Valladolid, 90 urteren ondoren

Mikel Iraola 2019ko abe. 15a, 05:59

Tolosak Ligako bi neurketa jokatu zituen Valladoliden aurka 1929. urtean, orain arte elkarren aurka jokatutako bakarrak. Efemeride hark utzi zituen hainbat bitxikeria.

Abenduaren 18a egun historikoa izango da Tolosarentzat. Errege Kopako lehen txanda jokatuko du talde urdinak, azaroaren 13an Pontellasen aurka kanporaketa gainditzea lortu eta gero. Eta sari hori gutxi balitz, lehen mailako talde bat izango du arerio: Valladolid.

Asteazkenekoa, ordea, ez da izango bi taldeek elkarren aurka lehiatuko duten lehen aldia, hirugarrena baizik. Izan ere, eta bi klubek egun bizi duten errealitatea ikusirik pentsaezina badirudi ere, ligan maila berean jokatutakoak dira: Bigarren Mailan.

1928-29 denboraldian izan zen. Baina urte hartako lehiaketa sistemak ez zuen egungoaren antzekotasun handirik. Hamar taldeko bi multzok osatzen zuten Zilarrezko Maila: A multzoa zen hurrenkeran Lehen Mailaren ondorengoa; B multzoa, berriz, denboraldi horretan soilik existitu zen, hurrengo sasoirako sortu baitzen Hirugarren Maila.

B multzo horretan lehiatu ziren Tolosa artean Tolosa Football Club deitura zuen oraindik eta Real Valladolid Deportivo; Leongo Cultural, Murtzia, Castello, Gimnastica Torrelavega, Zaragoza, Osasuna, Barakaldo eta Cartagena izan ziren gainerako taldeak. Txapelketa ofizial batean lehiatzen zen lehen urtea zen Valladolidentzat, talde sortu berria baitzen. Aldiz, zazpi urte lehenago eratua zen Tolosa, 1922an.

Bigarren jardunaldian jokatu zuten elkarren aurkako lehen norgehiagoka, 1929ko otsailaren 4an, Zorrilla Pasealekua futbol zelaian. Gabarain, Muñagorri, Carreras, Eugenio, Larramendi, Arana, Urretabizkaia, Intxausti, Avenzo, Iguaran eta Cenzano izan ziren tolosarren hasierako hamaikakoan. 3-0 nagusitu zen Pucelako taldea, Quiroga, San Miguel eta Lopezen golei esker. Eta, hain zuzen, Tolosaren aurkako huraxe da Valladolidek bere historian partida ofizial batean lortu zuen lehen garaipena.

Urte bereko maiatzaren 12an jokatu zuten bigarren neurketa, Berazubi Estadioan. Berriro ere Valladolid izan zen nagusi, 2-3ko emaitzarekin. Garaiko kronikek kontatzen dutenez, ordea, joanekoan ikusitakoarekin alderatuta, oso bestelakoa izan zen: «Emozio handiko partida, oso lehiatua». Izan ere, 0-2 aurreratu ziren gaztelarrak, baina Eugeniok markagailua berdintzea lortu zuen, bi gol eginda. Evaristo San Miguelek egin zuen 2-3koa.

Hirugarren mailara

Tolosak zortzigarren amaitu zuen denboraldi hura, bost garaipen lortuta: Barakaldo (5-1), Cartagena (1-0), Castello (3-2), Leongo Cultural (4-1) eta Gimnastica Torrelavegaren (7-1) aurkakoak, guztiak Berazubin. Valladolid, berriz, seigarren izan zen, tolosarrek baino zazpi puntu gehiago eskuratuta.

Hala ere, lehiaketa sistemaren berregituraketaren ondorioz, bi taldeak Hirugarren Mailara jaitsi ziren. Harrezkero ez dute elkarren aurka jokatu, lurraldeka banatu baitzituzten taldeak. Tolosari III. multzoa egokitu zitzaion, Osasuna, Pasaiako Lagun Ederrak, Izarra Beti Aurrera eta Club Deportivo Esperanzarekin batera. 1930. urte horretan fitxatu zuen Tolosak datozen orrialdeetako protagonista: Isidro Langara.

Efemerideak efemeride, oso bestelakoa izango da asteazkenean Tolosak eta Valladolidek lehiatuko duten hirugarren neurketa. Baina, ezbairik gabe, mugarri izango da bi taldeen historian, 1929ko biak izan ziren bezalaxe. 

Real Valladolid 3 - Tolosa Football Club 0

Data: 1929/02/04.

Lekua: Zorrilla Pasealekua estadioa (Valladolid)

Epailea: Balaguer.

Golak: 1-0, Quiroga (42. min). 2-0, Perico San Miguel (50. min). 3-0, Pablo Lopez (daturik gabe).

Hamaikakoak:

Tolosa:Gabarain, Muñagorri, Carreras, Eugenio, Larramendi, Arana, Urretabizkaia, Intxausti, Avenzo, Iguaran, Cenzano.

Real Valladolid:Castro, Foyaca, Pablo Lopez, Jose Martin, Quiroga, Garrote, Sarralde, Sainz, Evaristo San Miguel, Pombo, Perico San Miguel.

Tolosa Football Club 2 - Real Valladolid 3

Data: 1929/05/12.

Lekua: Berazubi.

Epailea: Saracho.

Golak: 0-1, Pablo Lopez. 0-2, Pablo Lopez. 1-2, Eugenio. 2-2, Eugenio. 2-3, Evaristo San Miguel.

Hamaikakoak:

Tolosa:Insausti, Larramendi, Eugenio, Larramendi II, Arana, Alonso, Urretabizkaia, Cenzano, Carreras, Arrillaga, Gabarain.

Real Valladolid:Castro; Jesus Pombo, Jose Martin, Foyaca, Alcantara, Enrique Perez, Evaristo San Miguel, Jose Felipe Pombo, Pedro San Miguel, Pablo Lopez, Quiroga.

1928-1929ko sailkapena

1. Leongo Cultural

2. Real Murtzia FC

3. CD Castelló

4. Gimnastica Torrelavega

5. Zaragoza CD

6. Real Valladolid

7. Atletico Osasuna

8. Tolosa FC

9. Baracaldo FC

10. Cartagena FC

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!