Mendi Tour Tolosako izen ematea zabalik da

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 10a, 05:58

Datorren otsailaren 14ra bitarte zabalik izango da lanak aurkezteko epea; irabazleak 600 euro jasoko ditu.

Mendi Tour hitzorduak lepo betetzen du, urtero, Tolosako Leidor aretoa. Mendiarekin eta abentura kirolekin lotutako film onenen eskaintzarekin batera, ordea, film labur berriak ezagutzeko plaza ere bada Leidor, Mendi Tour Tolosa lehiaketaren bidez. Aurtengo ekitaldirako izen-ematea zabalik da honezkero, datorren otsailaren 14ra bitarte.

Tolosako Udalak, Tolosa Gasak eta Mendi Film Festival elkarteak hamargarrenez antolatu dute jaialdia, eta baita lehiaketa ere, eta, betiko moduan, film laburren lehiaketako ikus-entzunezkoek mendiari eta abenturei lotutako esperientziak izan beharko dituzte ardatz.

Halako bizipenen bueltan film laburren bat osatu nahi duen edonork parte har dezake sariketan, baina, gehienez ere, parte hartzaile bakoitzak bina lan aurkezteko aukera izango du. Lan horiek ezingo dute 5 minutu baino gehiagokoak izan, eta edozein hizkuntzatan aurkezteko aukera izango da, formatu digitalean.

Hamargarren Mendi Tour eta hamargarren lehiaketa izaki, aurten bi sari banatuko ditu Tolosako Udalak: 600 euroko sari nagusia, eta lan tolosar onenaren 400 euroko saria. Horiek eskuratzeko, lanak otsailaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dira, Plaza Zaharreko Udate zerbitzuan, edo kultura@tolosa.eus helbidera Wetransfer bat bidalita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!