Indar banaketari egokitutako elkarlana nahi du EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 17a, 11:59

2020ko aurrekontuari ezezkoa eman izana argudiatu dute, «lan egiteko modu irekiagoa» espero zutela azpimarratuz.

Abenduaren 19ko osoko bilkuran aurrekontuak onartu zituen Tolosako udalbatzak, baina EH Bilduko udal taldeak aurkako botoa eman zion gobernuak osatutako proposamenari. Orain, oposizioak komunikabideen aurrean plazaratu nahi izan ditu plenoan azaldutakoak, 2020. urteko aurrekontuen osatzea «aldebakarreko prozesua» izan dela salatuz. Azaroan deitutako elkarlanera jo dute berriz, eta «lan egiteko modu irekiagoa» espero zutela aitortu.

Andu Martinez de Rituertoren taldea indar banaketan oinarritu da, udal barruko erabakien aurrean iritzi truke handiagoa eskatzeko: «Hauteskundeen ondoren, EAJk eta EH Bilduk 8na zinegotzi eskuratu genituen udalbatzan, eta errealitate hori praktikara eraman behar dela uste dugu». Horrela, gaitzetsi egin dute elkarlanaz eta parte hartzeaz aritzea, «gero hitz horien esanahia gauzatzen ez bada», oposizioaren iritziz, «alde guztien ahotsa entzutea» da elkarlana.

Agerraldian nabarmendu dute, aurrekontuak dituen prozedura teknikoen jakitun direla. «Dena den, urteko egitasmoa erabaki politikoetan oinarrituta dago» eta, horren harira, plenoan alkatearekin izandako eztabaidari egin diote erreferentzia: «EH Bilduko hautetsiok oso ondo ulertzen dugu udalaren ohiko funtzionamendua: gobernuak aurrekontua garatzen du, oposizioari aurkezten dio, eta hark emendakinak gehitzen ditu». Ordea, koalizio abertzaleko kideek bestelako bideak urratu nahi dituzte Tolosako Udalean: «Hori ez da bide bakarra eta ezta parte hartzaileena ere».

Finean, bide «luze eta aberasgarriago» bat hartzera deitu nahi izan dute udal gobernua, eta urtean zeharreko mozioak jorratzeko lan dinamika bera erabili, bestelako erabakietarako ere: «Desberdinen arteko elkarrizketan oinarritutakoa».

Konpromiso mailari kritika

Oposizioak egindako proposamenen %90 aurrekontuan jaso dituztela zehaztu zuen, EAJk, 2019ko azken plenoan. Baina EH Bildu ez dator bat horrekin, uste baitute, gobernuak zenbait proiekturekiko hartu duen konpromiso maila ez dela nahikoa.

Adibide zenbait zerrendatu dituzte kritika argudiatzeko: «Ez du konpromiso maila bera azaltzen, energia berriztagarrien ordenantza sortzeak edo Ferialekuan plaka fotovoltaikoak ezartzeak; energia berriztagarriak ezartzeko udal diru laguntza lerro bat sortzeak edo, kontrara, Energiaren Euskal Erakundeko diru laguntzak aztertzeak». Azoka eta ekonomia sustapenari, lokal hutsen azterketari nahiz ordutegi zabaleko ikasgelei ere egin diete erreferentzia, eta «kezkagarria» iruditzen zaie, udal gobernuak EH Bilduren proposamenak «gutxi landutakotzat» jotzea: «Adostasunera ez iristeak ez du gutxiespenerako aitzakia izan behar».

Oposizioa lan teknikotik «urrun»

Udalbarria antolaketa berria ere hizpide izan du EH Bilduk, aurekontuen harira egindako agerraldian. Gogora ekarri dute, Tolosako Udala hiru batzorde iraunkorretan egituratuta dagoela, gaur egun Antolakuntza, Lurraldea eta Herritarrak. Antolaketa berriak «zehaztasun handiagoa» izatea espero zuten, baina, aurrekontuetako prozedurari begira, «benetako aldaketarik ez dela izan» ikusi dute: «Nahiz eta sailak berrantolatu, gobernuak aldebakartasunean oinarritutako molde zaharrekin jarraitu du lanean».

Bide horretan, oposizioko zinegotziak udaleko arlo teknikoetatik «urrundu» egin direla uste dute, eta horrek informazioa beren kabuz bilatzera eraman dituela.

Azkenik, eta, «elkarlanerako gune bat sortzeko prestutasuna berretsiz», Tolosako EH Bilduko udal taldeak zalantzan jarri du, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak aurrekontuko baliabide ekonomikoak banatzeko erabili duen modua.

Herritarrak sailak izango du partida handiena, baina, EH Bilduk zehaztu du, «azpisail gehien ere arlo horrek dituela». Gizarte politikei jarri diete fokua, eta %8,7ko igoera ez dute behar bezainbestekotzat jotzen. Halaber, aurreikusitako zenbait gastuk islarik ez izatea, edo beren ustez martxan beharko luketen proiektuak berri bezala aurkeztea gaitzetsi du oposizioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!