"Estaltzen diren errealitate puskak azaltzen dituen istorioa da"

Jon Miranda/Irati Saizar 2019ko abe. 14a, 05:59

«Geruza ezberdinak» dituen egungo istorio bat kontatu nahi izan dute Ugarte eta Larretxek, 'Joana Maiz' nobela grafikoan; Ugarteren hitzei irudiak jarri dizkio Larratxek, eta dagoeneko eskuragai dago liburua dendetan.

Erresistentzian oinarritutako nobela grafiko baten egileak dira Yurre Ugarte tolosarra eta Joseba Larratxe irundarra. Joana Maiz nobela kaleratu dute, eta erresistentzia jarrera askatzaile bezala duten protagonistak ageri dira bertan.

Liburua kaleratu berritan, lehen inpresioak jaso dituzue?

Yurre Ugarte:Oraingoz pozik nagoela esan besterik ez daukat. Oso feedback ona ari gara jasotzen, iritzi ezberdinak jende oso ezberdinarenak. Lan pila bat egin dugu, urteak izan dira proiektua aurrera ateratzeko ahaleginak egiten, eta azkenean, kalean dago, bi hizkuntzetan, eta gustura gaude emaitzarekin.

Hamaika lan egin dituzu, Yurre, eta tartean, komiki bat ere bai, 'Katua hegoduna' izenekoa, 2014an kaleratu zenuen.

Y. U.:Zaure argitaletxearen enkargu bat izan zen. 25 orrialdeko komiki bat da. Istorioan katu bat eta museo bat agertzeko eskatu ziguten. Nik istorioa asmatu, eta Joseba Larratxek marraztu zuen komikia. Horixe izan zen gure lehen elkarlana. Gero, Xabiroi aldizkarirako 8 orrialdeko komiki bat egin genuen.

Eta orain, 'Joana Maiz' argitaratu duzu, berriro ere Joseba Larratxerekin.

Y. U.: Josevisky marrazkilari trebea eta trebea bezain pertsona aparta da. Bere eskuaren bitartez nik idatzitako istorioa paperean irakur-begiratu-ikus daiteke, eta ni zorionekoa naiz.

Nolakoa izan da liburuaren sorkuntza prozesua?

Y. U.:Beste proiektu batetik gatoz. Zientzia fikziozko proiektu bat neukan aurrera eramateko, eta Josebarekin elkartu nintzen, hura egiteko. Dimentsio handiko proiektu bat zen, dedikazio handikoa. Argitaletxeek, eskaintzen zizkiguten kontratuak, ordea, oso eskasak ziren eta guk egunero bizi behar dugu. Azkenean, proiektua Joana Maiz bilakatu zen. Aurreko proiektua alde batera utzi eta zerbait egingarriagoa egitea pentsatu genuen. Horrela hasi ginen.

Joseba Larratxe:Ikusten genuen, komiki mardul bat edo nobela grafiko bat egin nahi bagenuen, gure agendetan sartu behar genituela. Yurre eta biok profesionalak gara eta zaila egiten zitzaigun horrelako proiektu bat gure denbora librean aurrera ateratzea. Edo behar bezala ordainduta gure agendan sartu edo bestela ez genuen lortuko aurrera ateratzea. Yurreri istorio hurbilago hau bururatu zitzaion, motzagoa izan zitekeena, beraz, egingarriagoa.

Y. U.: Aldi berean, horrek ez dio inolako erakargarritasunik eta interesik kentzen proiektuari. Nik idatzi nahi nuen istorioa idatzi dut, geruza ezberdinak dituen istorio bat kontatu nahi nuen, gaurko errealitatean kokatua. Nik uste, gaur egungo gazte askorentzat identifikagarriak izan litezken egoerak agertzen dituela. Askotan estali egiten diren errealitate puskak azaltzen dituen istorio bat nahi nuen. Nik irakurtzen ditudan liburuetan, bai komikigintzan eta baita literaturan ere, gutxitan ikusten ditudan istorioak azaldu nahi izan ditut.

J. L.:Are gehiago, nik esango nuke komikia proiektuz aldatu genuenetik, Joana Maizek baduela niretzat aparteko interes bat, aurreko zientzia fikziozko komikiak ez zuena, bere berezitasuna. Askotan, komikietan pentsatzen dugunean, genero fantastikoa edo zientzia fikzioa datozkigu burura, baina hau komiki errealista bat da, gaur egun girotua, eta hori niretzako plus bat zen, ez baitzait suertatu horrelako komikiak marrazteko aukera gehiegirik.

Gaur egungo errealitatean kokatuta dagoela diozue eta geografikoki ere leku zehatzak ageri dira.

J. L.:Bai, Bilbo eta Irunen artean kokatuta dago. Kokalekuen aukeraketa Yurreren kontua da, baina marrazkilari bezala, niretzako ere ariketa interesgarria izan da. Aukera ematen dizu, zineman bezala, lokalizazioak bilatzeko. Orduan, Yurre eta biok Bilbon zein Irunen ibili gara kale jakin batzuen bila, argazkiak ateratzen eta dokumentatzen.

Y. U.: Gero Josebaren esku dago nola azaldu agertoki horiek. Hor meritua Josebarena da. Erakargarri egin ditu itxuraz, leku ez hain erakargarriak, ezlekuak direnak.

J. L.:Ezlekuak aurrerapenaren albo kalteak dira. Eta gaurko paisaia ezlekuz beterik dago. Protagonistetako bat oasi berde batean bizi da, asfaltoz inguraturik. Trenbidea, errepidea, industriagune bat ditu inguruan; ezlekuz inguratutako azkenengo lekutxo batean bizi da.

Y. U.:Horri eusten dio hain justu. Izan ere, leku horretan duela 70 urte bere amaren baserria zegoen. Auzo osoa eraitsi zuten autobidea eraikitzeko, eta orain, hortik kaleratu nahi dute, oasi berde hori ezabatu nahi diote, AHT hortik pasako delako.

Etxe horretan bizi da Lauren, bere semearekin. Liburuko protagonista nagusia, ordea, Joana Maiz da, casting zuzendari bilbotar bat.

Y. U.:Atzerrian bizi izan den milenial bat da Joana Maiz. Arrakasta izan eta hondoa jotzen duenean etxera bueltatzen da. Zerotik hastekotan denean erabaki batzuk hartzen ditu, eta erabaki horien artean, castingean baztertu duen pertsona bat berreskuratzea da bere lehendabiziko erabakia. Hor, Laurenekin egiten du topo, desjabetua izatekoa den atso batekin. Hortik aurrera komikia hasten da.

Euskal Herriari buruzko dokumental bat egiteko lana du Joanak, eta gauzak aldrebestu egiten zaizkio tartean.

Y. U.:Oztopoak daude bai. Botereaz hitz egiten dugu, beti izan dugun botere maskulinoaz, egoak ere hor daude, eta erabakiak ere ageri dira. Zein dokumental osatu nahi duen, zer transmititu diguten eta zer ez, hortik doa gauza.

J. L.: Joanari enkargua iristen zaio Euskal Herriari buruzko dokumental bat egiteko, eta iristen zaion gidoia Euskal Herriaren historia kanonikoari buruzkoa da: apaizak, soldaduak, jeneralak eta gizon garrantzitsuak. Joanak, ordea, desjabetua izango den atso horretan beste bide bat ikusten du, kontatua izan ez den historia bat. Gero, liburuaren atzealdean Yurrek aipatzen duen bezala, erresistentziaren afera sartzen da, nola bi protagonista emakume hauek, nahiz eta oso toki ezberdinetatik etorri, erresistenteak diren. Laurenek betidanik iraun behar izan du bizitzan, eta Joanari orain arte dena ondo joan zaio, baina bat-batean bere burua erresistentzia ariketa horretan jarri beharrean ikusten da; Laurenengan inspirazio iturri bat topatzen du.

Y. U.: Joanak lehen aldiz egin behar dio aurre botereari, besteen eta bere egoari, eta inoiz bizi izan ez dituen egoerak pilatzen zaizkio. Horrek atzera begira jartzea eragiten dio, eta bere bizitza kontatzen du apur bat. Konturatzen da, ordura arte zer transmititu zaion eta zer ez. Zer daki bere amonez, bere iraganaz? Hor konturatzen da zein garrantzitsua den zer transmititzen duzun. Liburuaren hasieran aipu bat jarri dugu, eta azpimarratzen dugu hor zein garrantzitsua den zuk zeuk erabakitzea zer fikzio bizi nahi duzun.

«Ekintza magikorik handiena zure fikzio propioan biziko zaren ala ez erabakitzea da». Aipu horixe jarri duzue.

Y. U.: Zuk zeuk ez baduzu erabakitzen zer bizitza bizi nahi duzun, beste batek erabakiko du zuregatik. Eta liburuan bi emakume daude. Ikus daiteke Laurenek, orain arte, erabaki batzuk hartu dituela erresistentziari lotuta daudenak, eta Joanak atso horrengan ikusten du orain bere ifrentzua.

Hor sustraitutako bizitza batzuk dira, eta heldu egiten diote horri. Zuhaitz bat ere agertzen da horren sinbolo bezala, baita irudi asko ere.

Y. U.:Irudi asko daude ikonoak direnak, hitzik ere behar ez dutenak, baina gure istorioarekin erabat lotuta daudenak eta gure istorioaz hitzek baino gehiago esaten dutenak.

J. L.: Joanak bere dokumentala egiteko iruditeria bat biltzen du: kamera Polaroid batekin argazkiak ateratzen ditu eta bere estudioko hormetan itsasten ditu. Pareta hori ikonografia txertatzeko probestu dugu. Askotan hitzekin transmititu ezin dituzun gauza batzuk irudiekin transmititu daitezkeelako. Agian, guk ere oso ondo ulertzen ez ditugun sentsazio batzuk irudien bidez jendearengan iradoki ahal ditugu.

Irudiez gain, animaliak ere ageri dira. Fisionomiaren inguruko gogoeta oso bat ere badago, ezta?

Y. U.:Pertsonaiak berak fisionomiarekiko zaletasuna dauka, eta garatu egin du. Garatu, trebatu eta findu egin du, zeren, pertsona bat ikusten duenean, pertsona horretan animalia bat ikusten amaitzen du.

Horrek lana erraztu dizu Joseba?

J. L.:Ez dakit erraztu edo zaildu, baina dibertigarria izan da. Pertsonaiaren aurpegiera animalia batekin konparatu dugu: esaterako, sudur handia arrano batekin, begi txikiak sator batekin... Nire ustez polita da horrelako errekurtsoak erabiltzea, kontuan hartuz komiki batean horrelako gauzak egin daitezkeela. Adibidez, film batean horrelako transformazioak egiten jarriko bagina, efektu berezietarako sekulako dirutza beharko genuke. Aldiz, komikietan erraza eta naturala gertatzen da. Gustatzen zait horrelako gauzak sartzea.

Y. U.: Gainera, lotuta doaz pertsonaiaren izaerarekin. Orduan, zentzua duen gauza bat da.

Bide batez, zuen biografiaren berri eman duzuenean, bi animalia jarri dituzue: delfina Yurrek eta dortoka Josebak. Zergatik?

Y. U.:Editoreari okurritu zitzaion gure aurpegietan Polaroid argazkiak jartzea, animalia batzuekin. Eta konturatu nintzen ur azpiko animaliarik ez genuela jarri.

J. L.:Hain zuzen ere komikian ibaiek badute esanahi sinboliko bat, eta bazuen zentzua uretako animaliak jartzeak gure irudikatzaile bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!