"Koloretako tela zati txikiak moztu eta berriro josten ditugu"

Irati Saizar Artola 2019ko abe. 19a, 19:59

'Patchwork' teknika erabiltzen dute Karmele mertzeriako tailerretan, besteak beste; mantak, alfonbrak, motxilak eta bestelakoak egiten dituzte, eta egun, erakusketan jarri dituzte Aranburu Jauregian.

Tolosako Karmele mertzeriak tailerrak eskaintzen ditu 2014az geroztik, eta tailer horietan egindako lanak ikusgai jarri dituzte, egunotan, Aranburu Jauregian. Urtarrilaren 4a bitarte egongo da zabalik, arratsaldeetan, 17:30etik 20:30era bitarte.

Irakasle lanetan, besteak beste, Eva Garmendia tolosarra aritzen da bere ahizparekin batera, eta teknika ezberdinak lantzen dituzte.

Zer aurki daiteke Aranburu Jauregian?

Gehienbat, ikasleek egindako patchwork-eko lanak daude; baita puntuzko batzuk ere. Tailerra martxan jarri genuenetik hona egindako lanak dira. Izan ere, tailerretan parte hartzen duen jende asko lehen urtean hasi zen. Ideia polita iruditu zitzaidan lan horiek erakustea, eta jendeak ikustea zer egiten dugun.

'Patchwork' teknika aipatu duzu. Zer da zehazki?

Tela zati txikiak elkartuz mantak, alfonbrak, poltsak, motxilak... osatzen dira. Lan oso desberdinak egin daitezke: piktorikoak edota paisaiak; artistikoagoa da.

Hori guztia tela zati ezberdinak josiz?

Koloretako tela zati txiki desberdinak moztu eta berriro josten ditugu, diseinu oso ezberdinak eginez.

Josteko ze modu erabiltzen duzue?

Modu tradizionalean eskuz josten da, eta lehenengo horrela irakasten dugu. Baina makina ere erabili daiteke.

Mantak egiterako orduan, ordea, tela zati handiagoak behar dira?

Ez du zertan. Zati txikiekin ere moldatzen gara. Diseinuaren arabera, patroiak egiten ditugu, eta patroi horren arabera tela mozten dugu, eta elkartzen joaten gara.

Sormena ere lantzen duzue?

Bai oso ondo dator, bai sormena lantzeko, baina baita eskuak lantzeko ere. Gainera, tailerretara datozen horiek denbora bat pasatzen dutenez bertan, beste gauzak ahazteko tartea hartzen dugu.

Terapia modukoa ere bada, beraz?

Bai, noski. Taldeak elkartzen dira tailerrean, eta pertsonen artean oso giro ona sortzen da azken batean.

Tela zati ezberdinak josteak, koloreekin jolasteko aukera zabalagoa ematen du?

Bai, kolorea asko erabiltzen da. Gero, bakoitzaren gustuen arabera, lan berdina eginez baina kolore desberdinak erabilita, gauza oso ezberdinak ateratzen dira.

Zein tela mota erabiltzen duzue?

Normalean, kotoia erabiltzen dugu, eta gehienbat tela amerikarrak dira. Egin behar dugun produktuaren arabera, ordea, motxilak egiteko, adibidez, larru sintetikoak edota kortxoak ere erabiltzen ditugu.

2014an ireki zenuten tailerra. Zer dela eta hasi zineten?

Duela 35 urte ireki genuen mertzeria. Lehendabizi nire ahizpa hasi zen, eta ni 1992 inguruan batu nintzaion. Beti gustatu izan zaigu eskulana, jostea. Teknika berriak ateratzen ziren eta beti ikasten ari ginen. Ikusi genuen jendeak interesa bazuela tailer moduko batean edo hasteko. Horrela hasi ginen eta hemen jarraitzen dugu.

Arrakasta izan zuen lehen unetik?

Jendeari ideia asko gustatu zitzaion eta gaur egun, guztira, 80tik gora pertsona inguru etortzen dira klaseetara. Talde desberdinak ditugu, goizez zein arratsaldez etortzen direnak, astelehenetik ostiralera bitarte. Noizean behin, larunbatetan, tailer bereziren bat edo egiten dugu.

Zein da ikasle horien profila orokorrean?

Normalean, gehienbat emakumezkoak dira, 30 urtetik gorakoak.

Kuriositatea badago sormena landuz gauza bereziak egiteko?

Bai. orain arte ez zen oso ezaguna patchworkteknika hemen. Hasiera batean, jendeak soilik josteko ematen zuen izena, ez zuten imajinatzen noraino iritsi zitezkeen. Ni beti formatzen ari naiz, eta jendeari berritasun guztiak asko gustatzen zaizkio.

'Patchwork'-az gain, zein beste teknika lantzen dituzue?

Puntua eta kakorratza ere egiten ditugu. Talde txikiak izaten dira, bakoitzak bere maila du, eta bakoitzari bere lanarekin laguntzen diogu. Antolatzen ditugun egun berezietan, lan zehatz bat proposatzen dugu, eta interesa duena soilik apuntatzen da. Egun horretan bai, egun horretan esandakoa egiten dugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!