Denboraldian zehar uretaratuko diren batelak aurkeztu eta gero, estropadak egingo dituzte beraien artean, Tolosan, Oria ibaian. “Emaitza onak lortzen ditugu eskualdeko arraunlariekin, bertakoekin. Gure altxorra gure harrobia da. Hori da gure oinarria”, nabarmendu dute Tolosaldeko Arraun Klubekoek. Arraun zaletasuna zabaldu dute Tolosaldean: “Geroz eta haur gehiago dira gurera hurbiltzen direnak arraun egitera, eta zoragarria da hori!”, diote, eta "denboraldi berria ate joka dago, eta berriz ere zabal-zabalik dituzte klubeko ateak. Zerkausi azpian aterpea hartu nahi duen edonork tokia izango du, beraz, 2020 denboraldian", adierazi dute. “Arrauna ikasi eta arraunaz gozatu nahi duena etor dadila gugana, beso zabalik jasoko dugu”, esan dute TAK-eko kideek.
Pasa berri den denboraldiari begira jarriz, jubenil mailako neskek kluben arteko Gipuzkoako Batel Ligan lehen postua lortu zuten. Orio A eta San Juanen aurretik, podiumaren eskailerarik altuenera igo ziren Tolosako neskak. "Hirugarren sailkatu ziren nola promesa neskak, hala infantil neskak. Gainontzeko taldeek ere emaitza onak lortu zituzten podiumaren atarian sailkatuta", azpimarratu du TAK-ek.
Batel denboraldiaren atzetik etorri ziren Gipuzkoako Batel Txapelketan bigarren postu bat, hiru hirugarren postu eta bi laugarren postu.
Tolosaldeko Arraun Klubak Gipuzkoatik Euskadiko txapelketarako bidea egin zuen: "Bost batelek hartu zuten parte lehiaketan eta bina bigarren eta hirugarren postu eskuratu zituzten. Emaitza oso onak, mailaz igo ahala emaitza are hobeak lortu baititugu”.
Emakume gazteak eta gizon kadeteak izan ziren Euskadin bigarren sailkatu zirenak; hirugarren postuan, aldiz, emakumezko eta gizonezko haurrak sailkatu ziren.
Ligari amaiera emateko Espainiako Txapelketa jokatu zuten Tolosaldeko arraunlariek. Jubenil neskek bandera astindu ahal izan zuten. "A finala irabazita, Espainiako Txapeldun izan ziren. Laiene Izagirre patroi zen ontzian aritu ziren arraunean Laiene Gil, Eider Zubeldia, Irati Lizeaga eta Janire Izagirre", azaldu dute klubeko kideek.
Infantil nesketan bigarren sailkatu zen B finalean Tolosaldeko Arraun Klubaren batela. Infantil mutilak lehen postuan sailkatu ziren B finalean. Eta, kadete mutilak, bosgarren postuan sailkatu ziren A finalean.
Lortutako hau izango litzateke: Gipuzkoako Batel Ligan urre bat eta bi brontzezko domina; Gipuzkoako Txapelketan zilar bat eta hiru brontze; Euskadiko Txapelketan bi zilar eta bi brontze; Espainiako Txapelketan urre bat lortu zuten eta, kontsolazio txandan, ontzi bat txapeldun izan zen eta beste bat bigarren postuan helmugaratu zen.
Olatu artean
Bigarren urtez jarraian Tolosaldeko trainerua itsasoko uretan aritu da: “Ederra izan da itsasorik ez duen eskualde bateko ontzia itsaso zabalean arraunean ikustea. Itzalpeko lana egiteko urtea izan da aurtengoa, zehaztasunetara jotzekoa eta indarra detaileetan jartzekoa", adierazi dute klubetik.
ETE Ligan aritu dira aurten ere Tolosaldeko neskak, bigarren mailan. Eta kategoria honetan, bandera bat astintzea lortu dute eskualdeko arraunlariek. Kolindresen irabazi zuten estropada, Kantabrian. Sailkapen orokorrean laugarren postuan gelditu ziren TAKeko neskak.