Aulkitik

Lanean gogor jarraitu behar dugu

Erabiltzailearen aurpegia Helene Arruabarrena 2020ko urtarrilaren 16a

Gabonetako oporrak atzean utzita, errutinara bueltatzeko garaia zen. Nahiz eta hiru errege magoak dagoeneko pasa ziren, gure talderako oparitxo bat utzi zuten: Eneritz Itxaso geure taldera igoko zela jakinarazi ziguten.

Burua asteburuko partidan jarrita genuen eta bigarren buelta hastearekin batera hiru puntuak Tolosara ekarri behar genituela argi genuen azken postuetatik ateratzeko. Larunbatean Itaroa Uharteren zelaian jokatzen genuen, eta beraz, 15:30ak aldera abiatu ginen autobusean harantz. Gogotsu geunden, baina beste alde batetik urduritasuna nabari zen.

Partidari dagokionez, puntu bakarra lortu genuen, 0-0 amaitu baitzen norgehiagoka. Aurkariak oso atzean sartu ziren eta ezin izan genuen markagailua mugitu. Gainera, ez zen gure partidarik onena izan eta sentsazio ez oso onekin bueltatu ginen Tolosara.

Orain, egindako akatsak zuzendu behar ditugu, eta gelditzen diren partidetan irabazi egingo dugula pentsatu. Ziur nago salbatu egingo garela, baina horretarako gogor lan egin beharra dago. Nik talde zoragarri honetan konfiantza osoa dut eta zuek ere izan dezazuen nahi dut. Beraz, anima zaitezte larunbatean, 16:30ean, Berazubira etortzen, Osasuna talde handiaren aurka jokatzen dugu eta. Zuen animoak beharrezkoak izango dira!

Animo neskak! Aupa Tolosa!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!