gutxi izango luke pertsona horrek, baina ez dut uste kasua denik. Askotan irakurri izan dut, itxuraz azpijoko baten parte dela Greta eta ez dakit zenbat astakeria gehiago, azpijokoa bere irudia gutxiestea dela argi eta garbi dago nire ustez, bestela, zergatik gaude Gretari buruz hitz egiten? Benetan axola duenari jaramonik ez egiteko.
Baina nik jaramon egin nahi diot. Ekintza txikiekin aldaketa handiak egin daitezke, telazko poltsak erabiliz, adibidez, edo dendetan erositakoa ez biltzeko eskatuz, herriko merkatariei ahal dugun produktu gehiena erosiz, eta batez ere, egiten dituzun ekintza txiki horiek gertukoekin elkarbanatuz, saretuz eta indartuz! Amazon-ekin ahaztu egin zaigu zein polita den gure auzoko dendariaren gomendioa jasotzea, eta zein osasungarria den bertako produktua kontsumitzea. Guregatik, gure seme-alabengatik, planeta bizirik mantentzeko ekintzak egitera animatzen dut irakurlea, ekimen hau proposatu nahi dizut zuzenean: sartu Google-en, eta zuhaitz bat landatu emari txiki baten truke, hori ere internet bitartez egin daiteke, ez zara etxetik mugituko eta planetari mesede handia egingo diozu, bukatzerakoan, eskatu lagun bati berdina egiteko. Notre Dame berregiteko dirua ordu gutxi batzuetan lortu bazen, gure etxearen parte diren Australia eta Amazonas berreskuratzeko nola ez dugu ba lortuko?