Finalerdiak zehaztuz doaz Ogi Berri Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 13a, 19:58
Argazkia: 'agerremedia.com'

Azken jardunaldian, nagusietan Muruak eta Elizegik, eta jubenil mailan Lizeaga anaiek egin dute aurrera.

Tolosa Pixkana Migel Soroa Oroimenezkoaren Ogi Berri Txapelketaren finalerdietara pasako diren bikoteak zehazten ari dira. Igande arratsaldean beste hiru partida jokatu ziren Beotibar pilotalekuan, eta nagusien mailan izandako emaitzaren ondoren, Ander Murua eta Iker Elizegi finalaurrekoetara pasa dira. Bertan dira dagoeneko Eneko Labaka eta Xabier Telleria, eta Oian Canabal eta Joseba Aldave.

Txapelketan orain arte ikusi den partida onena izan zen, hain justu, nagusien mailakoa. Muruak eta Elizegik 22-21 irabazi zioten Espinal eta Aitor Elizegiri. Oso parekatua izan zen partida; urdinek izan zuten abantaila handiena, 11-15 jarri zirenean. Espinalek erakustaldia eman zuen erremateak egiterakoan, eta guztira 14 tanto egin zituen. Baina ez zen nahikoa izan, Murua ere ondo aritu baitzen. 

Etorkizunekoen mailan, Julen Alberdi eta Mikel Etxeberriak 22-16 irabazi zioten Jorge Fernandez eta Ekain Etxeberriari. Oso partida gogorra izan zen eta 560 pilotakada baino gehiago eman ziren. Gorriak oso azkar joan ziren aurrera markagailuan, Alberdi zizurkildarrak hamar tanto egin baitzituen eta akats bakarra. 12-4 irabazten zihoazela denak oso garbi zirudien, baina urdinak 16-11 eta 18-14 gerturatu ziren. Halere, bi bikote hauek ez dute aurrera egingo, beraien multzotik Josu Olaetxea eta Ander Garmendia joango baitira finalerdietara. 

Jubenilen mailan, Astigarragako Lizeaga anaiek aurrera egingo dute finalerdietara igaroz, Intxurreko Altunari eta Etxebarria bizkaitarrari 22-13 irabazi eta gero. Zubeldia-Elosegi, Hormaetxe-Sudupe, eta Alonso-Ugartemendia dira finalerdietan dauden beste bikoteak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!