"Eguberrietakoa izan arren, ez du zerikusirik bake eta maitasun ipuin batekin"

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2019ko abe. 12a, 19:58

Argazkia: Joseba Urretabizkaia

Haur baten Eguberrietako gorabeherak kontatzen dituen ‘Hugoren gaua’ ipuina egin dute Karlos Linazasoro idazleak eta Elena Arrese margolariak; abenduaren 20an aurkeztuko dute Tolosako udaletxean.

Karlos Linazasoro idazleak eta Elena Arrese margolariak Hugoren gaua ipuina argitaratu dute Xibarit argitaletxean, haur baten Eguberrietako gorabeherak jasoz, batek idatziz eta besteak marrazkien bidez. Bizitza osoa artearen munduan aritu bada ere, Elena Arreseren (Tolosa, 1966) lehen liburua da eta berarekin hitz egin dugu.

Nola sortu zen ipuina egitearen ideia?

Nire senarrak (Joseba Urretabizkaia) argazkiekin ilustratu nahi zuen Eguberrietako ipuin bat. Karlos Linazasoro idazle tolosarrari eskaini zion ideia. Ipuina idatzi zuen eta ez zekien nola sartu hor argazkiak, ezinezkoa iruditzen zitzaion. Ipuina pasa zidanean berehala ilustrazioak egiteko ideia asko etorri zitzaizkidan burura. Asko gustatu zitzaidan istorioa. Marrazkiren bat egin nuen eta asko gustatu zitzaion. Karlosi erakutsi eta hari ere bai. Orduan ilustrazio guztiak egiteari ekin nion.

Zenbat marrazki dira?

Eguberrietako ipuina eskatu zion Karlosi, inongo baldintzarik gabe, eta honek 25 esalditan idatzi zuen ipuina, banan bana zenbatuta. Esaldi bakoitzari marrazki bat egitea zela egokiena pentsatu nuen.  

Edukia ez dugu ezagutzera emango, baina zertzelada batzuk eman al ditzakezu? 

Eguberrietakoa izan arren, ez du zerikusirik bake eta maitasun ipuin batekin. Mendekua, justizia edo bihurrikeriatik gehiago dauka. Haur bat eta errege magoen arteko istorioa da. Tentsio atmosfera islatu nahi izan dut marrazkietan. Ipuinak interpretazio desberdinak bilatzeko aukera eman zidan. Bukaeran klik batek dena irekita uzten du, zuk nahi duzuna irudikatzeko, pentsatzeko. Horregatik ere gustatu zitzaidan. 

Protagonistaz zerbait esan dezakezu?

Hugo izeneko haur bat da. Marrazkietan Hugo guztiak desberdinak dira, eredu desberdinak hartu ditut. Irailetik azarora aritu naiz lanean honetan eta kalean zehar ikusten nituen adin horretako haurrak behatzen nituen gero marrazkietan islatzeko. Haurraren aurpegia edo espresioa ez da sekula ikusten marrazkietan, ezin da ezagutu. Haur zehatz bat ez dut agertu nahi izan, baizik eta haur neutrala. Gurasoak ere pare bat aldiz agertzen dira, baina desberdinak dira. Eta bere etxeak ere bai.

Eta non kokatu duzu istorioa?

Tolosan. Oso ipuin tolosarra da. Erosoena eta errazena zen niretzat, hemen bizi naizelako. Tolosako eraikin eta leku batzuk erraz identifika daitezke. 

Nori zuzenduta dago ipuina?

Adin guztietarako da. Eta bakoitzak irakurtzen duenaren bere interpretazioa egitea nahi nuke. 

Zein teknika erabili duzu lan honetan?

Betidanik teknika mistoa erabili izan dut: arkatzak, argizaria, akrilikoa, collage, paleta grafikoa… Hemen ere osagai desberdin asko erabili ditut, denak paperean eginak. 

Zein izan da zure formakuntza?

Tolosar asko bezala, Matxin Labaien izan zen nire lehen irakaslea. Eskolapioetako Aita Ruizekin ere aritu nintzen, larunbat goizetan doako klaseak ematen zizkigun. Eta handik aurrera nire kontura aritu naiz ikasten. 

Orain arte zure margolanak ikusteko aukera izan dugu Tolosan bertan. 

Bai, baina ez askotan. Pare bat erakusketa egin dut Aranburu jauregian, eta erakusketa kolektibo gehiagotan ere parte hartu izan dut, hemen eta kanpoan, eta behin Londonen ere bai. 

Liburu bat egitearen lehen esperientzia izan al da? 

Bai, liburu ilustratzaile gisa bai. Baina bizitza osoa artearen munduan daramat: Mitxoleta haur albumak eskuz margotzen, dekoraziorako muralak egiten… Azken hiru urte hauetan birziklatu egin naiz eta familiako enpresan lan egiteko formatzen aritu naiz, administrazioa eramateko. Baina margotzen jarraitzen dut eta hemendik aurrera pinturari denbora gehiago eskaintzeko asmoa daukat. Eta hortik aurrera zer egin ikusten joango naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!