Abeltzantza sustatzeko ur depositu berritzailea eraikiko dute Urkizun

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 13a, 11:34

Tolosako Udalak, abeltzainek eta Itelazpik hitzarmena sinatu dute aste honetan, Urkizuko abeltzainen bizi kalitatea hobetu, eta haien beharrei erantzuteko.

Abeltzainek egindako eskaerari erantzunez, Urkizu auzoko antenan ur depositua eraikiko dute, euri urak aprobetxatuz. Hala jakinarazi du Tolosako Udalak, Itelazpirekin eta abeltzainekin hitzarmena sinatu eta gero. Batetik, "landa eremuko ekonomia sustatzen jarraitzeko" proiektua dela nabarmendu dute eta, era berean, klima aldaketari aurre egiteko neurria ere badela deposituarena.

Abeltzaintza eremu ahalik eta estentsiboenak izatea ingurumenarentzat onuragarritzat jo du udalak, eta bide horretan garatu dituztela azken hobekuntzak: besteak beste, antenara iristeko bide berria eraiki dute, eta larreetara irisgarritasuna hobetu egin da. Gaur egun, bost baserritako 100 abelburu ibiltzen dira bertan.

Kontua da, ur falta dela eremu horretako arazo azpimarragarriena, izan ere, abeltzainek traktoreekin garraiatu behar izaten dituzte ur bidoiak, larreetan erabili ahal izateko.

Horrela, beraz, Artegietako antenako sabaian biltzen den euri ura baliatuz, depositua egingo dute datozen hilabeteotan; zisternen bidez ere bete ahal izango da depositua, eta azpiegiturako ura hodien bidez helaraziko dute larreetara.

Proiektua "erabat berritzailea" dela azaldu du Tolosako Udalak, sekula ez baita antena baten sabaia baliatu, ura biltzeko. Bide horretan, egitasmoak klima aldaketari begira eman beharreko pausoei ere heltzen diela uste dute: abeltzainek ez dituzte traktorean hainbeste joan-etorri egin beharko, eta horrek gasen isuria murriztuko du. Gainera, aurreikuspenen arabera, datozen urteetan euri gutxiago baina indartsuago egingo duenez, depositu berria ezin egokiagoa izango da hori bildu eta gero erabiltzeko.

Tolomendiren laguntza

Hitzartu berri dutenaren arabera, Tolosako Udalak proiektuaren erdia finantzatuko du, eta obra ere bere eskumenekoa izango da; aurrekontuaren gainerako %50 Tolomendik ordainduko du.

Itelazpiren ardura, berriz, antenako azpiegituran pilatzen den ura biltzea izango da, eta hodi horien bidez lareetara iristeko sistema egokitzea eta finantzatzea.

Azkenik, abeltzainek 30 urtez utziko dute depositua eraikitzeko lurra udalaren esku, eta beraiek deposituaren mantenuaz eta ura beren lursailetara bideratzeko azpiegituraz arduratuko dira.

Aipatzekoa da, paisaian ahalik eta gutxien eragiteko, deposituaren zati bat lurperatua egongo dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!