Gogoan dut bostok kolektibo (taxi moduko bat) batean igo ginenean, gaueko bederatziak edo izango ziren, martxa batetik bueltan gindoazen etxera. Gidariak laurogei urte inguru izango zituen, osasunez nahiko makal. Begirada apala ezkutatzen zen erretrobisorearen atzean, nekez gidatzen zuen. Eguneroko errutinaz mintzo zen; goizeko zortzietan hasi, egunean zehar atsedenaldiren bat egin eta gaueko hamaikak izango ziren lana bukatzen zuenerako. Ez zuela beste erremediorik zioen eguneroko ogira iritsi nahi bazuen».
Azken hilabeteetan Txilen bizi izan duguna berezia izan da niretzat, ikaskuntza prozesu oso handia; ezberdina, pozgarria, nekagarria, aberasgarria. Koiuntura nazionalaren harira bertakoekin partekatu ditugun espazioek analisi, hausnarketa, eztabaida… ezberdinetara eraman naute. Bakarrizketak, barrurantz begira jarri eta mila galdera, kanpora begira jarri eta beste hainbeste. Ideia mordoa burutik bueltaka, batzuei, agian, forma emateko gai izan naiz, nola edo ahala paperean idazteko saiakera egin izan badut, aisa. Beste askok hor dihardute bueltaka, nebulosa baten moduan, forma konkreturik hartu gabe.
«Herri batzuek beste herri baten historia ikasten dute eta herri batzuek beste herri baten historia idatzi ere bai» (Kezkak, Berri Txarrak). Honek eztanda egin zuenetik sentitzen dut idazteko beharra, beti kontraesanekin. Bertan dudan posizioa auzitan jarri ostean, garen lekuko izate hutsak ematen digun botere horri mila buelta eman eta gero erabaki dut hau argitaratzea; herriaren «esnatze» hau azaltzeak duen konplexutasuna argi utziz. Hainbat urtez isilpean egon den Txileko herriaren ahotsaren oihartzuna Euskal Herrian entzuteak hausnarketarako tartea eman diezaguke. Diktadurak utzitako arrasto gordinaren ostean euren ahotsa da nagusi gaur kalean.
Finean, egungo marko politiko eta sozialaren barruan kokatu behar dira gertakariak, testuinguru historikoa alde batera utzi gabe. Aldarri nagusi diren problematikak ez dira gutxi, ordea, hariari heltzeko giltza herritarren bizitzen prekarizazioa dela esan genezake.
Badira urte batzuk Txileko herriak burujabetasuna galdu zuela, tira, noiz edo noiz burujabe izan bada. Ezberdintasun sistemikoak etengabe erreproduzituz dihardu diktadura bukatu zela berrogeita sei urte diren arren. Egunerokotasunean herri originarioengan ematen den errepresioa, emakumeak jasaten duen etengabeko zapalkuntza, bertako zein atzerriko kapital pribatuaren esku dauden errekurtso naturalak, enpresa liberalen esku utzi diren hezkuntza zein osasun zerbitzuak… eta hasieran aipatu dudan adibidearekin bat, pentsio dohakabeak (AFP); hauek dira, besteak beste, sistema neoliberala deskribatzen dutenak. Hots, estatua ez da eskubide sozialak eta errekurtso naturalen nazionalizazioa bermatzen dituena, hau guztia kapital pribatuari saltzen diona baizik. Gizarteko espazio ia guztiak -guztiak ez esateagatik merkantilizatuta daude. Honek argi uzten du estatuaren izaera gutxi batzuen interesak babestera mugatzen dela, eskubide sozialak ongizate estatua deitzen diotena bermatzen ez dituelarik, funtsean, kapitala defendatuz eskubide hauen aurretik.
Adibide zehatzagoak emate aldera, aurrez aipatu dudan fenomeno hau argi eta garbi ikusten da hezkuntzan. Denbora honetan unibertsitatean izan ditugun kide ugari bizitza guztirako zorpetuta daude, aurrera eramaten ari diren ikasketak ordaindu ahal izateko mailegua eskatu dutelako. Hau, guk ezagutu duguna sistema publikoa dela kontuan izanik, teorian, ikasketak aurrera eraman ahal izateko ikasleek eskuragarrien dutena. Errealitatean, goi mailako ikasketa hauen prezioa bertako bizi maila zein soldatei dagokienez ez da erraz erdietsi daitekeen zerbait. Honen eskutik doa, eskola pribatu zein publikoen arteko ezberdintasuna. Txileko hezkuntza publikoak ez du kalitatezko heziketa bat bermatzen; hortaz, pribatua ordaintzeko aukera duten familiek ez dute zalantzan jartzen euren haurrak non eskolaratu. Honek klase sozialen arteko bereizketa elikatzen du, guztientzako kalitatezko hezkuntza bat bermatzen ez dela argi utziz. Eta zer esanik ez eskola zein unibertsitateko ibilbidean zehar egiten dizkieten neurketa probek (SIMCE, PSU…) ikasle, irakasle eta ikastetxeengan sortzen duten banaketa eta lehiakortasuna. Esparru hau ere merkantilizatzera iristeraino.
Gazteen eskutik etorri da eztanda, badira hiru hilabete ikasleak -metroaren prezio igoeraren harira- kalera atera zirenetik. Besteak beste, bertan aurkitzen den despolitizazio guztiaren gainetik esan genezake ikasleria dela aktiboen dagoen subjektu politikoa, ahotsen kanalizazioa bideratu duena. Mugimendu sozial honen esku dago problematikari errotik begiratzea, kalera atera ezin duten herritar, langile, etxekoandreak ere kontutan hartuz. Borroka honek bere baitan dakar herritarren birpolitizatzea, bizitza prekario honi erantzun bat emateko berrantolatzea; kultura indibidualista eta izaera lehiakorra alde batera utzi eta klase elkartasunez Txile berri bat eraikitzen hastea.
Kaleetan ikusten da amorrua, mina, inpotentzia; galtzeko ezer ez duten herritarren borrokarako grina. Aldi berean, sistemak bere burua kolokan ikusi duen heinean, bere biziraupena bermatzeko arma nagusi gisa errepresio bortitza erabili du. Hau militarrek kalean izan duten presentziatik hasita gorpuzten da, indar polizialek negarra eragiteko botatako bonbak jarraiki. Etengabeko indarkeria sistematiko baten barruan emakumea zapalduz; abortua deslegitimatuz, lan debaluatuak atxikituz, soldaten arrakala bitartez, mespretxatuz, erasotuz, bortxatuz, akabatuz. Urteetan zehar bertako indigenengan erreproduzitu den indarkeriaz. Aipatzekoa den bezala komunikabideez nola baliatu den, manipulazioa izanik herritarrak bereganatzeko -alienizatzeko- sistemak izan duen -eta duen- giltza. Errelatoaren atal txiki batekin beste errelato berri bat sortuz. Isilarazi nahi gaituzte, ordea, kontrakoa baino ez dute lortu.
Atzo bertan, bitxi saltzailearekin hitz egiten nuen honetan, entzun nion enegarrenez «txiro jaio naiz, eta hala hilko naiz».
Hala ere ez dut uste Txileraino etorri behar dugunik bizitza prekario hauek antzemateko. Beste eskala batean agian, baina gure herrian ere badira prekaritateak janzten dituen errealitate anitz.
Askotan pentsatu dut norbera jaio den leku eta garaiak baldintza gaitzaken bizi estiloaren inguruan. Ozeanoaren beste aldean duten bizi estiloa erradikalki ezberdina ikusiagatik, noizbait jarri ote garen gurearekin izan ditzakeen antzekotasunak errotik analizatzera. Jarri ote garen hausnartzen noiz uzten dion bizi estilo «duin» batek duin izateari. Zein den duintasun ezetik zilegitasuna zalantzan jartzera iristeko tartea. Non dagoen prekaritatearen eta «ondo» bizitzearen muga. Benetan kontziente garen sistemak nola funtzionatzen duen. Zein eta nola zapaltzen duen.
Egin diezaiogun analisi bat gure egunerokoari. Esnatzen garenetik lotara goazen bitartean egiten ditugun gauza horiei guztiei. Gelditu gaitezen pentsatzera. Zilegitasunaren haria tenkatu bada, laxatu dezagun hau eguneroko jarduna zalantzan jarriz.