Argazki galeria

Festa nagusitu da

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 18a, 20:37

Tolosa CF-k galdu egin du Lehen Mailako Valladoliden aurkako Errege Kopako kanporaketa, 0-3, Berazubi futbol zelaian; 1.600 zale elkartu dira bertan eta jai giroan bizitu dute partida historikoa.

Tolosa CF-ren historiarako geratuko den partida izan da gaur bizitakoa Berazubin. Valladoliden aurka Errege Kopako kanporaketa jokatu du, lehenengo aldia izan da Lehen Mailako talde baten aurka partida ofizial bat jokatzen duena. 1.600 zale elkartu dira Berazubi estadioan, eta festa izan da nagusi, etxekoek kontrako emaitza jaso arren.

Azkenean 0-3 galdu du Tolosa CF-k, baina lehen zatian eutsi dio norgehiagokari. Hain justu, 20. minutuan jaso dute lehen gola urdinek, baina atsedenaldira joan aurretik ondo aritu dira zelaian. Bigarren zatiaren hasieran, 11. minutuan, iritsi da bigarren gola eta partida ia erabakita geratu da, hortik aurrera Valladolidek neurketa kontrolatu baity baloia mugitzeko bere kalitatea erakutsiz. 19. minutuan sartu dute aurkariek hirugarrena, partidari buelta ematea ia ezinezkoa bihurtuz.

Ez du posible izan Tolosa CF-k aurrerago egitea Kopan, baina denboraldi hasieran ametsa zena egi bihurtu da gaur. Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea, eta Berazubi estadioa horrelako jendetzarekin ikustea. Orain ligan arreta osoa jartzeko ordua iritsiko zaio talde urdinari, Hirugarren Maila ez baita nolanahikoa.

Gaurko partidaren aurretik, bi taldeetako ordezkariak eta hainbat gonbidatu, tartean Tolosa CF-ko lehendakari ohiak, elkartu dira Iurre elkartean, elkarri opariak eman eta ondoren batera partidara joateko.

"Berezia, baina ezinezkoa"

"Gure helburua, lehen zatiko emaitzari eustea zen; ea bigarrengoan beraiek urduriago zelairatzen ziren. Horrela, aukerak izango genituen, baina bigarren gol horrek min handia egin digu", adierazi du partida amaieran Aritz Arrieta tolosarrak.

Unai Aierbe ibartarrak, berriz, gaurko eguna berezia izan dela azpimarratu du: "Oso berezia izan da gaurkoa, bai partida bera, baita hasierako urduritasunak ere. Dena desberdina izan da. Inoiz ez da berriz horrelakorik gertatuko. Beraz, esperientziaz gozatzea tokatu zaigu". Bestetik, partidari buruz, honakoa azaldu du: "Euren golaren ondorioz, behera etorri gara, eta ezin izan dugu ezer egin. Azkenean, normala da horrelako partida bat galtzea".

Mikel Lekuona ibartarrak ere ez du inoiz gaurkoa ahaztuko: "Hasieran ondo zelairatu gara, intentsitate handiarekin. Baina, beraiek baloia mugitzeko kalitate handia dute, eta abiadura ere askoz handiagoa da. Beraz, minutuen poderioz, nekea sumatu dugu, eta erraz sartu dizkigute hiru golak. Horri, gainera, buelta ematea ezinezkoa da. Zaleen animoak ere nabaritu ditugu, eta hori eskertzekoa da". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!