Bigarren itzulian, egurra

Erabiltzailearen aurpegia Ainhitze Aranalde 2019ko abenduaren 19a

Urteko azken partida zen eta gainera zuzeneko aurkari baten etxean jolasten genuen. Oiartzun 3 puntura geneukan, irabaziz gero harrapatu egiten genituen.

Azken emaitzek eta zulotik ateratzeko beharrak motibaturik, inoiz baino gogotsuago geunden partidurako, ahaztu gabe Oiartzunek azken 5 partiduetan puntuatzea lortu zuela.

Partida hasiera mugitua izan zen, hasi bezain laster aurretik jartzeko aukera izan genuen, baina langa jo zuen baloiak. Hortik gutxira aurkako penaltia ere izan genuen, baina Oiartzungo jokalariak atetik gora jaurti zuen. Lehen zatian dezente sufritu genuen baina atsedenaldira hutsean joatea lortu genuen.

Bigarren zatia hasi eta segituan etorri zen aurkarien lehen gola, joko aldaketa azkar batek ezustean harrapatu gintuen. Markagailua kontra izan arren borrokan jarraitu genuen eta horrela banakoa lortu genuen. Poztasunak ez zigun gehiegi iraun, ordea, izan ere segidan iritsi zen beraien bigarrena, zelai erdian izandako falta baten ostean. Partida amaieran berdintzeko aukerak izan genituen baina ez zen gola iritsi eta 2 eta 1ekoarekin amaitu zen partida.

Golpe gogorra izan zen, azken asteotan ondo entrenatzen aritu gara eta emaitzak ekarri dizkigu, baina, hala ere, ez dugu lehen buelta jaitsiera postuetatik kanpo bukatzea lortu. Orain ia hilabete dugu ligako hurrengo partidarako, gogor lan egingo dugu bigarren buelta honetan egurra emateko. Eutsi neskak!

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!