Tolosatzen Eskola Irekia martxan jarriko dute gaur

Tolosaldeko Ataria 2019ko abenduaren 17a

Joan den agintaldian herritarren parte hartzea sustatzeko sortutako Tolosatzen proiektuaren jarraipena izango da Eskola Irekia; bilera 18:30ean izango da, pleno aretoan.

Herritarren ahalduntzea helburu nagusien artean du Tolosako Udalak, 2023-2019 Legealdi Planean. Hain justu, joan den astean aurkeztu zieten plana herritarrei, Topic zentroan. Bada, gaur, ahalduntze hori garatzeko egitasmoetako bat jarriko dute martxan, Tolosatzen Eskola Irekiaren lehen bileran; 18:30ean izango da, pleno aretoan.

Eskola Irekiak nazioarteko proiektu bat du oinarrian eta, udalak azaldu duenez, Tolosa proiektu pilotua izango da, "parte hartzearen esparruan bide bat egina duelako". Horrela, beraz, joan den agintaldian udalak garatutako Tolosatzen parte hartze foroaren jarraipena izango da Eskola Irekia, hiru ardatz nagusirekin: herritarrak trebetasun sozialetan gaitzea; ahalduntze sozio-komunitarioa eskuratzea; eta, azkenik, herritarrek herria, udaletxea eta ingurunea ezagutzea.

Tolosatzen Eskola Irekiko talde sustatzailea sortu dute dagoeneko, eta gaurko bilkuran talde motorra osatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!