Kultura oparitzeko bi bono izango dira aukeran, Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko abe. 12a, 11:58

Urtarriletik apirilera bitarteko kultur eskaintza aurkeztu dute; ikuskizun eszenikoek eta zuzeneko proiekzioek bonu bana izango dute, estreinakoz.

Urte hasiera tentagarri dator Tolosan, kultur zaleentzat. Udalak eta kultur eragileek aurkeztu dute urtarriletik apirilera bitarteko egitaraua eta, horrekin batera, Kulturzale txartel berriaren eskaintza ere iragarri dute. Estreinakoz, bi txartel izango dira aukeran: ikuskizun eszenikoei dagokiena bata, eta zuzeneko proiekzioei dagokiena bestea.

Egitaraua besapean duela, kultura oparitzera deitu ditu herritarrak, Izarne Iglesias Tolosako Udaleko Kultura, Gazteria eta Jaiak Saileko zinegotziak, kultur kontsumoa sustatzeko eta indartzeko duten nahiari fokua jarriz.

Hain justu, helburu horretara iristeko tresnetako bat da kultur txartela, eta bonu berriko jarduerak datorren urtarrilaren 3an hasiko dira. Ikuskizun eszenikoei dagokien Kulturzale txartelak Leidor aretoko zortzi emanalditarako eskaintza izango du, eta 50 euro ordaindu beharko da bonua; sarrerak banan-banan erosita baino 45 euro gutxiago. Opera eta balletaren zuzeneko proiekzioetarako bonuak, berriz, hiru saiotarako balioko du, 18 euroan.

Nola bata, hala bestea, eskuragarri daude dagoeneko, Tolosako kultur etxean, txartelarekin ordainduz.

LEIDOR, ZENTZUMEN GUZTIEI ZABALIK

Neguko programazioa aurkezteko hitzorduan parte hartu zuten, Leidor aretoan ariko diren hainbat artistak.

Besteak beste, Xabier Zeberio tolosarrak datorren urtarrilaren 3ko emanaldia «oso berezia» izango dela iragarri zuen. Alos Quartet taldearen 20. urteurrena ospatzeko hiru saioetako bat izango da Tolosakoa eta, urtemugak eskatzen duenaren neurrira, hainbat gonbidatu izango dituzte lagun, ibilbidearen errepasoa egiteko nahiz Lau azken diskoaren aurkezpena egiteko: «Urteotan gurekin lan egin duen jendea izango da, adibidez, Oreka TX, Izaro, Aukeran, Amaia Elizaran dantzari tolosarra edo Gorka Hermosa akordeoi jotzailea».

Haatik dantza konpainia ere bertaratuko da Leidorrera, urtarrilaren 24an, Errimak bi oinetan ikuskizuna taularatuz. Nerea Sorondo tolosarrak eta Unai Elizasuk azaldu zutenez, «lehenengoko sorpresa alde batera utzi, eta beste zerbait bilatu dugu, emanaldirako bertsoak sortuz eta bertsolarien bat-bateko bertso ezagunak musikatuz».

Dantzatik antzerkira, Txalo produkzioak konpainiaren Ene ba! antzezlana ikusgai izango da urtarrilaren 31n. Bost aktorek gorpuztuko dute «jendearen miseriekin barre egiteko» komedia frantziarra.

Erlauntzak ere jendearen eguneroko miseriak ditu hizpide, ezkondu aurreko agur festa batetik abiatuta. Iazko uztailean estreinatu zutenez geroztik, arrakastaz dihardute, eta martxoan izango dira Leidorren.

Azkenik, Kamerata Euskadivarius-ek Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena izango du ardatz. Urte osoa baliatuko dute, Gipuzkoan barrena Beethovenen 9 sinfoniak eskaintzeko, eta lehenengoa Tolosan izango da, kontzertu didaktiko batean. 

NEGUKO KULTUR EGITARAUA

Ikuskizun eszenikoak

Urtarrilak 3. Alos Quartet, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Urtarrilak 11. Goazen 6.0 musikala, 16:00etan eta 18:00etan, Leidorren.

Urtarrilak 17. Benito Lertxundi, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Urtarrilak 18. Ataria bertso jaialdia, 18:00etan, Leidorren.

Urtarrilak 24. Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Urtarrilak 31. Ene ba! antzezlana, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Otsailak 1. Ene Kantak, 16:30ean, Leidorren.

Otsailak 7. Circle of trust, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Otsailak 21. Ostiral meheko jaialdia, 22:30ean, Leidorren.

Otsailak 28. Faemino y Cansado 17 veces, 20:30ean, Leidorren.

Martxoak 6. Erlauntza, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Martxoak 7. Hansel eta Gretel haur antzerkia, 18:00etan, Topic-en.

Martxoak 13. Kamerata Euskadivarius ikusizuna, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Martxoak 14. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen Bizi dantza, Leidorren. Ordua zehazteke.

Martxoak 20. Zaldi urdina antzezlana, 20:30ean, Leidorren (BONUA).

Martxoak 27. El Rey Leon 2 musikala, Leidorren. Ordua zehazteko.

Apirilak 3. Tolosako Musika Bandaren kontzertua, Topic-en.

Apirilak 5. Irrien lagunak eta Aguraingo orkestra, Leidorren.

Zuzeneko proiekzioak

Urtarrilak 29. La Boheme opera, 20:45ean, Leidorren (BONUA).

Martxoak 17. Fidelio opera, 20:45ean, Leidorren (BONUA).

Apirilak 1. El lago de los cisnes balleta, 20:45ean, Leidorren (BONUA).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!