«Denboraldi onena» izaten ari da Imanol Rojorentzat

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 10a, 19:59

Eskiatzaile tolosarra «oso pozik» dago Munduko Kopako probetan orain arteko emaitza onenak lortzen ari delako.

Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra «oso pozik» azaldu da, orain arte denboraldi honetan Munduko Kopan lortu dituen emaitzen ondoren. Izan ere, emaitzei begiratuta, «orain arteko denboraldi onena» izaten ari da tolosarrarentzat. «Nire bizitzako emaitza onenak lortzen ari naiz maila honetan, eta konfiantzaz ari naiz lehiatzen. Normalean Munduko Kopara joaten nintzenean, pixka bat beldurrarekin bezala joaten nintzen. Orain konfiantza hori daukat, eta gainera sekulako taldearekin ari naiz parte hartzen».

Denboraldi hasieran, bere helburua probaren batean lehen 30 sailkatuen artean egotea zen, eta lehenengo proban helburu hori lortzea «ezustekoa» izan zen Rojorentzat, eta aldi berean, «oso pozik» azaldu da lorpen horrekin. Norvegiako Lillehammerko Skiathlon lasterketan lortu zuen 30. postuan helmugaratzea, eta horrek aurrera begira «presioa» kendu zion: «Beste lasaitasun batekin joaten naiz probetan parte hartzera».

Skiathlon proban denak batera atera ziren, eta lehenengo zatia 15 kilometro klasiko eran egin behar zuten eta bigarrengoan beste 15 kilometro skating modalitatean. «Nire ideia aurkariak nola zihoazen ikustea zen, eta horren arabera zer egin pentsatzea», azaldu du Rojok. «Ikusi nuen pixkana aurrera egiten ari nintzela, eta 30. postuan iritsi nintzen. Ez nuen espero hori lortzea, Norvegian zailagoa baita horrelako emaitzak lortzea».

Rojok, baina, hobetu egin zuen postu hori hurrengo proban, Suitzako Davosen jokatutakoan. 27. egin zuen orduan. «Lillehammerren erakutsi nuen indar hori berriro ateratzeko asmoz joan nintzen, eta ezustekoa izan zen berriro horrelako emaitza lortzea. Azkenean, ikusi da lan ona egin dudala udan, eta bere fruituak ematen ari dela orain», zehaztu du tolosarrak.

Zazpi proba bederatzi egunetan

Bi lasterketa horien ondoren, igandean bukatu zuen Tour de Ski izeneko proba: zazpi lasterketa bederatzi egunetan, eta hiru leku ezberdinetan. Munduko Kopako baliagarriak dira, eta sailkapen orokorrean 37. bukatu zuen. Lehen aldia izan da Rojorentzat proba multzo hori bukatu duela. «Aurretik beste behin parte hartu nuen baina bakarrik bi etapa egin nituen orduan. Oraingoan aukera izan dut bukatzeko, eta lehen hogeita hamarren artean ez naiz izan, baina gertu egon naiz, eta esaterako, azkeneko proban 33. bukatu nuen. Erregulartasun handia izan dut egun guztietan, eta oso pozik nago, bukatzea bakarrik niretzako helburu ona baitzen». Norvegian eta Suitzan lortutako emaitzek «konfiantza» eman diote Tour de Skiko lasterketetarako.

Denboraldi honi begira Andorrako selekzioarekin ari da entrenamenduak egiten eta bertatik antolatzen dizkiote logistika kontu guztiak. «Aldaketa handi bat izan da. 2014ko Sochiko Olinpiar Jokoetatik ez dut errendimendua jaitsi, baina ez dut gora egin ere, eta sei urte neramatzan emaitza onak egin gabe, edo behintzat ez nintzen gustura geratzen egindakoarekin. Beraz, Sochiren aurretik nuen entrenatzailearekin hasi naiz berriro entrenatzen. Bera Andorrako selekzioan dago, eta nik proposatu nion berarekin joan nahi nuela, bere taldearekin, bere logistika aprobetxatuz, eta egia esan oso pozik nago ikusita nola ateratzen ari diren gauzak. Oso gustura nago hartutako erabakiarekin».

Aurrera begira, Rojoren asmoa Munduko Kopako zirkuituko probak egiten jarraitzea da eta lasterketa luzeren batean parte hartzea. Gero, denboraldiaren bukaeran, Espainiako Txapelketan parte hartuko du. Denboraldi hau trantsiziokoa izan ohi da, ez baitago Munduko Txapelketarik edota Olinpiar Jokorik. «Gauza ezberdinak probatzeko garaia izaten da denboraldi hau, ni egiten ari naizen bezala, gero etorriko diren Munduko Txapelketari eta Olinpiar Jokoei begira».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!