IRAN vs. AEB gerra baten esperoan

Erabiltzailearen aurpegia Ura Iturralde 2020ko urt. 18a, 05:57

URA ITURRALDE

Urtarrilaren 3a zen, Ameriketako Estatu Batuek Trump presidentearen agindupean Qassem Soleimani jenerala, Irango Iraultza Guardiaren nagusietako bat eta Abu Mahdi al Mohandes, Irakeko milizia xii bateko presidenteordea Bagdadeko Nazioarteko aireportuan erail zituztela irakurri nuenean.

Soleimani urteetan zehar Estatu Islamikoaren aurka borrokatu zuen eta Irango bigarren gizonik garrantzitsuena zela zioten komunikabideek, Khamenei Ayatolaren ondoren. Egoera oso larria zela oharturik mugikorra hartu nuen nire lagun irandarrekin hitz egiteko asmoz, haiek zer zioten edo ondorengo egunetan zer espero zuten jakin nahian, urduri, oso arduratuta.

Eta orain zer gertatuko da? Iranek dio hilketa honek erantzun bortitz bat izango duela…- galdetu nion Teheranen bizi den nire lagun-minari.

Ez dakigu zer gertatuko den, nahikoa genuen guk gure herrian gobernuarekin bizi dugun egoera jasanezinarekin eta orain hau. Besterik ez genuen behar. Ez dut ezer gehiago esateko.

Argi geratu zitzaidan ez zuela gehiago hitz egin nahi, transexuala izanda nahiko lan zuela bere eguneroko borrokarekin. Egun hartatik aurrera albiste guztiak jarraitu nituen egunero, ez nuke nahi nik hainbeste maite dudan herria gerra batean murgilduta ikusi.

Irango gobernuaren erantzuna azkarra izan zen, agian nik ez nuen hain denbora gutxian erasorik espero. Errepublika islamiarrak, tropa estatubatuarrak zituzten Irakeko bi base militar bonbardatu zituen. Honek ez du itxura onik, esaten nion neure buruari behin eta berriz. Telebista aurrean Trump-en erantzun edo eraso berri baten zain nengoen bitartean beste albiste baten berri eman zuen Al Jazeera, Qatar-eko kateak. Hegazkin Ukraniar batek istripua izan zuen Iman Khomeini Teherango Nazioarteko aireportuan.

Kasualitatea??? Erasoa??? Ez nekien zer pentsatu ere...

Egun pare bat beranduago, Irango gobernuak aitortu zuen giza akats baten ondorioz Ukrainiako abioia bota zuela. 176 pertsona, nazionalitate desberdinekoak, irandarrak barne hil zituzten.

Orain bai, gerra baten esperoan gaude…, idatzi zidan nire lagunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!