Telefono inkestak egingo dituzte, etxe hutsen azterketarako

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 15a, 11:59

Tolosako Udalak herritarren beharrak aztertu nahi ditu, alokairuko etxebizitzak sustatzeko; 2015ean etxebizitzak birgaitzeko sortutako proiektua eguneratuko dute.

Urte amaieran iragarri bezala, Tolosako Udalak etxebizitza hutsen diagnosia osatuko du 2020an barrena, eta telefono bidezko inkesta izango da azterketaren hurrengo pausoa. Datorren urtarrilaren 24ra bitarte, herritarren beharrak ezagutzeko informazioa bilduko dute.

Etorkizuneko lan lerroak zehazteko helburuz egingo dituzte inkestak, «diagnosi sakona» egitea baita Tolosako Udalaren helburua. Horrela, beraz, etxebizitza aldatzeko beharra, etxebizitza berritzeko beharra nahiz gurasoen etxetik emantzipatzeko beharra identifikatu nahi dituzte, eta baita hori guztia egiteko gaitasuna zein ote den jakin ere.

Aurretik etxebizitza hutsen inbentarioa egin zuten eta, aurrerago, hutsik dauden bizitoki horien egoera ere aztertuko dute, irisgarritasunaren nahiz egoera teknikoaren aldetik. Ondoren, telefonoz jasotako informazioari, etxebizitza hutsen jabeen iritzia gehituko diote: zuzeneko elkarrizketak egingo dituzte, etxebizitza horiek alokairuan ez jartzearen edo ez merkaturatzearen arrazoiak zehazteko.

Behin informazio hori guztia esku artean dutela, estrategia zehaztuko dute, eta gaur egunera egokituko dute, 2015. urtean etxebizitzak birgaitzeko sortutako egitasmoa, «ahalik eta etxebizitza gehien alokairuan jartzeko».

2014AN HASITAKO BIDETIK

2014ko maiatzean ekin zion, Tolosako Udalak, etxebizitza hutsak merkaturatzeko araudi berria osatzeari. «Etxebizitza politika berri batera» iristeko pausoak abiarazteko asmoz, Ibai Iriarte orduko alkateak bi neurri berri aurkeztu zituen.

Batetik, etxe hutsak merkaturatzea jarri zuten jomugan eta, bestetik, aurri edo hondamen egoeran zeuden etxe nahiz orubeak eraberritzea; guztia, araudi eta ordenantza banaren bitartez. 2014an aurkeztutako proiektua 2015ean formalizatu zuen Tolosako Udalak, ordenantza onartuz.

Abian jarri berri duten diagnosiarekin, orduko araudia gaur egunera egokituko du Tolosako Udalak, herritarren etxebizitza beharra asetzeko. 2014. urtean, etxebizitzen %8 zeuden hutsik Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!