27,3 milioiko aurrekontua izango du 2020ak, oposizioaren botorik gabe

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko urt. 8a, 08:50

Emakumeen Etxeko obraren lehen fasea garatuko dute, eta Zumardi Txikiko eta Rondilla kaleko proiektuak idatzi; EH Bilduk «aldebakartasuna» leporatu dio gobernuari.

Joan den ekainean, agintaldi osorako zenbait adostasunen oinarriak itxita utzi zituzten EAJk eta PSE-EEk, sinatutako akordioan. Hitzarmen horren fruituetako bat izan da urte berrirako udal aurrekontua, eta joan den abenduaren 19an onartu zuten plenoan, oposizioaren aurkako botoekin: guztira, 27.375.195 euroko poltsa izango du Tolosako Udalak, datozen 12 hilabeteetarako.

Udalbarria antolaketa berriaren moldeei jarraituz, aurrekontu proposamenak ere egitura horri eutsi dio eta, beraz, hiru sail nagusitan banatu dituzte inbertsio eta proiektuak: Herritarrak sailera aurrekontuaren %44,05 bideratu dute; Antolakuntza arlora %27,84; eta, azkenik, %28,11 Lurraldera. Begoña Tolosa ogasun eta finantza zinegotziak azpimarratu zuen, «pertsonak ardatz» dituen aurrekontua diseinatzen saiatu direla: «Tolosarrak eta haien ongizatea erdigunean jarri nahi izan ditugu eta, horregatik, aurrekontuaren zatirik handiena Herritarrak sailera bideratu dugu».

Zenbaki orokorra %1,71 igo da iazko urte politikoarekin alderatuta, eta 2020an Tolosako Udalak 460.000 euro gehiago izango ditu bere jardunerako. Horrela, urteko egitasmo azpimarragarrienak izango dira Emakumeen Etxeko obraren lehen fasea gauzatzea (280.000 euro), eta Zumardi Txikia berreskuratzeko nahiz Rondilla kalea eraberritzeko proiektuak aztertzea.

INBERTSIOETARA, 1,6 MILIOI

Udal gobernuak inbertsiotzat jo dituen proiektu eta obretara 1.670.000 milioi euro bideratu dituzte, 2020ko aurrekontutik.

Hasteko, Zumardi Txikia berreskuratzeko aukerak aztertuko dituzte eta, horri lotuta, bertako aparkalekuak birkokatzeko azterketa ere egingo dute. Bide beretik, Rondilla edo Pablo Gorosabel kalea berritzeko proiektua ere idatzi nahi du udalak, eta horretarako merkatari eta herritarrekin bildu.

Bi kasu horien harira, EH Bilduko oposizioak azaldu zuen honezkero egikaritze bidean behar luketen proiektuak direla, «2018ko nahiz 2019ko aurrekontuan hizpide zirelako». Andu Martinez de Rituertok proiektu horiek kudeatzeko modua gaitzetsi zuen: «Areago, 2020ko aurrekontuan bi egitasmo horiek ez dute partida zehatzik, 2019an erabili ez zen dirua erabiliko duzuelako horretarako. Baina zuek inbertsio berri bezala aurkeztu dituzue».

Emakumeen Etxeko proiektua ere 2020an gauzatu nahi dute, obraren lehen fasea eginez, eta 280.000 euro inbertituko dituzte horretarako. Kultur etxea eraberritzeko proiektua ere urte berriarekin idatzita izatea aurreikusi dute (110.000 euro).

Abegi zentroan, berriz, obrak egin nahi ditu udalak, eta eguneko nahiz gaueko eskaintza berria antolatu, «boluntarioekin elkarlanean».

Hirigintza lanek ere tarte nabarmena izango dute urte berrian eta, besteak beste, Laskoain kalean eta Gernikako Arbolan berrurbanizazio lanak egingo dituzte. Era berean, San Frantzisko, Oria eta Paper kaleak berrituko ditu udalak, eta baita Euskal Herria plazako arkupeetako lurzorua ere.

Kirol ekipamenduei begira, azkenik, datorren udan ekingo diote Uzturpe pilotalekuko sabaia berritzeari.

«ZERBITZU HOBEA» JOMUGAN

«Tolosarrei zerbitzu hobea ematea» 2020ko egitasmoen «erdigunean» ezarri dutela azaldu zuen Begoña Tolosak eta, inbertsioez harago, hainbat proiektu zerrendatu zituen ideia horren harira.

Udate «sendotzen» jarraitu nahi dute, eta administrazio elektronikoa garatu eta udaleko ekipamendu informatikoa berrituko dituzte horretarako.

Gizarte zerbitzuetara ekarpena %8,7 handituko dute, eta indarkeria matxistaren aurkako prebentzio kanpainak areagotzea da udalaren asmoa.

Garapen ekonomikoaren arloan, guztira, 838.000 euroko poltsa izango da 2020an: enpresentzako diru laguntza «berritzaileak» garatu nahi dituzte, eta Emari co-working gunean kanpaina berriak sortu. Halaber, Azoka «biziberritzen» jarraitzeko asmoa azaldu du gobernuak, eta turismoa bultzatzen jarraitzea, «bertako ekonomia sustatzeko».

Etxebizitza hutsen azterketa amaitzen denean, ordenantza berrikusi, eta 2021eko aurrekontuan izango du isla, «alokairua sustatzeko».

Azkenik, kultur eskaintzari begira, kontsumo azterketa egingo dute (64.000 euro), eta baita haur eta nerabeen inguruko azterketa ere.

Klima aldaketak sor ditzakeen erronkei ere heldu nahi diote 2020an eta, beraz, Ferialekuan eguzki plakak ezartzea erabaki du udal gobernuak. Helburu berari lotuta, honako proiektuak zerrendatu dituzte, besteak beste: kaleko argiterian LED argiak ezartzen jarraitzea, Hiribus elektrikoa eskuratzea eta auto elektrikoentzat karga puntuak jartzea.

EZTABAIDA ELKARLANAZ

EH Bilduko udal taldeak aurkako botoa eman zuen aurrekontuak onartzerakoan. Finean, «elkarlana ulertzeko modu desberdinak» dituztela azaldu zuen Andu Martinez de Rituertok, elkarlan «handiagoa» espero zuela zehaztuz: «Indar banaketa kontuan hartuta, eta guk ere zortzi zinegotzi ditugula gogora ekarriz, gure esperantza zen lanketa honetarako benetako elkarlana sustatzea. Gure ideia ez zen emendakinak aurkeztea, baizik eta aurrekontua batera lantzea. Zoritxarrez, aldebakartasunez jokatu duzue».

Modu horretan, 27,3 milioi euroko aurrekontuari begira, zenbait kritika egiteko baliatu zuen plenoa oposizioak. Nagusiki, aurrekontuak «ez du gastu erreala islatzen» EH Bilduren iritziz, eta kreditu aldaketa bidez funtzionatzea gaitzetsi zuten: «2019an 7,5 milioi euro erabili zenituzten kreditu aldaketetan, eta horrek aurreikuspen falta islatzen du».

Tokiko ekonomiaren kudeaketan ere desadostasun zenbait azaldu zituen EH Bilduk, eta ez zaie egokia iruditu larunbateroko azoketara bideratutako aurrekontua iazko bera izatea, Haragi azoka bereziko aurrekontua 11.000 euroan igo den bitartean. Bide beretik, publizitatea ere hizpide izan zuten: «Poltsa berri bat zabaldu duzue publizitate eta komunikazio estrategia osoa garatzeko, eta egokia iruditzen zaigu. Baina, sarri, irudia saltzen duzue, egitasmoak sustatu beharrean».

Kritikei erantzunez, Begoña Tolosak kreditu aldaketak «tresnak» direla defendatu zuen. Olatz Peonek, berriz, «oposizioaren estrategia argitzat» jo zuen EH Bilduk egindako hitz hartzea: «Oso gauza txikitan sartu zarete (...). Elkarlana mahai gainean dago, baina beste kontu bat da, oposizioak udal administrazioko funtzionamendu arauak ondo ez ezagutzea».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!