Argizaiola, argazkiak patxadaz begiratzeko proposamena

Miriam Garcia Etxeberria 2019ko abe. 22a, 05:59

2018ko Argizaiola Saria: 'La Busqueda'. OSCAR MANSO

Aranburu Jauregian daude ikusgai lehiaketen lehiaketaren 2018ko edizioan saritu eta sailkatutako lanak, uftarrilaren 4ra bitarte.

Argizaiola Argazkilaritza Saria ez da lehiaketa arrunt bat, lehiaketen lehiaketa deitzen diote. Izan ere, bertan parte hartzeko beste argazki lehiaketa baten kredentziala jaso behar dute argazkilariek, horrela bakarrik lortu dezakete gonbidapena. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Federazioak antolatzen du urtero eta argazki ikusgarriak aurki daitezke bertan.

2018ko lehiaketara aurkeztutako argazki sailkatuak eta irabazleak Aranburu Jauregian daude ikusgai urtarrilaren 4ra bitarte, Targazki elkarteak antolaturiko erakusketan, hain zuzen ere. Erakusketa ibiltaria da: urte osoan Euskal Herriko toki desberdinetatik pasa da, aurreko urteko argazki saritu eta sailkatuekin, eta Tolosan egingo du ibilbideko azken geldialdia. 2019ko erakusketa Bilbon ikus daiteke dagoeneko, eta 2020ko urterrilean hasiko du bere ibilbidea, herriz herri.

Hirurogei lanek osatzen dute erakusketa, eta denetik aurkituko dugula dio Miren Atxaga Targazki elkarteko lehendakariak: paisaiak, erretratuak, argazkigintza kreatiboak, zuri-beltzekoak, kolorezkoak, urbanoak… Sari nagusia eta bi accesitak jaso zituzten argazkiak erakusketaren sarreran daude jarrita. Sari nagusia Oscar Mansok irabazi zuen, La búsqueda izeneko argazkiarekin. Beasainen bizi den gasteiztarra iaz Tolosa Herria lehiaketan epaileetako bat izan zen.



Argizaiola 2018 Accesit: 'Noe in REd 04'- MANU BARREIRO

Accesitak Manu Barreiro eta Luis Martinez Aniesak jaso dituzte. Lehenak Noe in Red 04 lanarekin eta La Concha argazkiarekin bigarrenak. «Accesitak ere gure epaileak izandakoak dira beste urteetan», dio Atxagak. Martinez Aniesa, adibidez, Tolosa Herriako lehen edizioko epaileetako bat izan zen.

Sarituen ondoan Tolosako bi argazkilariren lan bana ere aurki daiteke: Javier Ortizena bata, eta Miren Atxagarena berarena, bestea. Hainbat lehiaketatan saria jasotzeagatik lortu zuten Argizaiolan parte-hartzeko gonbidapena.

Erakusketa ikustera joaten denari argazkiak ondo begiratzeko eta denbora hartzeko gomendatzen die Atxagak. «Gure bizitza irudiz josita dago gaur egun, bata bestearen atzetik ziztu bizian pasatzen direnak, eta hori desikasi egin behar dugu». Argazki bakoitza patxadaz begiratzea proposatzen du, «pentsatzeko, zer esan nahi digun eta zer sentitzen dugun ulertzeko». Irudien hiperkontsumoan bizi garela dio Atxagak: «Ikusi egiten ditugu, baina ez ditugu sentitzen, eta horrela ez goaz inora».

Elkarren babesean aritzeko elkartea

Argazkigintzak esperimentatzeko eta filosofatzeko aukera handia ematen duela dio Atxagak. Targazki Tolosaldeko Argazkilari elkartean biltzen dira gai honetan zaletuak diren hainbat herritar. Elkartearen abantaila elkarren babesean aritzea dela dio: «Argazkilaritza berez oso gauza intimo eta bakartia da, sormen eta produkzio lan gehienak bezala. Oso erraza da gora eta behera ibiltzea, baina elkartearen barruan askoz errazagoa da batzuek besteei eustea».

Tolosaldean argazkigintzarako zaletasuna egon badagoela dio, baina digitala agertu zenetik asko aldatu dela: «Argazki azkarrak bete betean sartu dira gure bizitzatan, baina hemen ikusten ditugun argazkiak egiteko denbora hartu behar da, pentsatu egin behar da, begia izan behar da, nolabaiteko heziketa bat behar da».



Argizaiola 2018 Accesit: 'La Concha'. LUIS MARTINEZ ANIESA

Tolosa Herria argazki lehiaketa antolatzen du urtero elkarteak 2014tik; sei edizio egin dituzte dagoeneko. Tolosaldean argazki kultura sustatzeko eta Tolosaren izena argazki munduan ezagutarazteko helburuarekin antolatzen dute lehiaketa. Targazki Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Federazioko kide izanik, Tolosa Herriako irabazleek Argizaiolan parte hartzeko gonbidapena jasotzen dute.

Lehiaketaz gain, hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak eta beste hainbat ekintza antolatzen ditu Targazkik. Hilero pintxo-foto izenekoa antolatzen dute: argazkilari bat gonbidatzen dute hitzaldia ematera eta ondoren pintxo eta edariekin jarraitzen dute tertulia. Azaroan makro-argazkilaritza egiten duen Tolosar batekin elkartu ziren. «Intsektuei ateratzen dizkieargazkiak nola egiten dituen azaldu zigun, zer material erabiltzen duen… oso interesgarria izan zen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!