"Guk herentzian jaso dugu, agian ez garela inoiz literatur kanonean sartuko"

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 14a, 19:59
Kattalin Miner, erdian, Tolosako jabetza eskolako literatur tailer feministan.

Hernaniarrak bi ikasturte daramatza, Tolosako lau irakurle taldeetako bat gidatzen: jabetze eskolako literatur tailer feminista.

Gozamenetik harago, literatura «zukutzeko» baliatzen ditu, Kattalin Minerrek (Hernani, 1988), gidatzen dituen irakurle talde feministak. Tolosan bigarren ikasturtea osatzen ari dira, eta beretzat «oparia» izaten ari dela dio, adin desberdintasunak taldea aberasten baitu.

Jende gutxik irakurtzen al du euskaraz?

Azken datuek hala diote. Euskarazko kultur kontsumoa igo egin da, musika, zinema eta antzerkian, eta jaitsi literaturan. Literatur munduan buru-belarri gabiltzanontzako oso ohikoak diren izenak-eta, jende askorentzat ezezagunak dira. Badirudi, askok militantziaz irakurtzen dutela euskaraz, kontuan izan gabe, literatur maila izugarria dugula eta hausnarketarako bide handia dagoela.

Esango zenuke euskal emakume idazleen lana errekonozimendu handiagoa jasotzen ari dela pixkana? Edo ez zaizu hala denik iruditzen?

Duda handiak ditut. Zirkuluaren arabera bai, eta Eider Rodriguezek behingoz Euskadi Saria irabazi izanak, adibidez, laguntzen du. Baina, gaur egun, edozein pertsonari galdetuz gero, zeintzuk diren euskal idazle onenak, segur aski beste izen handi batzuk aterako dira, gizonezkoenak. Horregatik nioen, ezezagutza handia dagoela euskaraz idazten duten emakumeen literatur maila izugarriaren inguruan. Gu ere saiatuko gara bide hori egiten, tailerra horretarako leku ere badelako: guretzako erreferentzialtasuna guk sortzea, zein estilo eta gai gailentzen diren ikustea...

Zein liburu landu dituzue Tolosako taldean?

Eider Rodriguezen Bihotz handiegia-rekin hasi ginen, eta gero Uxue Alberdiren Jenisjoplin, Miren Amurizaren Basa, Alaine Agirreren Odol mamituak eta Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat irakurri ditugu, batzuk aipatzearren.

Literaturak eragin dezake sozialki, ala alderantziz?

Segur aski zirkulu bat izango da, baina, irakurketa partekatuak egiten ditugunean, niri interesatzen zait aspektu sozial horretatik tiratzea. Azken urteotako literatura oso harreman estuan ikusten dut errealitatearekin, ardura eta kezka handiz. Oso desberdin planteatuta ere, autoretik autorera errepikatzen ari dira gaiak eta niri, irakurle moduan, interesgarri suertatzen zait hori. Gainera, irakurketa feministak literaturaren bidez egiten ditugunean, eta ez saiakeraren bidez, uste dut hartzailearengan beste modu batera sartzen direla edukiak edo kontzeptuak.

Tolosan lau irakurketa talde daude. Baina, zer egiten da literatur tailer batean?

Dinamizatzaile bakoitzak bere estiloa dauka, eta ni literatur talde feministetako alaba naiz: Iratxe Retolaza eta Mertxe Tranche eredugarri izan dira niretzat. Guk liburu bakoitzaren gai nagusiak ateratzen ditugu eta, gero, nik entresaka batzuk proposatzen dizkiet, denon artean hizpide izan ditzagun. Oso hausnarketa interesgarriak ateratzen dira.

Amaitu berri den urtea oparoa izan da euskal pentsamendu feministarentzat. Besteak beste, Simone de Beauvoirren Bigarren sexua argitaratu dute.

Bai. Egia esan, ikaragarria da 70 urte behar izatea, Simone de Beauvoir euskaraz edukitzeko. Azken urteotan sekulako esfortzua egin da pentsamendu feminista euskarara ekartzeko, eta horrek sekulako aldaketa ekarriko du. Belaunaldi batek klasiko hauek guztiak, eta ez klasikoak, euskaraz irakurri ahal izango ditu. Akademian ere aldaketa ekarriko du, orain arte erdarazko testuekin egin behar baitzen dena. Simone de Beauvoirren obrara itzuliz, bi liburuki esaldi bakarrean laburbiltzen ditugu: emakume ez da jaiotzen, izatera iristen da. Bada, uste dut, hori bera esaten dugun feministok ere, badugula aukera bat, berriro testua hartu, eta aspaldi irakurritakoak gaur egungo begiradatik ikusteko. Gauza asko ikaragarri aldatuko ziren, baina beste asko bere horretan egongo dira.

Eider Rodriguezen Idazleen gorputzak lanak emakume idazleen ahotik deskribatu du, nahiko gordin, euskal literatur sistema. Zu zeu identifikatuta sentitu zara?

Adinaz harago, badago belaunaldi jauzi bat. Idazle izan aurretik, ni militante feminista izan naiz, eta guk herentzian jaso dugu, agian ez garela inoiz kanonean sartuko. Beharbada, beste belaunaldi batzuetako emakumeei sinetsarazi zieten sar zitezkeela eta, sartzen ez baziren, beren kalitate faltagatik zela. Guk ipuin hori ez dugu sinetsi, eta ez dugu geure burua hortik epaitzen; beraiek egindako borrokatik askeago gaude. Horrek ez du esan nahi euskal literaturaren egoera feminista denik, ezta gutxiago ere; urte batzuk beharko dira, belaunaldi aldaketa horrek zer uzten duen ikusteko.

Hala eta guztiz ere, beharrezkoa zen kontatzea?

Bai, eta ausardia handia behar da, gauza batzuk izen-abizenik gabe doazelako, baina badakigulako euskal kultur mundua oso txikia dela. Benetan gauza gogorrak kontatu dituzte, eta izendatua sentitzen denak badaki. Nik asko eskertu dut, bestela, bai baitirudi bide gozoa egin dugula, eta gu ezerezetik iritsi garela. Genealogiaren oso aldekoa naiz, eta errespetu handia diet bide urratzaile izan diren emakumeei.

Zein puntutan ikusten duzu euskal emakume idazleen sorkuntza lana?

Duela pare bat urte arte, bigarren nobela idatzi zuten emakumeak ez ziren dozenara iristen. Ez dakit kantitatea eskatu behar den, baina presentzia bermatu behar dugu, eta emakume idazleek idazten jarraitzeko gogoa eta baldintzak izatea ere bai.

Nola heldu naiz ni honaino eleberriaren ondotik, Moio. Gordetzea ezinezkoa zenkazetaritza lana argitaratu zenuen. Non sentitu zara erosoago?

Oso lan desberdinak dira, eta ezin ditut alderatu. Moiorenak utzi samarra nuen kazetaritzan berriro aritzeko aukera eskaini zidan, baina fikziorako gogoa ere badaukat, egia esan.

Eta, proiektu berririk bai esku artean?

Idatzi eta idatzi nabil iaztik; zerbait idazten ari naizenean, beste zerbaitekin hasten naiz, eta ezin sekula bukatu. Gogoa daukat, ez daukat presarik, eta hori ere ona da: gauzak lasai egitea. Baina bai, uste dut laster eleberriren baten bueltan lanean hasiko naizela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!