ARGAZKI GALERIA

Uzturreko gurutzea lapurtu zutenekoa

Naiara Roldan de Aranguiz 2019ko abenduaren 31

Mendira igoz edo korrika; askok aukeratu behar izaten dute urtea amaitzeko modua. Gaurkoan zenbaiti denerako denbora eman die: Uzturre mendia igo, gurutzea lapurtu eta Tolosako Elkartasun Krosean korri egin. Betiko legez, krosa hainbatentzat kirol lehia bada ere, beste askorentzat festa bihurtzen da urteko azken korrikaldi hau.  

Honela, mendizale lapurrez gainera, Tolosako kaleak, San Fermin zaleez, Gabonetako apaingarriz jantzitako korrikalariez, animalien mozorro beroez, eskiatzaileez edota buruhandiez bete dira. Guztiak dortsalak jantzita, salgai jarritako 950 dortsal horietako bat soinean zutela. 

Mozorroek, dortsalek eta elastiko koloretsuek argitu dituzte Tolosako Alde Zaharreko kale estuak. Korrikalariak Udaletxe plazatik abiatu badira ere, Solana kalea estu geratu zaie. Korrika saioa mantsotu eta berriro ere lasterketa egiteari ekin diote hainbatek. Hala ere, batzuek etxetik atera aurretik bazekiten eskoba lana egingo zutela eta uneoro lasterketa ixten izango zirela. 

Ikuslez bete dira Tolosako kaleak, 15:30ean, txikienen lehen lasterketa abiatu denetik, eta helduena amaitu arte bete-beteta mantendu dira, korrikalariei animo beroak eskainiz.

Samaniego eta Orixe ikastetxeetako antolatzaileek, aurten ere, Bibliomula proiektua garatzera bideratuko dute krosean jasotako dirua. Honela. parte hartzaile eta ikusleek proiektuaz gehiago jakiteko, Zerkausian egon da postua ikusgai arratsalde guztian zehar.

Eta berritasunei begira, trofeoak Orixe institutuko eta Tolosaldea Lande Heziketa Institutuko ikasleek egin dituzte; batzuek diseinatu eta besteek garatu. Hauek izango baitira aurrerantzean banatuko dituzten oroigarriak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!