Goi mailako kirolariak

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 12a, 11:59

Espainiako Txapelketan maila handia erakutsi dute Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko kideek. Gorengo mailan lehiatzen diren kluben artean, iaz lortutako lehen maila mantentzea lortu dute.

Tolosa CF-ko gimnastika erritmikoko arloak emaitza bikainak lortu ditu aurtengo Espainiako txapelketetan, eta besteak beste, iaz lortutako lehen maila mantendu du. Lehen maila horretan 18 klub onenak daude, eta aurtengoan, gainera, bi modutara lortu dute kategoria mantentzea. Batetik, senior taldeak bere kabuz eutsi zion mailari, Espainiako Txapelketako sailkapen proban seigarren geratuz. Postu horrek gainera finala jokatzeko aukera eman zien eta bosgarren postua eskuratu zuten bertan Iratxe Martin, Anne Lezea, Saroi Eskisabel, Joane Zugasti eta Irati Xiaoyan Agirre gimnastek. Lehen mailan jarraitzeko beste aukera juniorrek lortu zuten.

Nerea Otaegi Tolosa CF-ko entrenatzaileak azaldu duenez, «juniorren lorpena izugarrizkoa izan da. Izan ere, junior mailan beren lehen estatu mailako txapelketa izan da. Iaz infantil mailan Espainiako Txapelketan brontzezko domina lortu zuten, eta beste urtebetez, podiumean mantendu eta gainera zilarrezko domina eskuratzea nabarmentzekoa da». Hain justu, sailkapen orokorrean bigarren postua lortu zuten, eta ondoren, finalean ere bigarren izan ziren. Lehenengo hiru postuen barruan geratu zirenez, lehen mailan aritzeko lekua bermatu zuten Tolosa CF-rentzat.

Ismene Agirre, Ane Alustiza, Onintza Sukia, Aitane Goikoetxea eta Mara Herrera gimnastek osatzen dute junior taldea. Hamalau eta hamahiru urte bitarte dituzte. Espainiako Txapelketako sailkapen orokorrean 50 talde inguruk parte hartu zuten, eta bi saio egin zituzten. Ismene Agirrek azaldu duenez, «lehenengo eguneko ariketa egin eta gero pozik atera ginen. Hirugarren postuan sailkatu ginen, eta bigarren eguneko ariketaren ondoren bigarren postua lortu genuen». Lehenengo egunean konplikazio bat izan zuten, Mara Herrerak gogora ekarri duenez: «Guk pentsatzen genuen dena ondo atera zela, baina entrenatzaileekin sofan eserita geundela ikusi genuen zintak korapiloa zuela, eta horrek postu bat beherago geratzea eragin zigun».

Finalerako sei sailkatzen ziren eta hor ere zilarrezko domina lortu zuten. «Ez genuen espero horrelako emaitzarik lortzea. Lehenengo urtea zen maila honetan lehiatzen ginela. Bagenekien maila handia zegoela eta gure helburua zen gozatzea eta gure lana erakustea. Ez da izan denboraldi erraza, eta gure asmoa zen ondo pasatzea eta ahal genuen ondoen egitea», esan du Ane Alustizak. «Nahiko denboraldi gogorra izan da, berritasunak izan direlako taldean, baina bukaeran sentsazio onekin eta gustura bukatu dugu, eta amaiera polita eman diogu», esan du Onintza Sukiak.

Astean hiru egunetan entrenatzen dute, bakoitzean hiru ordu, eta horrez gain asteburuetan ere entrenamenduak edo lehiaketak izaten dituzte. «Lehiatzera joaten garenean erakusten duguna ariketa da, beraz ariketa da gehien entrenatzen duguna, behin eta berriz errepikatzen duguna», esan du Aitane Goikoetxeak. «Denboraldi guztian egin duzun lana bi minutu eta erdian erakutsi behar duzu, eta ez bada zuk nahi duzun bezala ateratzen, kolpea hartzen duzu. Baina horrela da gimnastika erritmikoa».

Denboraldian lortutakoa begiratzean, bost gimnastek entrenatzaileen lana nabarmendu dute: «Azken finean beraiek dira lagundu digutenak, sariaren zati handi bat da beraiena, eta eskerrak eman nahi dizkiegu hau guztia posible egiteagatik». Infantilen eta lehen mailakoen denboraldia «txalotzekoa» dela gaineratu dute, eta familiei zein babesleei eskerrak eman dizkiete beraien laguntzagatik.

BALANTZE «EZIN HOBEA»

Gorengo mailan dauden senior eta junior taldeko emaitzez gain, oinarrizko mailan dauden infantilek Espainiako Txapelketa irabazi dute. Aroa Zugasti, Ane Barandiaran, Maite Iturrioz, Ahetze Olano, Saioa Zeberio eta June Bengoetxea dira bertako partaideak eta beren lehen Espainiako Txapelketa izan da maila horretan. «Eskola mailatik haragoko lehen pausoa oinarrizko maila da», azaldu du Otaegik. «Egungo junior eta lehen mailako taldeak ere maila horretan izan ziren, eta Espainiako bakarkako eta taldekako txapelketatik dominak leporatu dituzte. 2012 urtea izan zen tolosarren lehen aldia maila horretako txapelketa batean».

Infantil taldeak irailaren 21ean izan zuen maila horretako lehen txapelketa eta ordudanik ez dira lehen postutik jaitsi. «Erronka handia izan da sei gimnasta hauekin egindako lana, guztiak gogo handiz aritu dira lanean, gimnastak, entrenatzaileak eta familiak», esan du Otaegik. «Txikiak intentsitate handiz bizitu dituzte une guztiak eta emandako aurrerapausoak izugarriak izan dira».

Oinarrizko eta goi mailako taldeen emaitzak ikusita denboraldiko balantzea «ezin hobea» izan dela diote. «Izan ere, klubarentzat erronka handia izan da. Kontuan izan behar da, hasierak ez direla errazak, eta oinarrizko infantilak maila honetan berriak izanik lana bikoitza izan dela», esan du Sara Alonso entrenatzaileak. «Juniorrekin aurreko urteko emaitzak mantentzea zaila izan den arren, azkenean lortu da. Eta lehen mailako taldea izatea ohorea izanik, maila ematea zen helburu nagusia. Nola ez, beste behin lortu dute guztien artean, eta estatu mailan Tolosa CF lan onarekin lotzen da».

Bide batez, Alonsok seniorren dedikazioa nabarmendu du: «Aipatzekoa da gimnasta hauek beraien ikasketak entrenamenduekin bateratzen dituztela, unibertsitate ikasketak edota batxilergoan datorren ikasturteari begira beharrezko nota lortzeko ahaleginak eginez».

Txapelketetan lortutako emaitzez gain, lehen mailako taldeak Gipuzkoako Kirolgalan Gipuzkoarren Saria jaso berri du, herri bozketa bidez erabaki dena. «Sari honekin beraien esfortzua eta ibilbidea goraipatu da», esan dute klubetik. Bide batez eskerrak eman diote Gipuzkoako Federazioari beste urte betez hautagai bezala izendatzeagatik, eta aldundiari mota horretako sariak antolatzeagatik. «Eta nola ez, gimnasta eta entrenatzaileei guztia emateagatik. Ohore bat da klubeko eredu izatea».

Gimnastika erritmikoan Tolosa CF klub ertaina da, 150 gimnasta inguru izanik. Oinarrizko zein gorengo mailak nazioartekoa deritzon mailan daude. «Kontuan izan behar da, nazioarteko mailan Tolosa CF izan dela hasi den azken gipuzkoar kluba. Ordutik izandako emaitzak oso onak izan dira, eta aurtengoak ez dira gutxiago izan. Tolosa herri txikia da, eta lan gogorra da maila honetako gimnastak egitea», esan du Otaegik. «Horrez gain, azpiegiturak ere badu eragina. Estatu mailan parte hartzen duten klubek baldintza duinagoak dituzte, eta guk hemen ez dugu behar adina toki».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!