"Gehiago iritsi beharko genuke haurtzaroko mundu horretara"

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 15a, 09:05

Hiru urtez Topic zentroko bisita gidatu antzeztuetan aritu eta gero, ziklo hori ixtea erabaki du aktore tolosarrak. Motxila bete ikasketa, beste hamaika proiektutan dabil orain, antzerkia eta hezkuntza uztartuz.

Topic zentroa antzerkiaren bitartez bisitatzeko eskaintza martxan jarri zuten, 2016an, eta Amaia Ruiz de Galarreta aktorea (Tolosa, 1986) gidari lanetan aritu da, orain arte. «Sekulako ikasketa» izan dela dio, baina ziklo bat ixteko beharra zuela. «Saltsa» askotan baitabil tolosarra: besteak beste, bigarren hezkuntzan bullying-a antzerkiaren bitartez lantzen dihardu, Oreka proiektuaren bitartez.

Berak utzitako lekukoa beste aktore batek hartu du, eta larunbatean bertan izango da 2020ko lehen bisita antzeztuaz gozatzeko aukera.

Bisita antzeztuen aurretik antzeko zerbait egin zenuen inoiz, publikoarengandik hain gertu?

Ikusleengandik gertuen egin dudana mikroantzerkia izan da, Donostiako La Farandulan. Baina desberdina da, Topic-en bide bat egiten dugulako.

Gustuko duzu kontaktu hori?

Bai, baina, aldi berean, beldurra ere ematen du, ez pentsa! Eroso sentitzen naiz, betiere, gaia kontrolpean baldin badaukat; energia ematen dit.

Nola heldu zinen bisita antzeztuetara?

Garai hartan Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean nenbilen ikasten, eta Topic-etik email bat bidali ziguten, bi aktore behar zituztela esanez. Alemaniako talde bat zegoen hemen, lan talde hegoafrikarrarekin, eta laguntza behar zuten, Titirijain zati batzuk euskaraz egiteko. Beste bat eta biok hartu gintuzten eta, horren bitartez, bisita antzeztuak egiteko deitu ninduten.

Orduan hasi zinen Topic ezagutzen?

Bai. Urteotan, konturatu naiz nolakoak garen: kanpoko gauzak bisitatu, eta herrikoak ez ditugu ezagutzen. Topic zentroarekin harrituta geratu nintzen, txotxongiloak beti haurrekin erlazionatzen ditugulako. Baina Topic denontzako lekua da; guztiz gomendagarria.

Topic ezagutzen ez duen tolosar asko dago?

Baietz esango nuke. Interes falta somatzen dut, oro har, artearen inguruko gauza guztiekiko. Kulturalki falta zaigun zerbait da, interes hori izatea eta lekuak bisitatzea. Beste lurralde batzuetan hezkuntzak sustatzen du, eta horrek asko eragiten du helduaroko aukeretan.

Txotxongiloen museoan, antzerkia gidari.

Osotasun hori ematen dio. Txotxongiloena antzerki modalitate bat da, eta bisita horietan antzerkia sartzeak are erakargarriago egiten du, batez ere, haurrentzako: pertsonaia bat ikusten dute, eta ipuin batean bezala sartzen dira museoan. Gidariak garbitzaile baten pertsonaia gorpuzten du, eta umoretik jotzen dugu; nik, behintzat, hori nuen gustuko. Oso dibertigarria izaten da, kontatzen dizkiedan gauzak seriotasunetik ateratzen baitira, batez ere, haurrentzako bisitetan. Bisita arrunta serioagoa da.

Nola sortu zenuten pertsonaia?

Encarni Genuak urteak daramatza txotxongiloen munduan, eta Topic-ekin harreman handia du. Gidoia berak idatzi zuen, eta oso etxeko gidoia da, freskoa. Pertsonaia ere aldatuz doa uneoro, gustuko baitut gauzak aldatzen joatea ere, momentuan gertatzen denaren arabera. Horrek bisita bakoitza bakarra izatea dakar. Hizkuntzak ere asko aldatzen du bisita bakoitza.

Zertan, adibidez?

Forman, eta bisitariak ere aldatzen dira. Ez da gauza bera herri txiki batetik edo hiri batetik etortzea. Bisitarien jatorriak eta beren bizipenek eragiten dute, eta ni horretara moldatzen saiatzen naiz.

Familientzako bisitekin hasitakoari, helduenak gehitu zitzaizkion. Alderik bada?

Uf! Oso desberdinak dira. Batetik, kodea asko aldatzen da. Helduena Iparragirreren inguruko gidoia da, bera hemen egon baitzen, eraikin hau kartzela zenean. Bisitako pertsonaia emakume heldu bat da, eta Iparragirre bere arbasoa izan zela kontatzen du. Euskal Herriko bisitariei gehiago iristen zaie, Iparragirre ezagutzen dutelako. Baina denak kutsatzen dira magia horrekin. Iruditzen zait gehiago iritsi beharko genukeela haurtzaroko mundu horretara, serioegiak garela guztiok ere.

Zerk ematen die arreta helduei?

«Baina, nolatan dago Tolosan horrelako museo bat? Ez genuen uste horrelakoa izango zenik, bestela lehenago etorriko ginen!» [barreak]. Zenbat aldiz esan ote didaten antzeko zerbait. Jendea ikaragarri harritzen da, liluratuta geratzen dira.

Eta, bisitari haurra zerk harritzen du gehien?

Beharbada pertsonaiak, ez baitute argi izaten, garbitzailea benetakoa den ala ez.

Zer eman dizu esperientzia honek?

Konfiantza, egoera desberdinei aurre egiteko gai naizela sentitzea, eta gauzak gaizki ateratzen direnean beldurrik ez sentitzea. Sekulako ikasketa izan da, talde bakoitza mundu bat delako. Aurrez ez nuen sekula txotxongiloekin lan egin, eta bisitetan ikasi dut txotxongiloak pixka bat erabiltzen. Lan ikaragarria du atzetik, eta errespetu handia sortu didan lanbidea da. Bizitzak hau oparitu didala sentitzen dut, eta oso eskertuta nago.

Bazabiltza, ordea, beste proiekturen batean.

Saltsa askotan, egia esan [barreak]. Antzerki irakasle lanetan nabil Amasorrain ikastolan, eta Jakintzan ere hasiko naiz laster; bi lan horiek egonkortasuna ematen didate. Bestalde, Barbara Rivasek eta biok hiru bat urte daramatzagu, bullying-aren inguruko Oreka proiektua Donostiako ikastetxeetan lantzen.

Antzerkiaren bidez?

Bai. Mikroantzerkia eta tailer pedagogikoa uztartzen ditugu, eta ikaragarri betetzen nau, hasieratik guk sortutako zerbait baita. Horrelako gai potolo bat ikastetxeetan lantzeko aukera izatea sekulakoa da, eta gure aletxoa uzten ari garela uste dut. Bakarrari laguntzeko aukera izate hutsa, asko da.

Zein da dinamika?

Gelan egiten dugu lanketa, gertutasuna nahi genuelako, eta ikasleek espero gabe azaltzen gara gelan. 15 minutuko antzerki bat egiten dugu, eta beraiek antzerki horren parte izaten dira. Gero, tailerrean, Zapalduen Antzerkia lantzen dugu; ikasleek gaia lantzeko formula bat da. Gure antzerkian ikusi dutenaren arabera, inprobisazioak egiten dituzte, eta gauza oso politak ateratzen dira. Gai horren inguruan asko dago egiteko, eta bullying-ik jasotzen ez duena ere identifikatuta sentitzen da. Oso positiboa da, eta hezkuntza araututik kanpoko zerbait denez, gehiago iristen da gazteengana; hala diote irakasleek. Uste dut, liburuez aparteko zerbait ere egin behar dela.

Antzerkia eta hezkuntza uztartzeko grina baduzu.

Ez da aurrez pentsatutako zerbait izan, baina hala da. Bestela, zertarako da, bada, antzerkia? Zerbait transmititzeko, mezuak jendearengana helarazteko. Gizartearen kezkek azaldu behar dute antzerkian, zineman, telebistan eta abarretan, bestela ez diot zentzu handiegirik ikusten. Ondo pasatzeko ere egiten da, baina, hor ere, esaten denak zentzua baldin badauka, hobe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!