Larriki gaixo dauden presoak etxeratzeko aldarria egin dute

Ataria 2019ko abenduaren 14a

Tolosako Sarek informazioa banatu dute larriki gaixo dauden presoen egoeraren berri emanez, eta ondoren argazkia atera dute Trianguloa plazan, abenduaren 24ean Tolosan egingo den manifestaziorako deialdia egiteko.

Urtero Sarek antolatzen duen dinamika ibiltaria egin dute gaur Tolosan. Larriki gaixorik dauden presoen inguruan sentsibilizatzeko egin dute gaurko egitasmoa, eta bide batez bultzada eman abenduaren 24an Tolosan egiten den manifestazioari, eta Bilbon urtarrilaren 11n egingo den manifestazio nazionalari. 

Tolosako Sarek asmoa zuen herriz herri erabili den anbulantzia bertan izateko, baina Sareri anbulantzia utzi dion enpresak aste honetan Guardia Zibilaren bisita jaso dutela azaldu dute: "Enpresari esan diote ez dela oso legala plaza batean geldirik izatea anbulantzia bat, eta enpresak eskatu du anbulantzia itzultzeko, bestela ondorioak izango zituelako". Beraz, egitasmoa anbulantziarik gabe egin behar izan dutela azaldu dute Saretik, baina "oso ondo" atera dela esan dute: "Informazio orri pila bat banatu ditugu, jendeak galdera asko egin dizkigu eta urteroko argazkia atera dugu abenduko 24ko manifestaziorako deialdia egiteko". Abenduaren 24ko manifestazioa Tolosako Trianguloa plazatik 18:45ean abiatuko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!