Argazki galeria

Gurpiltxoen gainean, abiadura bizian

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko abe. 22a, 11:27

Gaur goizerako, ikuskizuna ziurtatu zuten Tolosaldeko Irristaka elkarteko ordezkariek, Usabal kiroldegian, eta ez da gutxiago izaten ari. 10:00etatik aurrera, V. Irristaka Indoor Saria jokatzen ari dira bertan, Euskal Herriko 73 irristalari.

Emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan, bi mailatan banatu dute txapelketa: Batetik, 15 urte arteko kirolariak, eta bestetik, adin horretatik gorakoak. Guztira, 73 parte hartzaile dabiltza, eta horietatik 36 dira emakumezkoak, eta 37 gizonezkoak. Gipuzkoarrak 23 dira, arabarrak 11, bizkaitarrak 5, eta nafarrak, berriz, 34. Guztira 11 elkartetako irristalariak ari dira parte hartzen.

Gainera, bakarka nahiz taldeka (erreleboka) ari dira lehiatzen parte hartzaileak. Lasterketa motzak, baina aldi berean, abiadura handikoak izaten ari dira. Kanporaketa formatuan ari dira lehiatzen, eta lehen fasean kanporatuak izaten ari direnek, bigarren aukera dute beste fase batean. Ondoren, finalerdiak eta finalak jokatuko dira bi modalitateetan.

Maila ezberdinetako irristalariak dabiltza: txikitatik kirol hau praktikatu izan dutenak, 30 urte baino gehiago dituztenak eta patinajean orain gutxi hasi direnak, gaur egun Espainiako selekzioan ibiltzen direnak, Behobia-Donostia lasterketako irabazlea, iazko Indoorreko irabazleak eta abar. Beraz, eta batez ere finaletan, ikuskizuna izango dela adierazi dute antolatzaileek.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!