ARGAZKI GALERIA

Erraldoi eta buruhandien tailerra abiatu dute Ferialekuan

Ataria 2019ko abenduaren 23a

Tolosa&Co elkarteak antolatu du ekimena Erraldoi eta Buruhandien konpartsarekin elkarlanean. Gaur hasi dira lanean lehen txandakoak eta margotze lanari ekin diote.

Gurasoak eguberrietako erosketak egiten ari diren bitartean, erraldoi eta buruhandien tailerrean parte hartzeko aukera eman du, aurten, Tolosa&Co elkarteak. Lehen txanda, abenduaren 23, 26 eta 27an antolatu dute, eta bigarrena berriz, abenduaren 30, urtarrilaren 2an eta 3an.

Bi adin tarte bereizi dituzte tailerrerako:  4 eta 7 urte bitartekoak alde batetik eta 8 eta 11 urte bitartekoak bestetik. Tailerrak goiz eta arratsaldez emango dira Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren egoitzan, Tolosako Ferialekuan. 200 umerentzako tokia prestatu dute konpartsakoek eta jakinarazi dutenez, oraindik ere eman daiteke izena, www.tolosandco.org webgunean.

Lehen egunean txikienak izan dira gerturatzen lehenak. Erraldoi eta buruhandien irudiak margotu dituzte eta ondoren kutxetan itsatsi. Ostegunean jarraituko dute tailerrarekin eta orduan erraldoien dantza ikasiko dute. Azkenik, erraldoi eta buruhandien osagarriak egin, eta ostiralean kalejira txikiak egingo dituzte Tolosako kaleetan barrena. Datorren asteko bigarren txandan funtzionamendu berdina jarraituko dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!