Mosaiko handi baten bilduma

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 9a, 10:02

'Tolosako fauna: landa behaketa' liburua argitaratu dute Tolosako Udalak eta Alberto Luengo biologoak; herritarrek uste baino espezie gehiago bizi dira inguruan.

Duela ia urtebete aurkeztutako Tolosako Landa Koadernoa osatzera heldu da Tolosako fauna: landa behaketa liburua. Tolosako Udalak sustatu eta Alberto Luengo biologoak mamitutako lana da, eta hiru zati nagusi eskaini dizkiote irakurleari: Tolosan bizi diren espezieak bildu dituzte, batetik; berriki inguruan azaltzen hasi diren espezieen berri ere eman dute; azkenik, egutegi natural bat osatu du Luengok.

«Uste duguna baino askoz ere espezie gehiago daude Tolosan, imajina dezakeguna baino ugaztun, hegazti nahiz intsektu gehiago». Hala nabarmendu du biologoak eta, bide horretan, zenbaki zehatzak eskaintzeko ikerketa sakonago bat egin beharko litzatekeela uste duen arren, Tolosako ekosistema mosaiko handi bat dela uste du: «Gipuzkoa oso txikia eta oso populatua da eta, gipuzkoarrok naturarekin lotura handia dugun arren, industriaren historiak ere garrantzi handia izan du».

Horrek lurraldearen eraldatzean eragin zuzena izan duela dio, «baina, hala ere, asmatu dugu irla moduko eremuak mantentzen, eta horrek giro desberdinen mosaiko bat sortu du. Gipuzkoan bezala Tolosaldean ere, denetik daukagu pixka bat, eta horrek fauna behatzeko aukera handia eskaintzen digu, lurralde oso txikian».

Zerbait behatzeko, ordea, jakin egin behar da hor dagoela; edo ez. Izan ere, Alberto Luengo biologoak zehaztu du bi behatze modu baliatu ohi dituztela biologoek, beren jardunerako: behatze pasiboa eta berariazkoa, bilatutako behatzea. Argitaratu berri duten liburuko espezie asko modu pasiboan bildu dituela aitortu du, «mendian, ibaian edo Tolosan barrena» zihoala. Ez baita erraza gizakien bizi erritmoa faunarenarekin uztartzea: «Jendeak ez ditu inguruko espezie asko ezagutzen eta, gainera, normalean, fauna egunsentiko edo ilunabarreko orduetan aktibatzen da; gizakion bizi erritmoa ahalik eta gehien saihesten saiatzen dira».

Dena den, zoologoek badute haiengana iristeko sen berezi bat, eta beste askok ikusi edo entzuten ez dutena atzemateko gai direla dio. Animalia jakin batzuk ikusi nahi izan dituenerako, berriz, oso zehatz ezagutzen du haien bizimodua: «Adibidez, ugatza ikustera joan nahi baldin badut, oso zaila da leku zehatz batera ez joatea, bai baitakit, gutxi-gorabehera, zein ingurutan dabilen. Gero, beste kontu bat da ikustea edo ez ikustea, noski».

EKOSISTEMA ALDATZEN

Lauzpabost urteko lana bildu du Luengok, Tolosako fauna: landa behaketa liburuko 108 orrialdeetan eta, epealdi horretan guztian behatutako espezieen artean, badira Tolosa inguruetan azaltzen hasi berriak direnak. Ekosistema aldatzen ari da, baina ez dago horretarako arrazoi edo eragile orokor bat. Espezie bakoitzaren araberakoak dira, lehen bizi ez ziren inguru batean bizitzen hastearen arrazoiak, eta hiru animalia zehatzen kasuak jarri ditu adibidetzat.

Igaraba Tolosatik gertu egoteko bi motibori jarri die fokua, adibidez: «Oria ibaiko uraren kalitatea asko hobetu da, zalantzarik gabe eta, lehen ez bezala, orain animalia horrek behar dituen elikagai asko daude inguruan. Bere bizi zikloa garatzeko aukera du, Orian duela urte batzuk ez zeuden arrainak baitaude orain. Horrez gain, gaur egun debekatuta dago igarabak ehizatzea».

Izokinari buruz ere aritu da, Tolosatik oso-oso gertu baitago: «Uste dut laster ikusi ahal izango dugula Tolosan, uraren kalitatea hobea delako, eta politikak garatu dituztelako ibaietako hainbat oztopo eraisteko. Horrek ahalbidetzen du izokina ibaiko eremu altuetaraino sartzea». Izan ere, hori ezinezkoa zen orain dela gutxira arte, ibaia «humanizatuegi» baitzegoen.

Azkenik, lepahoria Tolosan berreskuratzen ari dela ere nabarmendu du, basoarekin duen loturagatik. «Azken urteotan, Gipuzkoan, askoz ere zuhaitz gehiago dago, eta lepahoria basoari oso lotuta egon ohi da. Tolosa inguruan baso eta landaredia asko izaten dugu, eta lepahoria zuhaitz asko dagoen eremuetara iristen ari da».

GERO ETA ISOLATUAGO

Egutegi natural batekin itxi dute Tolosako faunari ateratako argazkia, baina, zer da egutegi natural bat? «Azken finean, naturan gertatzen denari gure ikuspegitik begiratzeko gida bat besterik ez da».

Eta, sasoikako egutegia antolatu du Luengo biologoak: «Gero eta isolatuago gaude naturatik eta, eguraldia zer moduzkoa den jakiteko, mugikorrari begiratzen diogu, leihora atera beharrean. Adibide inozo samarra da beharbada, baina balio du gertatzen dena ikusteko. Tolosaldeko naturan gertatzen dena ikusi behar dugu, eta horretan lagunduko du egutegi horrek».

Liburuaren mamia osatzeko, irudiak jarri ditu Xabier Mendarterenak, eta argitalpena eskuragarri dago jada, Babel eta Elkar liburu dendetan, 22,5 euroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!