"Ilusioan ez gaituzte irabaziko"

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 13a, 15:59

Errege Kopako partida historikoa jokatuko du Tolosa CF-k Valladoliden aurka datorren asteazkenean, Berazubi futbol zelaian. 1.700 pertsona inguru elkartzea espero dute taldea animatzeko.

Valladoliden aurkako kanporaketa abenduaren 18an jokatuko dute, 18:00etan. Mikel Arruabarrena kirol zuzendariak prentsa agerraldian azaldu duenez, "lanketa gutxi egin dugu Valladolid nola jokatzen duen ikusteko. Lehen Mailako talde bat da, eta urte on bat egiten ari dira. Gu errealistak gara eta badakigu alde handia dagoela talde batetik bestera, baino beste gauza batzuekin egingo diogu aurre". Arruabarrenak gogora ekarri du Bigarren B mailan jokatzen zuenean Lehen Mailako talde bat kanporatu izana: "Kanporaketak egiteko antolaketa hau erabili zen aurretik, hau da, talde txikien etxean talde handiak jokatzearena, eta susto batzuk izan ziren. Beraz, garrantzitsuena da ilusioz jokatzea, eta zergatik ez lehiatu eta aurrera egitea". Jokalariei partidan gozatzeko esaten die Arruabarrenak: "Baliteke bizitzan behin bakarrik horrelako partida bat jokatzea. Beraz, jokatzen dutenek ahal duten guztia eman dezatela". Euskal Herriko Hirugarren mailako edozein taldek horrelako partida bat jokatu nahi izango lukeela gaineratu du Arruabarrenak.

Ander Avellaneda entrenatzaileak garbi du futbol partida bat izan arren, Lehen Mailako talde baten aurka jokatuko dutela, eta teknikoki eta fisikoki maila handiagoa dutela. "Hori bai, ilusioan ez digute irabaziko. Normaltasuna emango diogu partidari, eta aldi berean kontuan hartu behar dugu jokalariak zein talde teknikoa pribilegiatu batzuk garela partida hau jokatzeagatik. Beraz, gozatu egin behar dugu ere partida hau". Partidaren inguruko erabaki zailena deialdia egitea izango dela esan du entrenatzaileak: "Ligan 18 jokalari sartzen dira deialdian, eta koparako 16 izan behar dira. Ikusi beharko dugu igandeko partidaren ondoren jokalariak nola dauden eta gero zentzuz jokatuko dugu erabakia hartzerakoan".

Ruben Garciak, taldeko kapitainetako batek, ere parte hartu du prentsaurrekoan, eta berak ere "oso pribilegiatuak" direla azaldu du: "Motibatuta gaude, eta zergatik ez partida on bat egin ondoren, gure aukerak izatea hurrengo errondara igarotzeko. Entrenatzaileak esan duen moduan, ilusioagatik ez gaituzte irabaziko. Hamaika hamaikaren aurka jokatuko dugu, eta dena ematera aterako gara".

Hainbat prestaketa

Iñigo Eraña futbol arloko lehendakariak azaldu duenez, zuzendaritzatik "ilusio handiz" bizitzen ari dira ere partida eta prestaketa guztia. "Guretzako partida historikoa da, eta ez dakigu noiz jokatuko dugun berriro Lehen Mailako talde baten aurka partida ofizial batean, eta gozatu nahi dugu egun horretaz. Helburu nagusia, hain justu, guk gozatzea eta zaleek gozatzea da". Avellanedak zaleei eskatu die animatzera joateko, eta egun hori "festa bat" izan behar duela. "Animatu dezatela eta gozatu dezatela bai partidan bertan, eta baita aurretik eta ondoren ere. Uste dut herriarentzat sari bat dela partida hau, eta zergatik ez denon artean gozatu".

Sarrerak "oso erritmo onean" saltzen ari direla diote. 650 eserleku inguru dituen harmailako sarrera guztiak agortu dira. Bestelako sarrerak, futbol zelaian inguruan atonduko den eremuan zutik egoteko dira. Aste honetan salgai daude bazkideentzat, eta astelehenean salgai jarriko dira nahi duten guztientzat. "Espero dugu 1.700 edo 1.800 pertsona joatea partidara", esan du Erañak. Zenbait gonbidatu berezi izatea ere erabaki dute, eta orain arte Tolosa CF-ko lehendakari izan diren guztiei gonbidapena egin diete zuzendaritzatik.

Partida jokatzeko zenbait aldaketa egin behar dituzte, Espainiako Federazioak hala eskatuta. "Garrantzitsuena ateak aldatzea izango da, Lehen Mailan erabiltzen diren ate homologatuak jartzeko", azaldu du Erañak. Bestalde, federaziotik segurtasun agenteak jartzea derrigortzen diete, eta futbol zelaiaren inguruko eremua hesituko dute.

Kamiseta berezi bat atera dute partida honetarako, eta taldeak aurrera egiten badu ere horixe erabiliko dute. "Tolosako irudia erakutsi nahi izan dugu, eta kamisetan Zerkausia eta Uzturre azaltzen dira", zehaztu du Erañak. Jokalariei bere izenarekin kamiseta bana oparituko zaio. Nahi duen guztiarentzat salgai jarriko dute ere. "Kamiseta oso polita geratu da, eta ikusita ze garaietan gauden uste dugu Eguberrietarako oso opari polita izan daitekeela". Partidan bertan jarriko dituzte salgai, eta hurrengo partidetan ere erosi ahalko dira.

Partida festa bat izatea nahi dutela esan dute. Txaranga bat izango da, eta aurreko kopako partidan bezala harmailetako taberna irekita egongo dela jakinarazi dute, eta horrez gain beste taberna bat irekiko dute futbol zelaiaren inguruan egongo direnentzat. Aurreko partidan egindako zozketak ere errepikatuko dituzte.

Aurreko kopako kanporaketak egin moduan, oraingoan ere ATARIA IRRATIAk zuzenean emango du partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!