Argazki Galeria

Errege Magoak heldu dira Tolosara

Ataria 2020ko urtarrilaren 5a

Meltxor, Gaspar eta Baltasar, autoan heldu dira Iurreamendi Zaharren Egoitzara. Bertan, zain zituzten zenbait haur, eskutitzak eman eta opariak eskatzeko gogoz. Bueltan, gozokiak banatu dizkiete, Ekialde Hurbileko Hiru Erregeek.

Lehenik, kanpoan izan dira, eta ondoren, egoitzako kaperara joan dira. Bertan, banaka agurtu dituzte haurrak. Hiru Erregeek desio bat soilik eskatu diete haurrei: "Gaur gauean, garaiz joan lotara, eta garrantzitsuena, inondik inora ere ez esnatu". Esnea eta gailetak jarriko dizkietela esan diete zenbait haurrek. Iurreamendikoa, ordea, ez da bisita bakarra izango. Izan ere, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, Tolosako Alde Zaharra zeharkatuko dute gaur iluntzean.

18:30ean hasiko da kabalgata. Ordu horretan, Plaza Zaharretik abiatuko dira, Buruhandi eta Erraldoien konpartsarekin, Udaberri Dantza Taldeko haurrekin, Tolosako Musika Bandarekin, eta Jaiotzen Lehiaketan parte hartu dutenekin batera. Euskal Herria Plazan egingo dute lehen geldialdia. Bertan, herritarrak agurtuko dituzte, eta dantzarien txanda helduko da ondoren. Behin ekitaldia amaituta, Zerkausirako bidea hartuko dute, bertan haurren eskakizunak banan bana entzuteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!