Bateria jotzaile tolosarra izango du Asgarth taldearen itzulerak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 10a, 10:35

Talde donostiarrak bere itzulera iragarri du, urte berriarekin batera, eta bi taldekide berri ariko dira aurrerantzean; Etxahun Urkizu bateria jotzaile tolosarra izango da bat.

Hamahiru urteko etenaldia egin eta gero, datorren udan taula gainera itzuliko direla iragarri du, Asgarth heavy metal talde donostiarrak. Musika jardunari berriro ekingo diote Asier Enbil, Ander Cañas eta Unai Zabala jatorrizko taldekideek, eta haiei batu zaizkie, aro berrirako, Hilotz musika taldeko bi kide: Mikel Yarza baxu jotzaile lasartearra, batetik, eta Etxahun Urkizu bateria jotzaile tolosarra, bestetik.

Taldekide berriek "aire berria" ekarri dutela nabarmendu du Asgarthek, eta horrek "iraganaren eta orainaren arteko oreka" lortzea ahalbidetu diela: "Musikalki azkar moldatu dira, baina garrantzitsuena zera da, tratu pertsonalean ezin hobe uztartu direla. Oso erraza izan da haiek ezagutu eta elkarlanari ekitea. Sortu den giroa bikaina da, eta hau ezinbestekoa da halako proiektu bati abiada emateko. Irrikatan gaude, Euskal Herrian zehar egurra banatzeko".

Zuzeneko emanaldiekin beteko dute itzulera, baina, horrekin batera, Asgarthek abesti berriak prestatzeari ekin dio. Azaldu dutenez, beti buruan izan dute itzuleraren ideia eta, orain iritsi dela, Joxi eta Anaia Korral taldekide ohiak gogora ekarri nahi izan dituzte: "Beraien ekarpena handia izan da, taldearen ibilbidea ulertezina da haiek gabe eta beti izango dira Asgarth familiaren parte”.

Datozen hilabeteotan emango dituzte, aurrera begirako planen xehetasunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!