Tolosako kirolari aitortza egingo dion Kirol Gala bihar izango da

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 14a, 10:14

Leidor aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan hasita, eta bost sari banatuko dira kirolari edo kirol talde onenaren atalean.

Tolosako Udalak herriko kirolari, kirol talde eta elkarteen lana balioan jarri eta izandako lorpenengatik errekonozitu nahi ditu. Horretarako, bihar, urtarrilak 15, 19:00etatik aurrera, Tolosako Kirol Galaren edizio berri bat egingo da Leidor aretoan.

Aurtengo ediziorako ere, ohikoa den moduan, Tolosako kirol elkarte guztiek beren hautagaiak proposatu dituzte, bakoitzaren lorpenak adieraziz. Proposamen horiek kontuan hartuz, kirol elkarteek eta herriko beste hainbat eragilek bozkatu dute nortzuk diren kirolari onenaren sarirako eta etorkizuneko kirolari aipagarriaren sarirako kirolariak.

Ekitaldiarekin, kirolarien garaipenak azpimarratzeaz gain, udalak kirolaren beste balore batzuk sustatzen dituzten pertsonak eta eragileak ere errekonozitu nahi ditu. Kirolari edo kirol talderik onenaren atalean, bost sari emango dira: 14 eta 18 urte bitartekoen arteko neska kirolari onena eta mutil kirolari onena; 18 urtetik gorakoen artean neska kirolari onena eta mutil kirolari onena; eta guztien artetik hautatutako kirolaririk onena. Horrez gain, kirol jarduera eredugarrienari saria emango zaio, eta izendapen bereziak ere izango dira.

BERRIKUNTZAK SARIETAN

Sariei dagokionean berrikuntza bat egongo da aurten. Izan ere, ohiko sariez gain, Kontuz! Kreatiboak taldeak egindako oroigarri berezi batzuk ere banatuko dira. Hiru dimentsiotan egindako poliedro formako oroigarria da. Kutxa baten gainean kokatuta dago, eta poliedro bakoitzak kirol balio ezberdin bat irudikatzen du: indarra, malgutasuna, esfortzua… Ohi bezala, diplomak, Tolosa&CO elkarteko dendetan erabiltzeko txartelak, bertako produktuekin osatutako Tolosako Azokako saskiak eta kiroldegiko bazkidetzak ere banatuko dira irabazleen eta izendatuen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!