Tolosar bat Espainiako ministro izango da

Ataria 2020ko urtarrilaren 10a

50 urteko Arantxa Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministro izango da. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak eman du iragarpenaren berri. 

Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua ministroen berri ematen ari da egunotan. Gaur, Sanchezek Arantxa Gonzalez Laya (Tolosa, Gipuzkoa, 1969) legelaria aukeratu du Atzerri ministro kargurako. Egun, NBEren idazkari nagusiordea da tolosarra, baita ITC Nazioarteko Merkataritza zentroko zuzendaria ere. Hainbat lan egin izan ditu Europako Batzordean, nazioarteko harremanetan, merkataritzak, komunikazioan zein garapenerako lankidetzan.

Sanchezek igande honetan emango du ofizialki gobernu berriaren egituraren berri. Igandean, Sanchezek Felipe VI.a Espainiako erregeari emango dizkio gobernu berria osatuko duten ministroen izenak, eta, ostean, Espainiako gobernuburuak agerraldi bat egingo du komunikabideen aurrean. Hurrengo egunean, urtarrilaren 13an, karguaren zina egingo dute ministro berriek. Gobernu berriak asteartean egingo du lehen Ministro Kontseilua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!