Gabonetako Kanpaina, Topic-en

Ataria 2019ko abenduaren 17a

Urtero bezala, Topic-ek familia eta etxeko txikienei zuzendutako jarduerak antolatuko ditu datozen Gabonetan, "krisiaren eraginez oraindik gaizki pasatzen ari diren familiekin dugun elkartasuna ahaztu gabe". 

Topic Solidarioa-k Tolosako Udal Musika Eskola eta Txotxongilo konpainiaren laguntza jasoko du. Tolosako Musika Eskolako irakasle eta ikasleek abenduaren 20ean emango duten kontzertura, edota abenduaren 28an egongo den ikuskizunera joango diren ikusleek sarrera janari ez galkorraren truke eskuratu ahal izango dute. Jasotzen den janari guztia Tolosako Caritasi emango zaio. 

Kontzertua eta txotxongiloen Eman eta gero emanaldia 4 urtetik gorako haurrei zuzendua dago, eta Topic-eko antzokian izango dira 18:30ean. 

Gabonetan baita ere, 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako tailer bat egongo da abenduaren 26, 27, 28 eta 29an, 9:30tik 13:00etara eta 30 €ko izen ematea izango du. Tailer horretan stop-motion teknika irakatsi eta erabiliko da. Teknika honek geldirik dauden objektuen mugimendua erakusten du. Parte hartzeko 943 65 04 14 telefonora deitu behar da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!