Txartel didaktikoak banatu ditu Tolosako Udalak, klima aldaketaz hausnartzeko

Ataria 2020ko urtarrilaren 10a

Jasangarritasuna egunerokoan txertatzeko asmoz, Unescok 2030 Agenda proiektuan zehaztutako helburuetako bati heldu nahi diote.

Urte berrian mundua aldatzen hasiko al gara? Galdera horren akuilua baliatu nahi izan du Tolosako Udalak, klima aldaketaren aurrean osatu duen azken proiektuari izenburua jartzeko. Helbururik behinena herritarren kontzientzia piztea da, eta haiek hausnarketara bultzatzea, klima aldaketaren aurrean norbanakoak egin dezakeenaren inguruan. Horrela, txartel didaktikoak sortu ditu Tolosako Udalak, eta ikastetxeetan nahiz eraikin publikoetan banatu ditu, urte amaierarekin batera.

Kontzientziazioaren adar hori Unescok 2030 Agendan zehaztutako helburuetako bat da, beste hamazazpiren artean; 2015. urteko Goi Bileran adostutako neurriak izan ziren guztiak, eta udala Tolosaren neurrira moldatu nahi izan du hausnarketa sustatzearena: «Klimaren larrialdi egoera errealitate ukaezina da, eta horri buelta ematea gizakion ingurumen erronkarik handiena da; erronka pertsonala, kolektiboa eta globala».

Horrela, beraz, klima aldaketari buruzko txartel didaktikoak herritar guztiengana helarazi nahi dituzte. Gabonetako opor egunen aurretik, herriko ikastetxeetan banatu zituzten, eta beste 500 ale ere eskuragarri jarri dituzte, eraikin publikoetan; udaletxean, kultur etxean, liburutegian, musika eskolan nahiz kiroldegian daude.

Eduki hori tolosarren artean zabalduz, bertan proposatutako helburuak praktikara eramatera animatu nahi dituzte herritarrak, eta aldaketarantz erabakiak hartzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!