24 orduko txapelketa, aurten berrikuntza garrantzitsuekin

Ataria 2019ko abenduaren 18a

TEEP Samaniego Orixe areto futboleko klubak aurten ere antolatu du 24 orduko txapelketa. Abenduaren 27an eta 28an egingo da, Tolosako Uzturpe frontoian. 

«Urtero izaten duen arrakasta kontuan hartuta, gogo handiz eusten diogu guretzat oso garrantzitsua izaten den erronka honi», azaldu dute klubetik.

IV. edizioa izango da aurtengoa eta, beraz, «zenbait aldaketa garrantzitsu» egin nahi izan dituzte txapelketan. Horien artean, bereziki nabarmendu nahi dute txapelketa baldintza berdinetan jokatuko dutela nesken eta mutilen taldeek. Izan ere, orain arte, mutilek Tolosako Uzturpe frontoian jokatzen zuten, bost pertsonako taldeak osatuz, eta neskek, berriz, Orixeko frontoian, lau pertsonaz osatutako taldeekin.

«Aldaketaren arrazoia oso garbia da: txapelketa berdintasunean joka dezaten nahi dugu, argi baitago ez dela gauza bera leku batean edo bestean jokatzea, hainbat arrazoi direla medio: kantxaren egoera, argitasuna, espazioa…», zehaztu dute antolatzaileek. «Hortaz, guretzat oso berezia da aurtengo edizioa. Guztizko berdintasuna lortzea da gure helburua eta, horretaz gain, Tolosako Uzturpen, denon artean, oraindik eta giro hobea sortzea». Era berean, aldaketa horiez gain, urtero bezala, sari potoloak eta parte hartzaile guztiei zuzendutako hainbat zozketa egongo direla jakinarazi dute. «Beraz, Tolosaldeko zein inguruko beste herrietako neska zein mutilak animatu nahi ditugu parte hartzera. Kirola, laguntasuna, emozioa, tentsioa... denetatik bizitzeko aukera izango dugu», adierazi dute antolatzaileek.

Izena emateko epea zabalik dago eta abenduaren 22a baino lehen eman behar da, horretarako teep.kirolkluba@gmail.com helbidera idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!