Isidro Langara: Tolosa CF-tik, mundu mailako izar izatera

Mikel Iraola 2019ko abe. 15a, 06:00

30eko hamarkadan Tolosatik egin zuen salto profesional mailara Isidro Langarak. Nazioartean ospe handia lortu zuen, lehen Euskal Selekzioko kide izan zen, eta oraindik puskatu gabeko marka batzuen jabe da.

«Futbolean, defentsak ez du ezertarako balio». Ideia horren defendatzaile sutsua zen Isidro Langara Galarraga (Pasai Antxo, 1912 - Andoain, 1992). Begiz jota zuen aurkariaren atea: bi aldiz pentsatu gabe, danba! Eta, askotan, barrura. Ez 36ko Gerrak, ezta erbesteak ere ez zuen logika hori puskatu. Gol sorta ederrak lortu zituen jokatu zuen talde guztietan. Horrela iritsi zen pasaitar bat, Tolosa CF-tik, futbolaren historiako jokalari onenen pare izatera.

Futbolak ezertarako ere balio ez zuela sinetsita, Langarak ez zuen amaren –aita urte batzuk lehenago hil zen– oniritzirik izan baloiari lehen ostikadak ematen hasi zenean. Makina bat errieta egin zizkion Maria Galarragak etxera zapatilak puskatuta azaldutakoan.

Etorkizuna kirolaz ez beste bide batetik bilatu behar zuela-eta, Tolosako kotoi-fabrika batean hasi zen lanean, nerabe zela. Baina beharra ez zen nahikoa futbolean aritzeko zuen harra baretzeko. Eta horrela uztartu zituen ofizioa eta afizioa. Andoaingo Bildur Gutxin hasi zuen bere ibilbidea; Pasaiako Beti Aurreran eta Donostiako Esperanzan jokatu zuen gero, harik eta 1930. urtean Tolosara iritsi zen arte.

Denboraldi bakarra egin zuen Tolosan, baina golak egiteko zuen aparteko abileziari esker sona handia lortzera irisi zen. Hainbesteraino non Atletico Madrileko presidente Urquijok zuzendaritza taldeko kide bat bidali zuen «Tolosako aurrelari entzutetsu hori» fitxatzera. Tolosaren partida amaitu ostean, taldeko aurrelaria fitxatzeko nahia azaldu zuen Madrildik iritsitakoak. Egun horretan, ordea, Langarak ezker hegaleko erdilari moduan jokatu zuen; Jose Maria Artetxe izan zen 20.000 pezetarengatik Madrilera bidean jarri zena.

Realaren interesa ere piztu zuen Langarak, baita honek ezezkoa eman ere. Ignacio Maria Alkorta tolosarra, Cholin goitizenez ezaguna, zen talde txuri-urdineko aurrelari nagusia egun Realaren historiako bigarren goleatzaile nagusia da, Satrustegiren atzetik. Hain zuzen, 1927ra arte Tolosarekin jokatu zuen. Polemikaz jositako fitxaketa izan zen, artean Tolosaren eta Realaren arteko lehia estua baitzen. Langararen idolo nagusia zen Cholin, eta hura han zen bitartean askorik jokatuko ez zuela pentsatuta, uko egin zion Realarekin jokatzeari.

Oviedon, izar

Azkenean Oviedorekin egin zuen profesional mailarako saltoa. 1930. urte amaieran, Antonio Subijana enpresa-gizona Langarak lan egiten zuen kotoi-fabrikako nagusiaren semea Asturiasko hiriburura joana zen negozio bisita bat egitera. Bere bezero onenetako bat Luis Botas zen, Real Oviedoren zuzendaritza taldeko kidea, eta hari egin zion eskaintza.

Abenduaren lehenean sinatu zuten kontratua. 3.000 pezeta jaso zituen Tolosak trukean; beste 4.000 Langarak berak. Amari eman zion dirua, hau zeharo beldurtzeraino: «Baina, Isidro, zer egin duzu!». Banketxe batean lapurreta egin zuela pentsatu zuen. Hilabeteko soldata 800 pezetakoa zen.

«Jokalaria behartuta dago, bere gaitasunak kontutan hartuta, jokatzera klub honen alde modu eraginkor eta egokienean». Sinatutako kontratuaren lehen puntua aise bete zuen. Oviedoko ikur bihurtu zen Langara han jokatu zuen sei urteetan. Partidaz partida handituz joan zen haren izen ona, aurkariek, jokatzen ikusten zuten zaleek eta kazetarien kontakizunek hauspotuta.

Bi egun beranduago iritsi zen Oviedora, trenez, trajea eta txapela jantzita zituela. Geltokira heldu orduko entrenatzera joan zen. Garaiko kronikek diote Oscar atezainak eskuetako minez amaitu zuela entrenamendua, bere jaurtiketek «sekula ikusi gabeko indarra» zutelako. Abenduaren 7an egin zuen debuta asturiarrekin, Bigarren Mailan, bera fitxatu nahian ibili zen Atletico Madrilen aurka. 4-1 nagusitu ziren, eta pasaitarrak bi aldiz zulatu zuen madrildarren atea. Denboraldi hartan, 15 gol egin zituen, 18 partidatan. Hurrengo denboraldian, berriz, jokatu zituen 16 norgehiagoketan 22 sartu zituen. 1932-33 denboraldian Lehen Mailara igotzea lortu zuen; Langarak 24 aldiz bidali zuen baloia sareetara sasoi hartan.

Gol zaparrada hark Espainiako selekzioaren deia jasotzeko balio izan zion. Oviedoren zelai berria inauguratzeko lagunarteko partida jokatu zuten Espainiak eta Jugoslaviak, eta Isidrok bi gol horietako bat bat lortu zuen. Gerora beste hamaika neurketa baino ez zituen jokatu Espainiaren elastikoarekin, baina partida horietan 17 gol eginda, selekzioarekin jokatutako partida bakoitzeko lortutako gol kopuruaren bataz besteko onena duen jokalaria da.

Tartean, 1934ko Italiako Munduko Kopa jokatu zuen. Aurre-kanporaketako bi neurketetan zazpi gol sartu zizkion Portugali; eta Brasilen aurkako lehen kanporaketan bi sartu zituen. Etxeko taldeak kanporatu zuen Espainia, Langara min hartuta zegoela, baina hala ere, txapelketako aurrelari onenaren izendapena jaso zuen. Itzuleran, Errepublikako Alcala Zamora presidenteak Kirol Merituaren domina eman zien jokalariei.

Italiatik bueltan, hiru denboraldi egin zituen Oviedorekin, Lehen Mailan. Talde asturiarraren urrezko aroa izan zen, bi aldiz hirugarren postuan amaitu baitzuen liga. Hiru denboraldi horietan ligako golegile nagusi izan zen Langara: 1933-34 denboraldian 26 gol sartu zituen 18 neurketetan; gol bat gehiago sartu zuen hurrengo denboraldian, 22 partida jokatu ostean; eta 1935-36 denboraldian lortu zuen bere markarik onena: 28 gol sartu zituen. Hiru aldiz jarraian Pitxitxiizatea Zarrak, Quinik, Hugo Sanchezek eta Messik baino ez dute lortu.

Garai hartakoa da oraindik puskatu ez den beste marka bat: hiru hat-trick lortu zituen jarraian. 1934-35 denboraldian izan zen. 9, 10 eta 11. jardunaldietan, hiruna gol egin zizkien Atletico Madril eta Valentziari, eta lau Españoli. Cristiano Ronaldo eta Messi bera marka berdintzeko zorian izan ziren arren, ez zuten Langararen marka berdintzerik izan.

Preso eta gordeta egotetik, munduari bira ematera

Bartzelonarekin fitxaketa hitzartua zuenean lehertu zen Espainiako Gerra, 1936. urtean. Taldeak desegin eta liga bertan behera geratu zen. Errepublikanoen bandoarekin borrokatu zuen, baina komunikabide batek argitaratutako informazio faltsuak tarteko, atxilo hartu zuten gero, faxisten aldekoa zelakoan.

Isidro ez zen soldaduskara joan, baina egin zuela frogatzeko lagun batzuekin argazki bat atera zuen, fusil bat eskuetan zuela. Argazki hori erabili zuten beranduago faxista zela argudiatzeko. Andoaingo EAJko lagunek, giltzapean zegoela ohartutakoan, aska zezaten tramiteak egin zituzten. Handik ateratakoan, hilabetez Bilboko taberna batean ezkutatuta egon zen, Iturralde Gonzalez epaile izandakoaren aitonarenean, zehazki. Fusilatua izan zela ere zabaldu zen.

Faxistak Bilbo setiatzen ari ziren bitartean, Jose Antonio Agirre lehendakariak Euskadiren erresistentziarako hainbat egitasmo jarri zituen martxan, tartean Euskal Selekzioaren sorrera. Euskal futbolari onenak bildu zituen talde batean, Pedro Vallana, Getxoko Arenas taldeko entrenatzailearen esanetara. Han ziren, besteak beste, Pedro Areso, Jose Mugerza, Pedro eta Luis Regueiro, Angel Zubieta, Jose Iraragorri, Jose Manuel Urkiola edo Guillermo Gorostiza, besteak beste. Langara zen taldeko erreferenteetako bat. Nazioarteko bira batean lagunarteko partidak jokatuz, Euskadiren aldeko propaganda egin eta erresistentziarako dirua biltzea zen talde haren xedea.

Gernikako bonbardaketaren bezperan egin zuen debuta Euskal Selekzioak, Frantziako hiriburuan Parisko Racing taldeari 0-3 irabaziz. Langarak sartu zituen hiru golak. Frantziarrek kontratua eskaini zieten Langarari eta Luis Regueirori, baina selekzioaren batasunari eutsi nahian, uko egin zioten. Gerora jakin zen faxistak Frantzian sartu zirenean klub horretako kide guztiak fusilatu zituztela judutarrak, errepublikazaleak eta komunistak izatea leporatuta.

1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ostean, Europan barrena birarekin jarraitu zuten euskaldunek. Helburua baina, biziraupena ziurtatzea bihurtu zen. Txekiar errepublika, SESB, Polonia, Norvegia edota Danimarkan jokatu zuten. Ospe handia lortu zuen selekzioak: «Jokalari onenen talde» gisa aurkezten zuten eta estadio osoak jendez betetzen zituzten.

Bilbo erori zenean, ordea, Le Havren itsasontzia hartu eta Ameriketara erbesteratu zen ia talde osoa. New Yorken eta Habanan partidak jokatu zituzten, Mexikora iritsi aurretik. Francoren Espainiak FIFAri presioa egin zion, ordea, euskal selekzioak jokatzeari utz ziezaion. Ondorioz, beste bide bati heldu zioten euskaldunek, eta Angel Urraza enpresariaren laguntzaz, Mexikoko ligan eman zuten izena, Club Deportivo Euzkadi izenpean. Bigarren postua eskuratu zuten euskaldunek, azken jardunaldira arte Asturiasko erbesteratuen taldearen aurka txapelketa lehiatzen ibili eta gero. Langara izan zen, berriro ere, gol gehien sartu zituen jokalaria.

Argentinan eta Mexikon ere golegile

Gerra amaitua zen denboraldia bukatzerako. Taldea desegin, emandako zerbitzuagatik 10.000 pezeta kobratu eta norbere bidea jarraitzeari ekin zioten jokalariek. Batzuk Euskal Herrira itzuli ziren, baina gehienek Ameriketan jarraitu zuten. Huraxe izan zen Langararen kasua. Argentinako San Lorenzo de Almagro taldera joan zen, eta bidaide izan zituen Zubieta, Iraragorri eta Alonso taldekideak.

1939ko maiatzaren 21ean, hegazkinez iritsi zen egun berean egin zuen debuta. Ordura arte menderaezina zen River Plate taldeari lau gol sartu eta zaleen idolo bihurtu zen lehen egunetik. Denboraldia hasita zegoenean iritsi izanagatik ere, ligako goleatzaile nagusia izan zen, 35 gol eginda. Baita hurrengo sasoian ere, 34 tantorekin. Modu horretara, hiru herrialde ezberdinetan Pitxitxi izan zen lehen jokalaria izan zen. Neurketetako batean, gainera, zazpi gol sartu zituen, Argentinan partida batean inork sekula lortu duen gol kopururik altuena.

Lau urteren ondoren, Mexikora itzuli zen, Club Deportivo Españarekin hiru denboraldiz jokatzeko. Liga eta Kopa irabazi zituen.

1946. urtean erbesteari amaiera eman eta Oviedora itzuli zen. Hainbestekoa izan zen ikusmina, non trenak Asturiasko hiriburua baino bi kilometro lehenago zegoen Colloto herrian geratu behar izan zuen. Erretiratu aurretik azken denboraldi bat jokatu zuen Mexikon.

Entrenatzaile ere izan zen denbora tarte betez. 1950. urtean Txileko Union Española taldeko prestatzaile izan zen; 1953an Puebla mexikarrarekin Kopa irabazi zuen; San Lorenzo de Almagron ere egin zuen urtebete, futbola erabat alboratu zuen arte. Ordutik, Mexikon bizi izan zen, han martxan jarritako negozioak tarteko.

Urtean hilabetez Andoainera itzultzen bazen ere, 90eko hamarkadaren hasierara arte ez zen bertan gelditzeko bueltatu. Han egin zituen azken urteak, Alzheimerraren ondorioz, 1992ko abuztuaren 21ean hil zen arte.

Isidro Langara Galarragaren argia ez dute estali milaka jokalari entzutetsuk, ia 80 urteren ondoren, hark utzitako marka batzuk ez baitira gainditu oraindik. Futbolaren Historia eta Estatistikako Nazioarteko Federazioak ere historiako goleatzaile onenen artean sartu zuen 2017. urtean. Tolosatik izarretaraino.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!