Osasun publikoaren afera

TOPAren batzar jendetsua: "Hirugarren Munduko osasun zerbitzua daukagu"

Ataria 2019ko abenduaren 14a

Tolosako kultur etxea txiki geratu da. Ahulki guztiak beteta, zutik jarraitu behar izan du jendeak batzarra. Bi txostenen inguruan hitz egin dute TOPAko kideek.

Hasiera batean, lehendik ere ezaguna zen txostenaren inguruan hitz egin dute: Tolosaldearekiko osasun sailetik dagoen zorraz. Azken 35 urteotan 201 milioi eurokoa dela esan dute TOPAko kideek. Azken 8 urtetako datuak aztertuz, 96 milioikoa, hau da, urtean 12 milioi euro gutxiago bideratzen dira Tolosaldeko herritarrengana, TOPAko kideen esanetan: "Honek herritarrek jasotzen duten zerbitzuan eta zerbitzu hori eman behar duten langileengan dauka zuzeneko eragina".

Datuak ez direla eurenak jakinarazi dute TOPAkoek, "beraienak baizik". Hau da, Asuncion Klinika eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila jo dituzten arduradun.

Bigarren txostena udaletxe guztietan aurkeztu dutela esan dute, eta hurrengo asteartean, Eusko Jaurlaritzara eramango dutela.

Txosten horretan, homologatu gabeko medikuez hitz egin dute, baita medikuen mugikortasunaz ere. "Espezialistak falta dira, eta egon direnak joaten ari dira. Azken bi urtetan bederatzi traumatologo egon dira". Adibide zehatzak ere jarri dituzte; gaixo batek urtean lau mediku desberdin nola izan dituen kontatuz. "Montoia jauna negozioa egitera etorri da, eta murrizketekin eskua joan zaio. Jendea alde egiten ari zaio". Mediku orokorrak espezialista bezala daudela ere salatu dute TOPAtik.

Medikuen Eskolarekin ere hitz egin dugu eta Asuncionen gertatzen ari denarekin eurak ere kezkaturik daudela esan digute.

Azkenik, TOPAren esanetan Tolosaldeko herritarrak "Hirugarren Munduko zerbitzua jasotzen ari gara", eta beste eskualdeekin orekatzea eskatu dute, beste behin ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!