Sarah Ugartek hirugarren egin du Espainiakoan, txakur krosean

Imanol Garcia Landa 2019ko abe. 11a, 19:58

Lehenengo aldiz lehiatu da Espainiako Txapelketan eta podiumera igotzea lortu du tolosarrak.

Lehenengo denboraldia du Sarah Ugarte tolosarrak txakur krosetan, eta lur gaineko Espainiako Txapelketan hirugarren postua eskuratu du Kross txakurrarekin. Aurretik Espainiako Kopako bi lasterketetan parte hartu zuen, eta horietako batean hirugarren eta bestean laugarren egin zuen, baina bazekien txapelketan parte hartze zabalagoa izango zela eta maila handiagokoa. «Ez genuen espero hirugarren postua lortzea, eta oso pozik gaude emaitzarekin», esan du Ugartek.

Larunbatean zein igandean egin zituzten probak, egun bakoitzean lasterketa bat eginez. Lehen egunean 4,2 kilometroko ibilbidea zuten, eta bigarren egunean luzeagoa egitea egokitzen zitzaien, baina epaileek erabaki zuten aurreko eguneko berdina egitea. «Berez 6 kilometroko ibilbidea egin behar genuen, baina hezetasun handia zegoen, eta tenperatura 9-10 gradutakoa zen. Txakurrentzat hezetasun handiegia zegoela erabaki zuten epaileek eta motza egin genuen», esan du Ugartek. Lehenengo eguna bukatu eta gero hirugarren postuan zegoen eta igandekoan ere postu horri eutsi zion. «Minutu bat ateratzen genion laugarrenari igandeko proba baino lehen, baina behin ere ez dakizu zer gertatu daitekeen hurrengo egunean. Hasieran oso urduri nengoen, dena oso ondo ateratzea nahi genuelako, baina korrika hasi ginenean ikusi nuen erritmo ona geneukala eta horrela mantenduz gero, hirugarren postuari eutsiko geniola», esan du tolosarrak.

Denboraldia bukatzeko Nafarroako Kopako bi lasterketa eta Espainiako Kopako beste bi lasterketa falta zaizkio. Kopako lau lasterketekin eta Espainiako Txapelketarekin batez bestekoa egiten da, eta hiru lehenengoak datorren urtean Europako Txapelketara joango lirateke. «Europako Txapelketarako sailkatzea da gure helburua, eta hori lortzea sekulakoa izango litzateke», azaldu du Ugartek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!