Film laburrak aurkez daitezke, jada, Mendi Tour Tolosa lehiaketara

Tolosaldeko Ataria 2020ko urtarrilaren 7a

Datorren otsailaren 14ra bitarte zabalik izango da epea; irabazle nagusiak 600 euroko jasoko ditu.

Mendi Tour hitzorduak lepo betetzen du, urtero, Tolosako Leidor aretoa. Mendiarekin eta abentura kirolekin lotutako film onenen eskaintzarekin batera, ordea, film labur berriak ezagutzeko plaza ere bada Leidor, Mendi Tour Tolosa lehiaketaren bidez. Aurtengorako izen-ematea zabalik da honezkero, datorren otsailaren 14ra bitarte.

Tolosako Udalak, Tolosa Gasak eta Mendi Film Festival elkarteak hamargarrenez antolatu dute egitasmoa eta, betiko moduan, lehiaketako ikus-entzunezkoek mendiari eta abenturei lotutako esperientziak izan beharko dituzte ardatz.

Halako bizipenen bueltan film laburren bat osatu nahi duen edonork parte har dezake lehiaketan, baina, gehienez ere, parte hartzaile bakoitzak bina lan aurkezteko aukera izango du. Lan horiek ezingo dute 5 minutu baino gehiagokoak izan, eta edozein hizkuntzatan aurkezteko aukera izango da, formatu digitalean.

Hamargarren Mendi Tour eta hamargarren lehiaketa izaki, aurten bi sari banatuko ditu Tolosako Udalak: 600 euroko sari nagusia, eta lan tolosar onenaren 400 euroko saria. Horiek eskuratzeko, lanak otsailaren 14a baino lehen aurkeztu beharko dira, Plaza Zaharreko Udate zerbitzuan, edo kultura@tolosa.eus helbidera Wetransfer bat bidalita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!