Irristalarien ikuskizun aparta Usabal kiroldegian

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 20a, 07:59

V. Irristaka Indoor Saria izango da jokoan, igande honetan, Usabal kiroldegian. 10:00etan hasiko da txapelketa.

Ikusgarritasuna nabarmendu zuten atzo Usabal kiroldegian, V. Irristaka Indoor Sariaren antolatzaileek, txapelketa aurkezterakoan. Tolosaldeko Irristaka elkarteak antolatzen du, eta bertako kideez gain, Joxe Mari Villanueva Tolosako Udaleko Kirol zinegotzia izan zen bertan. Igande honetan hartuko du Usabal kiroldegiak lehiaketa, 10:00etan hasita.

Sariak egutegian bere tartea egitea lortu duela azaldu zuten Irristaka taldekoek: «Hasieran talde gutxiago etorri arren, dagoeneko sendotzen doa parte hartzea, eta nahiko finkoa da, eta aldi berean, pixkana maila igotzen joan da». Bi mailetan banatzen dute txapelketa: 15 urte artekoak eta adin horretatik gorakoak, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. «Aipatu patinajea lasterketa askotan nahiko parekidea dela», azaldu zuten Irristakakoek, eta igandean 36 emakumezkok eta 37 gizonezkok parte hartuko dutela azaldu zuten, bi mailak kontuan hartuta. Gipuzkoatik 23 parte hartzaile izango dira, Arabatik 11, Bizkaitik 5 eta Nafarroatik 34. Guztira 11 elkartetako irristalariek parte hartuko dute, horietatik 6 nafarrak.

Maila ezberdinetako irristalariak izango direla esan zuten antolatzaileek: «Parte hartuko dute 30 urtetik gora hasi direnak patinajean, eta beste batzuk tartean Espainiako selekzioan hanka bat dutenak gaur egun, Behobiako irabazlea, iazko Indoorreko irabazleak gizonezkoetan zein emakumezkoetan... Hau da, txikitatik patinatu dutenak. Orokorrean, eta batez ere, finaletan, ikuskizuna izango da».

Bi lehia mota izango dira: banakakoa eta erreleboka egingo den taldekakoa. «Oso lasterketa motzak izango dira, kontaktu handikoak, eta abiadura handian ariko dira irristalariak», esan zuten antolatzaileek. Goiz osoan zehar egingo dira kanporaketak, beraz, formatua entretenigarria izango dela azaldu zuten.

Aurrera begira, Irristaka taldetik ere eskaria egin zuten entrenatzeko pista izateko, eta modu horretan taldekideen maila gehiago hobetzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!