Aurrekontua «borondate politikotik» onartuko dutela azaldu du PSE-EEk

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abe. 18a, 08:22

Agintaldi osorako EAJrekin itxitako akordioaren fruitutzat jo du aurrekontua, Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak; «izaera sozial handia» duela nabarmendu du.

Udalbatzak bihar bertan onartuko du 2020. urteko aurrekontua, udaleko ohiko osoko bilkuran. Horren aurretik, PSE-EEk agerraldia egin du eta, nabarmendu dute, «borondate politikoaren ondorioz» irtengo dela aurrera proposamena.

Lapurdi plazan duten egoitzan eman dituzte azalpenak, Joxe Mari Villanueva PSE-EEko zinegotziak eta Oscar Renedo Tolosako PSE-EEko ordezkariak. Biak ala biak bat etorri dira, 2020. urteko udal aurrekontuaren «izaera soziala» azpimarratzerakoan, eta «gizarteko desberdintasunen aurka borrokatzeko moduko aurrekontua» izango dela berretsi dute: «Proposamenak gizarte-kohesio eredua sendotzen du, eta gizarte politikak babesten ditu».

Joan den maiatzeko hauteskundeen ondotik, Tolosako EAJk eta PSE-EEk agintaldi osorako akordioa hitzartu zuten, udal gobernua osatzearekin batera. Bide horretan, Villanuevak hitzarmen horri zuzenean lotu dizkio, bai 2020ko aurrekonturako akordioa, baita agintaldi osorako berriki aurkezturiko Legealdi Plana ere.

Azken hori Tolosako Udaleko barne funtzionamendu berriari lotutako neurria da. Izan ere, Udalbarria sistemaren baitan, beren jarduna «arindu eta koordinatu» egin dute: «Datozen lau urteetarako aurreikuspenak egitea ahalbidetu digu funtzionamendu berriak eta, era berean, zehazturiko ekintza planei eta helburuei lau hilean behin jarraipena egiteko betebeharra».

Horren harira, Oscar Renedok sozialisten garrantziari ere fokua jarri nahi izan dio, udalbatzako berdinketa puskatzeko boto baliagarria eurena dela azpimarratuz: «Aurrekontua gure botoarekin irtengo da aurrera, eta horrek garrantzi berezia ematen die gure proposamenei».

Beste hainbat arlotarako egitasmo zehatzen artean, PSE-EEko ordezkariek kirolari dagozkion proiektuak azpimarratu dituzte, udalean beren saila denez gero: «Batetik, Usabal kiroldegiko futbol zelaiko belar artifiziala berrituko dute eta, bestetik, Uzturpe pilotalekuko sabaia konponduko da hurrengo urtean».

Zentzu horretan, Villanueva «pozik» azaldu da, 2020. urte politikorako aurrekontuko hainbat proiektu beren hauteskunde programan jada bazeudelako: «Ia proposamen gehienak ekainean itxi genituen EAJrekin, baina EH Bildurekin ere elkartu gara, eta poztekoa da helburu bertsuak dituztela ikustea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!